Euskonews Gaztea
Gaiak: Aztarna Ekologikoa: ikertutakoak
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Aztarna Ekologikoari buruzko tailer bat burutu berri da Eusko Ikaskuntza eta Concordia Erakundearen artean; Europar Batasuneko Gazteak Ekinean programaren baitan sortutako proiektua izan da. Bi talde sortu zituzten; euskalduna bata eta nazioarteko pertsonekin osatutakoa bestea. Aurrenekoak Portugaleteko Nautika Fakultatea ikertu du eta bigarrenak berriz, Cadillac izeneko herri bateko lizeoa, Frantzian. Zortzina kidek osatu dute talde bakoitza, bi tutoreren gidaritzapean. Ikerketa lana burutu ostean, azaroko azken asteburuan Zarautzen bildu ziren bi taldeak, ateratako ondorioen berri elkarri emateko. Proiektuko hainbat kide. Nautika Fakultatea ikergai
Portugaleteko Nautika Fakultatearen aztarna ekologikoa ikertzeko ardura hartu zuten Anaut Pattersonen gidaritzapean lan egin duten zortzi lagunek. Asmoa, bertako funtzionamendua eta kontsumo ohiturak ikertzea, eta horrek ingurugiroan zein nolako eragina duen kalkulatzea. Horretarako, lau esparruren gaineko azterketa egin zuten binakako taldeak osatu ondoren.
Paper kontsumoa, energia, hondakin aztarna eta material didaktikoaren aspektuak izan dira landutako arloak. Fakultateak horiei ematen dien erabilera ikusi eta ondorioak atera dituzte; gainera, zenbait iradokizun jaso dituzte txostenean, beti ere etorkizun batean hobekuntzak emateko asmoz.
Esate baterako, paperaren kasuan, produktu honen erabilera txarra azpimarratu zuten. “Paper zuriaren erabilera masiboa ematen da eta gainera ez dugu birziklatzeko edukiontzirik ikusi ikasleentzako, soilik hiru administrazioko langileentzako,” gaineratu zuten. Iradokizunei dagokienez, edukiontzi gehiago jartzea eta erabilitako orriak berrerabiltzea proposatzen dute, “adibidez, atzeko aldean oharrak idatziz.” Azalpenak entzuten.
Bestetik, energia ikertu duen taldeari kontsumo baxuko bonbillen gabezia izan zen deigarri gertatu zaion puntua. Hala, horien aldaketaren aldeko apustua egin zuten gazte hauek.
Hondakin aztarnari dagokionez, elikagaietatik sortutako emisio atmosferiko handia, garbiketa enpresak erabilitako zenbait produktu ez biodegradagarri eta aparatu elektronikoen tratamendu berezi falta nabarmendu zuten. Besteak beste, bost urtetik behin inspekzio berezi bat egitea apropos ikusten du bikoteak.
Eta azkenik material didaktikoaren gaineko ikerketarekin ondorioztatu zuten esaterako, paper gehiegi erabiltzen dutela fakultatean; hala, apunte zein azterketa birtualekin lan egiteko proposamena luzatzen diete arduradunei. Cadillaceko lizeoa
Nekazaritza eremu batean dago Cadillac, Bordeletik 40 kilometrotara, eta bertako lizeo bat ikertu du tailerrean parte hartu duen bigarren taldeak. Nazioarteko zortzi lagunek osatuta eta Delphine Mondon koordinatzaile eta 11”15 urte bitarteko ikasleak dituen ikastetxea ikertu dute. Zehatzago esanda, elikadura, garraioa, energia eta materialari buruzko aztarna ekologikoa neurtzea izan dute helburu.
Batetik elikaduraren gainean egindako ikerketarekin ohartu dira erabilitako elikagaiek “asko bidaiatzen dutela.” Hau da, Frantzian ere aurki daitezkeen produktu asko Argentina, Brasil edota Europako zenbait herrialdeetatik iristen dira lizeora. “Gainera, elikagai horiek zabor asko sortzen dute, bai soberakin moduan edota materialei dagokienez.” Taldearen arabera, jantokiko menua aldatzea, erosketa lokalagoak egitea edota konposta sortzea hobetzeko bideak izan litezke.
Bestetik, garraioaren inguruan ikasle eta irakasleen ohituren gaineko ikerketa egin dute Frantziako kideek. Aurreneko kasuan, ikasleen %87a autobusean joaten omen da eskolara eta langileek batez ere kotxeak erabiltzen dituzte lanera joateko, baina gutxitan partekatzen dute ibilgailua beste kideekin. “Bizikletaz ere joaten dira batzuk, baina gutxi dira, bidegorririk ez daudelako.” Hala, gehiago eraikitzeko deia egin eta bestalde, irakasleak kotxeetan batzea eta bakarrik joateari uztea proposatzen dute.
Energiaren gaineko aztarnari dagokionez, kontsumo handia azpimarratu zuten, “argiak gauez ere erabiltzen dituzte, izan ere gaua arratsaldeko 6etan hasten da.” Hala ere, zentroak izan duen aldaketa positiboari buruz ere hitz egin zuten. “kontsumo baxuko bonbillak eta tenporizadoredun etengailuak jarri dituzte. Eta gainera, euritik hartutako ura komunetan berrerabiltzen dute.”
Azkenik, ikastetxeko materialaren inguruan egin zuten berba. Telefonoa, material didaktikoa edota botikineko produktuen gainean egin dute ikerketa. “Nahiko sentsibilizatuak daude gaiaren inguruan eta ingurugiroa errespetatzen duten produktuak erabiltzen dituzte batez ere.”
Orokorrean, lizeoko arduradunak ingurugiroarekin sentsibilizatuta daudela gaineratu zuten ondorio gisa eta ikerketa egiteko erraztasunak izan dituztela. Gainera, ikasleekin ere egin dituzte zenbait programa eta jasotako erantzun ona aipatu zuten.
Amaitzeko, oraindik ere lanean jarraitu behar dela iritzi diote bi taldeek, gai hauen gaineko sentsibilizazioa kanpainak beharrezkoak direla argudiatuz. Norberak bere etxean egiten duena aldatzeko beharra eta poliki”poliki gauzak beste modu batean egin daitezkeela iritzi diote. Eusko Ikaskuntza eta Concordia Elkartearen aurreneko elkarlan honek, fruituak eman ditu ezbairik gabe.