Oiartzuarra da Jon. Bertsolari izateagatik ezagunagoa den arren, handia da bere gaztetasunean egindako ibilbide luzea: kazetari, gidoilari, idazle, psikologiako doktore... Eusko Ikaskuntzak ENE Egunerako sortutako komikiari ere testua jarri dio. Nor dugu Jon? Nire buruari askotan egiten diodan galdera da hori. Bestela ez dakit, baina datu objektiboekin erantzun dezaket: 1981eko urriaren 16an jaio zen Jon Martin Etxebeste Oiartzunen. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen eta baita Psikologiako doktoretza egin ere. Sorkuntzari lotutako bizitza da nirea: bertsotan jarduten dut, Ero liburua argitaratu dut. Lanari dagokionez, kazetari moduan lanean jardun izan naiz, hirugarren munduko proiektuak garatzen eta gaur egun gidoilari lanetan nabil ETBko Mihiluze saioan. Noiztik zabiltza bertsolaritzan? Hamabi urterekin hasi nintzen bertsotan. Bizitzaren parte handiagoa daramat bertso kantari, bestela baino. Bertsolari bezala ezaguna, kazetari lanbidez, ikasketez hainbat esparru jorratutakoa... Argi dago zurea “letren” mundua dela... Sorkuntzari lotuta bizitzea tokatu zait. Hartutako zenbait erabakik horretara eraman naute. Bizitzan hiru eratako pertsonak daude: egindako gauzak suntsitzeko joera dutenak, egindakoa mantentzeko ardura dutenak eta gauza berriak sortzeko erabakiak hartzen dituztenak. Hirurak dira beharrezko eta bat ere ez da besteak baino meritu gehiago duena. Niretzat sortzea bizitzeko modu bat da. Orain ENE eguna dela eta Eusko Ikaskuntzak proposatuta komikiaren testua egin duzu. Zer nolako ideia iruditzen zaizu? Ideia polita da komikiarena. Kontsumo ohiturak aldatu ditugu eta orain ez dago mezu luzeak aztertzeko tartea duen jende asko. Bestalde, informazio gaindosia sumatzen da. Komikia molde aproposa iruditzen zait hainbeste oihuren artean entzuteko moduko mezua transmititzeko. Euskararen eguna ospatzearen inguruan, ez dakit mesede edo kalte den. Argi dago, halako egun baten beharra izatea gure ahuldadearen adierazgarri dela. Bestalde, akuilu moduan funtzionatu dezake, eta neurgailu eta mugarri funtzioak bete. Kontua da urtean egun bakarrean ez akordatzea hizkuntzari hautsa kentzeaz. Hitz egiguzu komikiari buruz orokorrean. Babelgo dorrean kokatuta dago, hizkuntza guztiak bizi diren dorrean. Han hizkuntza guztiak dira berdinak eta ezberdinak aldi berean. Hizkuntzek ez dute guztiz elkar ulertzen, baina batzuk komunikatu daitezke antza dutelako. Bat, ordea, bada oso ezberdina, eta gainontzeko hizkuntzak nor ote den jakin–minez daude. Azken esaldia da esanguratsuena: Bereziagatik eder. Mundu globalizatu honetan bi joera kontrajarri daude. Uniformetasunerako joera dago batetik, geroz eta antzekoagoak dira planetako gizaki guztien portaerak; baina aldi berean norbanakoek badute besteetatik bereiziko dituen ezaugarri bat bilatzeko joaera ere. Euskaldunok badugu ezberdintzen gaituen zerbait, hizkuntza. Hizkuntza bakoitzeko hiztunak desberdinak dira, bakoitzak berarekin du mundu ikuskera bat, eta gurea bereziki ezberdina da. Hain gauza bereziaren jabe eta parte izateak harrotasunez bete beharko gintuzke, gure lorategian soilik hazten den lore bakana da euskara. Aukeran nahiago lorategian, edo baratzean, eta ez lorontzian. Pribilegioa da halako hizkuntza bat ezagutzea, eta horretaz ohartu behar dugu. Euskarak bizi duen egoerari buruz mintza gaitezen. Nola ikusten duzu zeuk? Eta hobetzekotan, zer egin daiteke zure ustez? Nahastuta. Duela urte batzuk errazagoa zen euskararen aldeko jarduna. Egoera oso txar batetik ateratzeko borroka zen, mehatxua oso garbia zen, desagerpena, eta egiten zen ia edozer gauza mesedetan zen. Gaur egun, oraindik, egoera bertsuan dago Euskal Herriko zenbait probintziatan administrazio aldetik. Beste batzuetan berriz, itxura guztien arabera, aldeko egoera du eta administrazioak bultza dezake. Ezagutzan aurrerapauso nabarmenak egin badira ere erabileran nahiko pattal sumatzen da. Tarteko egoerak ere badaude. Arazo komun bat da, baina graduazio ezberdinak ditu eta aurre egin behar dioten eragileak zatituta daude. Aldi berean, hiru, lau edo bost borroka linguistiko ezberdinetan jardun beharrak zaildu egiten du borroka. Ez da aski mezu bakarra, egoeraren arabera absurdua delako mezua. Lekuan lekuko mezua sortu behar da, eta garen bezain txikiak izanda nahiko arraroa da hori ere. Arazorik larrienetako bat prestigio falta dela uste dut. Oraindik ere politika, kirola letra handiz egiten direnean gazteleraz egiten dira. Horretan dihardutenek euren ereduak duen garrantziaz jabetu beharko lukete eta haren tamainako ahalegina egin. Kulturgintzan ere antzeko zerbait gertatzen da. Kalitatezko sorkuntza behar da euskaraz. Baita beharren araberako sorkuntza ere, konplexurik gabea eta garaiei egokitua. Batzuetan euskaldunok badugu tradizioari gehiegi lotzeko joera... Hezkuntzari dagokionez euskalduntzea bermatuko duen sistema behar da. Haur–eskolatatik hasi eta doktoretza programataraino euskaraz ikasteko aukera izan eta erabili egin behar da. Bestalde, euskarari akademia kutsua kendu behar zaio. Zuzentasunarekin dugun obsesioa gainditu eta hizkuntzarekin jolastu egin behar da. Janariarekin jolastu nahi duen haurrari hala egiten utzi behar zaio. Hizkuntza batu egin genuen, eta orain birsortu egin behar da, ez da posible 16 urteko batek eta 40 urtekoak berdin hitz egiten duten hizkuntza bat. Jon Martin (Oiartzun, 1981) Jon Martin Etxebeste 1981eko urriaren 16an jaio zen. Publizitateta eta Harreman Publikoetan lizentziatua, Psikologiako doktore, Ero liburuaren idazlea, kazetari eta gidoilari lanak egin ditu. Letren inguruan hazi den gazte honek Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Sailak sortutako komikiari testua jarri dio ENE eguna dela eta.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.