462 Zenbakia 2008-11-21 / 2008-11-28
Bizkaitarra da Nestor Basterretxea Arzadun; 1924ko maiatzaren 6an jaio zen Bermeon. Eskultore, pintore, diseinatzaile eta zinema zuzendari bezala ezaguna da nazioartean. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren ENE Sariaren logotipoaren egilea dugu. Argazkia: Alberto Martinena.
Nahiz eta hamabi urte bete arte Bermeon bizi izan zen, Gerra Zibilak familia erbesteratzera eraman zuen. Hala, 1936. urtean Iparraldera egin zuten ihes, Donibane Lohizunera eta Parisera ondoren. Han hasi zen aurrenekoz pintura eta marrazketarekin. Baina beste gerra batek (Bigarren Mundu Gerlak) garai hari amaiera eman zion 1942an eta Atlantikoa Alsina itsasontzian zeharkatuta, Argentinan kokatu zuten bizitoki berria. Hamaika urtez egongo zen bertan.
Hamazortzi urte besterik ez zituen eta bi gerra gertutik bizitakoa zen. Gauzak horrela, Basterretxearengan influentzia izan zuen José Clemente Orozco artista mexikarraren obretako dramatismoak. Lan haiek, Buenos Airesen egin eta Argentina eta Uruguaiko hainbat tokitan egon ziren ikusgai. Horrez gainera, maisu izan zuen Emilio Pettoruti pintorea aurreneko urte haietan eta margolari gazteentzako Altamira beka eskuratu zuen, baita Atzerritzarrentzako Sari Bakarra ere, 1949an.
Berrogeita hamargarren hamarkadan ezkondu eta bere sorterrira itzuli zen. Arantzazuko basilikaren kriptako horma–irudiak egiteko lehiaketa zegoen eta Oteizak animatuta aurkeztu zuen bere burua Nestorrek; baita irabazi ere. Baina proiektu hark ez zuen amaiera onik izan, urtebete lanean aritu ostean utzi egin behar izan baitzuen lana.
Bere izena aski ezaguna zen ordurako eta 50. hamarkadan zehar Europa eta Amerikan erakusketa ugaritan parte hartu zuen. Ospe horrek Veneziako Bienalerako hautatzea ekarri zuen, esaterako. Basterretxearen obra, Arantzazuko Santutegiko kriptaren proiektuko zati.
Beste ekimen batzuen artean, 1957an Basterretxeak arte esperimentala ardatz zeukan 57 taldea fundatu eta Gaur, hemen eta orain taldean parte hartu zuen. Urtebete beranduago, Irunera joan zen bizitzera eta eskultura lantzeari ekin zion. Beste urrats bat eman zuen 1964an Fernando Larruquetekin batera Frontera Films produkzio–etxea sortu zuenean. Zenbait lan burutu zituzten, Pelotari edota Ama Lur esaterako. Azken hori, 1968ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen lehiaketatik kanpo.
Basterretxeak Donostiako II. Eskultura Bienala irabazi zuen 1971an eta hurrengo urtean Irunetik Hondarribira mugitu zen bizitzera, Idurmendieta baserrira hain zuzen. Bi urte pasa ondoren, 1973an, Bilboko Arte Ederretako Museoan Serie Kosmogonikoa aurkeztu zuen; euskal mitologiari buruz 18 egurrezko piezekin osatutako lana. 2008. urtean, museo horri eman dio Serie Kosmogonikoa eta 2009ra arte egongo da ikusgai berriro.
Bestalde, Eusko Legebiltzarraren logoaren egilea ere bada bermeotarra. Bermeoko Udalak Seme Kutun izendatu zuen Nestor Basterretxea 2002an eta 2005ean Eusko Ikaskuntza Caja Laboral saria eskuratu zuen bere ibilbide oparoan egindako lan eskergagatik.
Azkenik, Euskararen Nazioarteko Eguneko logotipoaren egilea ere badugu Nestor Basterretxea; burdin eta altzairuz egindako anagrama banatzen zaie 2007tik ENE Sariaren irabazleei.