463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Miren Ponppis, Gasteizen

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Ortzai Antzerki Laborategiak beste behin ere ikuskizun bat taularatuko du Gabonei begira. Iaz, Errauskiñe izan zen orduko emanaldiaren protagonista; aurtengoan, beste pertsonaia ezagun batetan oinarritutako lana eskainiko dute. Baina Maryren ordez, Miren Ponppis izango da Gasteizen haur zein helduak dibertitzen. Miren Ponppis ikuskizuna. Argazkia: Ortzai Antzerki Laborategia.

Jatorrizko istorioan bezala, magia nagusituko da ikuskizunean, baina ez da antzezlanaren ezaugarri bakarra. Konpainiak jakitera eman duenez, “eszenatoki gainera erokeri eszeniko eta karikaturaren ikuspuntutik” ekarriko dute lana, “berriro ere, pantomima gisa.”

Umorerik ez da faltako Miren Ponppisen eskutik. Eguneratutako istorioarekin egingo dute topo abenduaren 22, 29, 30 eta urtarrilaren 5ean Gasteizko Dendarabako Araba Aretoan burutuko diren emanaldietara gerturatzen diren lagunek. Egungo gaiak txertatu dituzte antzezlanean Ortzaiko lagunek, eta hori dela eta, besteak beste krisi ekonomikoaren gainean edota berdintasunari buruzko gogoeta egitera bultzatuko dituzte gazteak. Horretarako, esan bezala, karikatura eta umorea erabiliz. Argazkia: Ortzai Antzerki Laborategia. Jasotako dirua, Ekuadorrera

Laborategiko ikasleek Euskal Antzerki Dantza Konpainiak lagunduta eskainiko duten emanaldiarekin batzen duten dirua, Ekuadorreko Babahoyo hirian dagoen Un Nuevo Amanecer zentrorako izango da, programa jakin batean erabili dezaten. Cuna du izena eta minusbaliotasunen bat duten 60 neska–mutilekin egiten dute lan zentro hartan. Laborategian, testu originalen alde

Asko izan dira Ortzai Antzerki Laborategiak eskaini dituen emanaldiak. Antonio y Cleopatra, Figaro Garate edota Las azarosas andanzas de dos p?caras pellejas dira talde honen eskutik gozatu ahal izan diren antzezpenetariko batzuk. Iker Ortiz de Zarate Laborategiko zuzendariaren hitzetan, “testuak ezagunak direnean, errespetatu egiten ditugu, ez baititugu guk idatzi. Beste batzuetan, guk sortzen dugu testua eta etengabe aldatzen joaten gara.”

Beste autore batzuen lanak aukeratzen dituztenean, moldaketa txikitxoak ere egiten dituzte. “Adibidez, Antonio eta Cleopatraren istorioari dagokionez, testu originala hartu eta asko–asko laburtu behar izan genuen, luzeegia baitzen antzokian igarotzera ohituta gauden denborarako. Eta pentsa, hala ere, bi ordu eta erdi baino gehiago iraun zuen!”

Musika, magia, umorea... Guzti hori presente egongo da gogoeta egitera gonbidatzen duen Miren Poppins ikuskizun koloretsuan. Eta bide batez, Ekuadorreko gaztetxoei laguntzeko parada, hiru euroren truke eskuratu daitezkeen sarrerekin. Plan hoberik?