461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Maitena Muruzabal. (Zinemagilea): Pertsonaietan oinarritzen den istorioa da Nevando Voy eta oso errealak izatea lortu dugu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Nerea Perez

Iruñekoa da Maitena Muruzabal. Gazte honek Nevando Voy opera primarekin sari mordoa eskuratu ditu. Los Angelesen aritu zen ikasten eta bertan ezagutu zuen Candela Figueira argentinarra; ordutik batera egiten dute lan. Cronopia Films izena jarri zioten elkarrekin sortutako ekoizpen–etxeari. Baina filmak idatzi, ekoiztu eta zuzentzeaz gain, Maitenak harreragile gisa egiten du lan Nafarroako hiriburuan. Zine munduan dabilen emakume gaztea zara. Bai, hala da. Ikus–entzunezko Komunikazio ikasketak egin nituen nire hirian, Iruñean, eta ondoren Amerikako Estatu Batuetara joan nintzen Film Ekoizpen ikasketak egitera, Los Angelesera hain zuzen ere. Konta iezaguzu, zer da ekoizpen lana egitea? Zineman ideia bat errealitatea bihurtzean datza. Hori egiteko gauzak eskuratzea beharrezkoa da, esate baterako dirua, jendea... Horretarako antolamendu handia behar da. Los Angelesi zinemaren Meka deitzen diote. Zure asmoak bete al ziren han? Egia esan bai. Ikasketei dagokienez, gehienetan gertatzen den bezala, klase batzuk oso onak ziren eta beste batzuk ez horrenbeste. Baina egia da han egonda nabaritzen dela zinemaren industria oso handia dela. Hemen jendea lantegietara joaten den bezala, han filmatzera joaten dira. Lan hori egiteko gogoa sartzen zaizu, eta norberaren iniziatiba sustatzen dela uste dut. Zer moduzko bizimodua zen hangoa? Iruñearekin alderatuta oso desberdina. Oso handia da, kotxearen beharra daukazu beti; nik paseatzea gogoko dut eta oso zaila da han. Baina konturatu naiz bakoitza bizitzen ari den momentu pertsonalarekin harremana duela sentsazio horrek. Hiriak ezberdinak dira, noski, baina askoz ere eragin handiagoa du bakoitzaren egoera emozionalak. Los Angelesen bi urtez bizi izan nintzen eta lehenengo etapan oso gustura egon nintzen arren, hurrengoa oso gaizki bizi izan nuen. Handik Mexikora abiatu zinen, ezta? Bai. Ikasketak amaitu nituenean lanerako baimena eman zidaten eta horren bitartez AEBko produkzioak ziren bi film grabatzera joan nintzen Mexikora. Han produktore–laguntzailea izan nintzen; hiruna hilabete igaro nituen pelikula bakoitzarekin, gutxi gorabehera. Pasatu al zaizu sekula ikasitakoa praktikan jartzen hasi eta desengainatua sentitzea? Mexikon nengoela oso ilusionatuta nengoen, nire aurreneko lana baitzen: dena begiratu, ikasi... Oso baliagarria izan zitzaidan. Baina Iruñera iristean desengainu sentipen hori izan nuen, gutxi baloratua sentitu bainintzen. Ekoizpen–etxe batean lanean hasi nintzen; ia ez neukan erantzukizunik eta gainera diru gutxi ordaintzen zidaten. Eta iniziatiba handiko pertsona naizenez ez nintzen bat ere beteta sentitzen. Eta orduan sortu al zen Cronopia Films? Momentu horretan hutsune handia sentitzen nuen nire barnean eta gauza propioak egiteko nahia neukan. Kasualitatez fabrika batetara joan nintzen lanera dirua behar nuelako. Pentsatzen nuen han irabazitakoak nire denbora librean nahi eta gogoko nuena egiteko aukera emango zidala. Orduan hasi zen ibilbide hau. Orain ere harreragilea zara enpresa batetan... Iruñean zaila da nahi dudan ogibidean buru–belarri lan egitea. Bestaldetik, ekoizpen–etxe batetan lan eginez gero ezin izango nukeen Nevando Voy sortu. Erantzukizun gutxi eskatzen duten lanak bilatzen saiatzen naiz, ondoren burua hutsik edukitzeko. Nire asmoa Iruñean bizitzea izan da eta beraz, nire aukera. Zer dauka ba Iruñeak? Kanpoan bizi izan naizen arren, Iruñea nire etxea da eta ezagutzen dudanaren beharra sentitzen dut kanpoan biziz gero. Noski, bidaiatzeko ez daukat arazorik! Nevando Voy pelikularen kartela. Gaiz alda dezagun. Nevando Voy da zure lehen luzemetraia. Hala da. Bertan, bizitzeko nahia aurkituko dute ikusleek eta lantokiak behatzeko modu desberdin bat. Lanerako toki gisa begiratzen diegu fabrikei eta beste aukera bat proposatzen dugu. Nik ?posible dela? esaten dut filmarekin. Autobiografikoa al da moduren batean? Moduren batean bai. Ni lantoki berdinean aritu nintzen lanean, lau pertsona genbiltzan eta egoera berdintsuak bizi izan genituen. Bizi–esperientzia berri bat eduki nuen: nire ikasketei zegokien lanetan ez nengoen batere pozik eta aldiz, elurretako kateak egiten zituen lantegian bai. Askotan ez dauka zerikusirik zertan zabiltzan, norekin zauden baizik. Nola definituko zenuke Nevando Voy? Niretzako beti drama bat izan den arren, zenbait tokitan komedia bezala definitu dute. Bestalde, gaineratu nahiko nuke jendea oso identifikatua sentitu dela momentu arruntak agertzen baitira filmean. Eta uste al duzu ikuslea identifikatuta sentitze horren eraginez jaso dituzuela dozena bat sari? Nik baietz pentsatzen dut, garrantzitsuena hori izan dela. Pertsonaietan oinarritzen den istorioa da eta oso errealak izatea lortu dugu. Egia ikusten da; kontatu nahi genuena agertzen da filmean, ez gehiago ez gutxiago. Espero al zenuen horrelako erantzunik? Beti espero da, baina ez genuen uste horren urruti iritsiko ginenik. Guretzat garrantzitsuena pelikula egitea zen, oso zaila ikusten baikenuen amaitzea. Ez genekien festibaletan zer gertatuko zen. Nevando Voy idatzi, ekoiztu eta zuzendu duzu. Beno, Candelarekin batera egin dut hori, eta baita distribuzio lana ere. Nik uste hori izan dela zailena! (barre) Eta zer da gehien gustatu zaizuna? Produkzioak lana hasieratik amaieraraino jarraitzea eskatzen du eta proiektu honetan oso garrantzitsua izan da. Baina egia da bestalde, idaztea eta zuzentzea benetan atsegina izan dela. Gainera jasotako sari guztiekin ohartu gara gai garela gauzak egiteko. Bitxikeria gisa, filmeko kartela Alemaniako festibal bat iragartzeko erabili da... Hala da! Bagenekien gure irudia hortik zebilela, baina iritsi ginean hiri guztitik zehar ikusi genuen festibala iragartzen. Ezagutzera emateko beste modu bat. Bilbon Emakumeek Egindako Zinearen Erakusketa ospatu berri da eta bertan parte hartu duzu. Horrelako festibal bat aukera gutxi dituzten pelikulak aurkezteko eszenarioa da. Baina ni neu gai honekin ez nago batere obsesionatuta, egia esan. Lanean ez dut pentsatzen neska edo mutila naizen, Maitena bezala egiten dut egin beharrekoa. Egon badaude desberdintasunak, hori ez da misterio bat. Egia da emakume zuzendari gutxi ikusten direla eta beste lan esparru batzuetan emakumeek sartzeko izan dituzten arazo berberengatik da. Agian gaztea izateak eragin dizkizu zailtasun gehiago? Nik uste baietz, ia esperientziarik ez neukanez dirua lortzeko trabak topatu ditut nonahi, ez nuen jendea ezagutzen... Ondorioz, gazte eta esperientziarik ez izatearen muga horiek gainditzeko egin genuen film hau. Pasa gaitezen euskal zinemara. Nola ikusten duzu? Nik uste dut nahi handia dagoela zinema egiteko eta asko eta asko gazteak dira. Ilusio hori edukitzea primeran dagoela iruditzen zait. Bestalde, diru–laguntzen aldetik desberdintasun handia dago Nafarroa eta EAEri dagokionez; azken horretan gehiago ematen dira. Gainera EITB ere badago eta konturatu garenez ezinbestekoa da bizpahiru telebista kateren laguntza edukitzea. Zu zeu animatuko al zinateke euskaraz filmatzera etorkizun batean? Batzuetan pentsatu dut horretan eta idaztea zaila egin arren, beste batzuen lanak ekoiztu eta zuzentzea ez litzaidake axolako. Gainera beharrezkoak dira horrelako lanak. Filmei dagokienez, zeintzuk dira zure gustuak? Asko atsegin ditut film argentinarrak eta Eduardo Miñona zuzendaria gustuko dut. Maitena Muruzabal (Iruñea, 1979) Nafarroako hiriburuan sortu zen Maitena Muruzabal 1979ko azaroaren 29an. Ikus-entzuneko Komunikazio ikasketak egin zituen bertan eta ostean AEBra bidaiatu zuen Ekoizpen ikasketak burutzera. Nevando Voy izeneko lehen luzemetraia Candela Figueira lagunarekin egin du eta dozena bat sari eskuratu dute dagoeneko.