462 Zenbakia 2008-11-21 / 2008-11-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Komikia gazteak eragiteko

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Hitzordua azaroaren 18an Eusko Ikaskuntzak Donostiako Miramar Jauregian daukan bulegoan izan zen, goizeko 11etan. Mahaian Josemari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako gerentea, Irati Redondo Eusko Ikaskuntzako Gazteria saileko arduraduna eta Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews Gaztearen arduraduna zeuden. ENE Egunaren aurkezpena. Argazkia: Ainara Iraeta.

Hiruren artean, abenduaren 3an ospatuko den ENE egunaren aurkezpena egitea zuten helburu. Banan–banan, egunaren inguruan antolatutako nondik norakoak azaldu zituzten; hitza hartzen aurrena, erakundeko gerentea izan zen. Bere hitzetan, “Eusko Ikaskuntzatik Euskararen Nazioarteko Eguna, urtean zehar burututako lanaren txori kopetaren antzera aurkezten dugu, hots, Elkartearen sail guztietan euskaraz sortutako ekarpen handiaren opari moduan.” Horren harira gaineratu zuen, Erakundeko gazteengan utzi nahi izan dutela edizio berri honetan ere ENE egunaren antolakuntza ardura.

Jarraian, Irati Redondok hartu zuen hitza eta aurtengo proposamenaren berri eman zien bertan bildutakoei. Mundu zabaleko gizartearen partaidetza sustatu nahian, aurten komiki partizipatibo bat kaleratu du Eusko Ikaskuntzako Gazteria Sailak. “Jokin Mitxelenaren marrazkiak eta Jon Martinen testua jasotzen du komikiak. Baina Ei Gaztetik istoriotxo horren bertsio bat egitera gonbidatzen dugu jendea,” azaldu zuen Iratik.

Parte hartzeko modu desberdinak egongo direla azaldu zuen Redondok. “Gure orrialdetik sartuta, komikiaren binetak aurkituko ditu, baina testurik gabe. Hor, norberak nahi duena jartzeko aukera dago.” Eta gainera saria ere egongo da komiki hoberenarentzat, lehiaketa bezala planteatu baitute ekimena: 500 euro poltsikoratuko ditu irabazleak! Bestalde, gogorarazi zuen, komiki originala bozkatzeko aukera ere badagoela. Animatu!

Azkenik, Zuriñe Velez de Mendizabalek aurreratu zuen “aurtengo edizioan ere ENE egunari jarraipen berezia egingo diogu EUSKONEWS GAZTEAn eta abenduaren 3a bitartean, bultzadatxo ezberdinak emango ditugu.” Baina gogorarazi zuen ez dela Euskararen Nazioarteko Egunari jarraipena egingo dioten lehenengo aldia, “iaz ere, bertsolariekin aritu baikinen lanean.”

Hirurek ala hirurek, ENE egunarekin bat egitera eta komikia birsortzera animatzen dituzte munduko txoko ezberdinetako euskaltzaleak.