462 Zenbakia 2008-11-21 / 2008-11-28
Euskararen Nazioarteko Egunari buruz mintzatzen garenean abenduaren 3a etortzen zaigu burura. Eta ez gabiltza oker, urtero euskaldunon hizkuntzari garrantzia berezia ematen zaion data baita. Baina ba al dakizu zein den egun horren jatorria?
XX. mende erdialdean sortu zen ideia Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Izan ere, orduko kideek jakin bazekiten euskarari aparteko bultzada eman behar zitzaiola garai hartako egoera ez baitzen nolanahikoa. Besteak beste, diktadura politikoa bizi zen eta erakundeko bazkide asko sakabanatuta zeuden. Buruari asko eragin ostean, 1948.urtean egin zen Euskararen Nazioarteko Egunaren aldarrikapena, eta 1949an ospatu zen lehen aldiz munduko hainbat tokitan. Internet bidez, mundura
Mende erdi baino gehiagoko tradizioz, aurten ere Eusko Ikaskuntzak ENE eguna antolatu du. Hala ere, azken lau urteetan bitarteko berrien laguntzarekin indar bereziz ari da eguna nazioartean aldarrikatzen; eta internet izan da aliatu nagusia, prentsa, irrati zein telebistarekin batera.
Aldi berri honen abiapuntutzat har liteke, Nestor Basterretxea eskultoreak 2005ean Egunerako sortutako anagrama. Benito Lertxundiren musikaren bitartez, 2006.urtean hitzorduaren berri hedatu zen mundu zabalean. Baina 2007an biraketa bat eman eta erakundeko gazteen ekimenez, zenbait bertsolari gazterekin bideo bat egin zuten. Hala, ohitura zaharrari aurpegi gaztea jarri zitzaion. Bertan parte hartu zuten lagunak hauek izan ziren: Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Xabi Paya, Oihane Perea eta Etxabe. Basterretxeak egindako logoa ematen zaie ENE Sariaren irabazleei.
Aurten ere Eusko Ikaskuntzak gazteengan fokatzen jarraitzen du eta komiki bat sortu dute Jokin Mitxelena marrazkigile eta Jon Martin bertsolariaren laguntzaz. Horren inguruan, gainera, lehiaketa ere jarri dute martxan. Eusko Ikaskuntzako Gazteria Sailaren webgunearen bidez, komikia ikusi eta birsortu dezake edonork. ENE Saria
Euskararen Nazioarteko Egunari ENE Saria gehitu zitzaion orain dela hiru urte. Helburu zehatza dauka sariketa honek: mundu zabalean euskara sustatzeagatik nabarmentzen den erakunde bati bere lana aitortzea. Aurreneko urtean, 2006an Mar de Platako (Argentina) Artaburu Euskaltzale Elkarteari eman zitzaion eta Bartzelonako Euskal Etxeak jaso zuen 2007ko ENE Saria.
Abenduaren 3an emango da jakitera 2008ko ENE Saria nork eramango duen. Hala, eskerron eta aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxea artistak sortutako anagrama emango zaio urtero moduan.
Guzti honen jarraipena EUSKONEWS GAZTEAn, Ei Gazte webgunean eta Euskosaren egingo da Euskararen Nazioarteko Eguna iritsi bitartean.