461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Getxo, komikiaren gune

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Argazkiak: Getxoko Komiki eta Manga Azoka



Maiz, literaturari buruz hitz egitean ipuinak, nobelak eta bestelako generoak etortzen zaizkigu burura. Gainera, adinean aurrera egiterakoan, badirudi liburuak izan ditzakeen irudi kopurua murriztu egiten dela. Hala ere, badago marrazkietan oinarritutako eskaintza: komikia.

Hauek, irudia eta testua nahasiz sortutako istorioak dira eta gure gizartean jarraitzaile asko dituela geroz eta nabarmenagoa da. Hori kontuan hartuta, azaroaren 28tik 30era zazpigarren urtez komiki azoka egingo dute Getxon, Kultur Etxeak antolatuta. Areetako Geltokia eta Erromoko Santa Eugenia plazetan izango da hitzordua; komiki eta mangaren guneak hartuko dituzte, hurrenez hurren. Komiki zaleen hitzordua

Zazpigarren urtez burutzen den azoka da; baina nola sortu zen ideia? “Estatuan komiki azokak bazeudela konturatu ginen, baina Euskal Herrian ez zen egiten. Noizean behin antolatzen ziren komikiaren inguruko jardunaldiak, baina ez horrelako ezer,” argitu dio EUSKONEWS GAZTEAri Iñaki Elorriaga antolatzaileetako batek. “Horrelako azoka batetan denetarik aurkitu daiteke, ez stand–ak bakarrik. Hau da, argitaletxeen presentziaz gain askotariko mahai–inguruak, laburmetraiak, lehiaketak, rol–jokoak... aurkituko ditu azokan parte hartze duenak.” V?ctor Santosek egin du aurtengo kartela.

Edizio guztiek jendetza elkartzea lortu dute eta Iñaki pozik dago. “Komikia osasun egoera paregabean dagoela uste dut. Jende gazte asko gerturatzen da Getxora, baina baita nagusiak ere. Azken hauen kasuan, esan daiteke gehienetan aldenduta zeudela komikiarengandik, eta poliki–poliki berriro ere mundu honetan barneratzen ari direla,” gaineratu du Elorriagak. Japoniako artea

Manga deitzen da Japoniatik datorren komiki generoa. “Honek ere, adin guztietako jarraitzaileak ditu. Orain dela zenbait urtera arte batez ere komiki amerikarra zen nagusi eta gaur egun geroz eta presentzia handiagoa dauka mangak. Garrantzitsua da aldaketa hau, izan ere, komikien bidez herrialde bakoitzeko kultura barneratzen dugu.”

Gainera, mangaz gain, bi erakusketa bitxi ere prestatu dituzte. “Ikebanari buruzkoa izango da bata, eta bestea berriz, jostailuen ingurukoa. Aurrenekoari dagokionez, loreekin egindako artea dela aipatu; bigarren erakusketaren gainean, Japoniako enbaxadak utzitakoa dela esan,” azaldu digu Iñakik. Herrialdea pixka bat hobeto ezagutzeko aukera, beraz. Azokan tailerrak ere egongo dira. Ipurbeltzi omenaldia

Baina Getxoko Komiki eta Manga azokan urtero bi pertsonaia edo komiki hartu eta omenaldi xumea egiten diote. “Aurten Ipurbeltz euskarazko komiki zaharrenari egokitu zaio alde batetik omenaldia jasotzea eta bigarren omendua Carlos Gimenez Espainiako komiki–gintzako artista izango da.”

Hogeita hamaika urtez gaztetxoak dibertitu dituen euskara hutsezko aldizkariak agur esan zien irakurleei 2008ko ekainean. “Nahiz eta berandu iritsi, benetan merezitako omenaldia da.”

Beraz, komikia atsegin baduzu edota mundu hau deskubritzeko jakin–mina piztu bazaizu, Getxora gerturatu eta prestatutako hamaika ekimenetan barneratzeko aukera daukazu azaroaren amaieran hiru egunez. “Gustu guztientzako aukerak egongo dira, eta gainera, sarrera ere edonoren eskura, 2’50 eurotan soilik. Zerbaiten bila bazabiltza, ziur aurkituko duzula!”