464 Zenbakia 2008-12-05 / 2008-12-12

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Anaut Frantz Patterson. (Biologoa): Aztarna ekologikoa leuntzeko asko dago egiteko oraindik

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Biologia ikaslea da Anaut. Oiartzuar honek azken hilabeteak Eusko Ikaskuntza eta Concordia Erakundeen arteko Aztarna Ekologikoa proiektuan eman ditu. Euskal taldearen koordinatzaile gisa egin du lan. Etorkizunera begira, gauza asko ditugula aldatzeko aitortu digu eta bere iritziz, gazteon esku dago aurreneko urratsak ematea. Hasteko, kontatu gure irakurleei nor zaren. Anaut Patterson da nire izena. Oiartzunen bizi naiz eta Biologiako bosgarren maila ikasten dihardut Bilbon. Eusko Ikaskuntzaren Gazteria sailaren ekimenez egin dugun Aztarna Ekologikoko koordinatzailetako bat izan naiz. Anaut proiektuaren datu batzuk ematen. Zein izan da zure lana? Nire taldean zortzi lagun aritu dira ikerketa egiten eta nik koordinaketa eraman dut. Portugaleteko Nautika Fakultatea izan da aztertu dugun eskola. Hiru fase izan ditu lanak: datuen bilketa, informazioa lantzea eta ondorioak ateratzea. Zuek erabaki al zenuten Nautika Fakultatearen gaineko ikerketa egitea? Bai, baina proiektua martxan jarri aurretik Eusko Ikaskuntzako Gazteria sailetik komentatu ziguten, ikasle gutxiko fakultatea izan behar zuela. Nautikakoak 500 bat ikasle edukiko ditu eta horregatik aukeratu genuen. Azal iezaguzu labur proiektuaren nondik norakoak. Aztarna ekologikoarekin Nautika Fakultatearen funtzionamendua eta kontsumo ohiturak ikertu nahi izan ditugu, eta horrek ingurugiroan zein nolako eragina duen kalkulatzeko balio izan digu. Paper kontsumoa, energia, hondakin aztarna eta material didaktikoaren aspektuak ikertu ditugu lan hau burutzeko. Hala ere, Aztarna Ekologikoa neurtzeko proiektua ez dugu zientifikoki garatu, gure asmoa sentsibilizazioa bultzatzea izan baita eta beraz, gure metodologia gida bat bezala eraman dugu. Bildu dugun informazioa batez ere fakultateko administraziotik bidalitakoa izan da. Bide batez aipatu nahiko nuke, zenbait enpresek ez dizkigutela datuak pasatu nahi izan. Normala da neurri batean, aztarna ekologikoa ikertu nahi duzula esaterakoan beraien funtzionamendu edota lana kritikatu ahal duzunez, ez zaie oso komenigarria egiten guri informazioa ematea. Erraztasunak eduki arren, trabak ere izan ditugu. . Negatiboa izan da halaber, fakultateko ikasle gehienak itsasoan egoten direla eta ia ezin izan dugula beraiekin hitz egin. Ondorioz, datu batzuk ez dira oso errealak. Eta taldekideen arteko lan–harremana nolakoa izan da? Nahiz eta taldekide guztiak Bilbon bizi garen, lan edota ikasketak direlako oso lanpetuta ibili gara eta horregatik, posta elektronikoz egin dugu lan batez ere. Gainera, bost bilera eduki ditugu gure artean. Eta aipatu behar da Nautika Fakultatera egin genuen irteera eta tokia bertatik bertara ezagutzeko baliagarria izan zitzaigun. Izan ere bisitarik gabe ezin izango genukeen imajinatu nolakoa den. Ongi atera zen arren, zonalde batzuk ezin izan genituen bisitatu irakasleak ez zeudelako bertan. Jarraian, bikoteka banatuta, informea egiten hasi ziren nire taldekideak. Edozein laguntza behar izanez gero nirekin kontaktuan jartzen ziren eta beraien kontsultei erantzuten saiatu naiz. Hiru hilabete iraun du prozesuak. Ongi atera dela deritzot, eta aurkezpena ere nahiko osatua izan dela uste dut. Eta egindako txostenarekin zer egiteko asmoa duzue? Bilera bat egin nahi dugu Nautika Fakultatekoekin eta gure ikuspuntuen berri emango diegu bertan. Hala, ingurugiro arloan beraien funtzionamendurako komenigarria zer den azalduko diegu; azken finean, denontzako dira onuragarriak jarraibide horiek. Zein emaitza atera duzue?

Asko dagoela egiteko. Esaterako, ez ditugu ez papera, ez plastiko ez beste material batzuk birziklatzeko edukiontziak topatu, eta gehiago jarri beharko lirateke. Bide batez, paper zuriaren erabilera masiboaren ordez, birziklatua gomendatzen dugu. Kontzientziazio programak eraman beharko lirateke aurrera eta adibidez, hondakin atmosferikoen gaineko kontrol handiagoa izatea. Horiek gutxi batzuk besterik ez dira... Zure ustez erakunde guztietan egin beharko litzateke aztarna ekologiko ikerketa? Hori da, edonon egin beharko litzateke, bai kanpusean, ikastetxeetan... Aztarna Ekologikoa tailerrean parte hartu duten lagunak Zarautzen. Proiektu honekin zerbait ikasi al duzu? Gure bizimoduari eta eskura ditugun baliabideen erabilerari buruz gehiago ikastea zen asmoetariko bat eta lortu dugu. Izan ere, nahiz eta fakultatea ikertu, gero norberak etxean zer egiten duen konturatu gara eta zinez baliagarria izan zitzaigula. Aurretik aipatu duzu sentsibilizazioa bultzatzea izan duzuela oinarri. Bai, baina oraindik ez dugu planteatu nola egin hori. Sentsibilizazioa garrantzitsuena da guretzako eta ez bazara hortik hasten, ezingo zara beste puntu batzuetara igaro. Uste al duzu gazteak jabetzen garela behar horretaz? Batzuk behintzat hasi gara ohartzen ohituren aldaketen garrantziaz, batez ere ingurugiro arlokoak. Hala ere konturatu naiz lagun batzuengana joan eta ea birziklatzen duten galdetuz gero, zenbaitek ez dakitela ezta zein edukiontzietara eraman behar dituzten gauzak. Noski, komeni da sentsibilizazio kanpaina handiagoa egitea. Instituzioetatik zerbait gehiago egin al daiteke beraz? Bai, baina nire ustez protagonista nagusiak gazteak gara eta ez bagara gu aldatzen, instituzioetatik ez dute ezer egingo, guri begira baitaude etengabe. Gure artean aldaketa eman, gero gizartera eta handik instituzioetara eraman beharko litzateke. Baina aurreneko urratsak, gazteok eman beharko genituzke. Gaiz aldatuz, Bionaturreko presidentea ere bazaitugu. Hala da. Lau urte daramatzat Bionaturren eta orain presidentea naiz. Bionatur Zientzia Fakultateko elkarte bat da eta batez ere zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten hainbat ekimen eramaten ditugu aurrera. Kurtsoak eta hitzaldiak antolatzen ditugu esate baterako. Gainera, Eusko Ikaskuntza eta Biologoen Ikastetxearekin elkarlanak burutzen ditugu. Momentu honetan bost pertsonak osatzen dugu Bionatur, eta nahiz eta gauza dezente antolatzeko gai garen, kide gehiagoren bila gabiltza etorkizun oparoago bat edukitzeko. Bestalde, nola ikusten duzu aztarna ekologikoa zure fakultatean? Paperaren erabilerari dagokionez, esaterako, birziklatua ez da ia erabiltzen. Dendakoek diote fotokopiak egiteko ez dela ona; nik uste ezin dugula hori onartu. Nire fakultatea zientzia eta teknologia arloetan mugitzen da eta ingurugiro arloan protagonista izanda, egoera aldatzen saiatu behar gara. Esate baterako, azterketak–eta, birziklatutako orrietan eginaz. Hala ere, zail ikusten dut, interes ekonomikoak baitaude tartean. Oro har, nola ikusten duzu etorkizuna? Globalki begiratuz gero, gaizki. Baliabide naturalak gutxituz joango dira; batez ere Afrika eta Asia moduko lurraldeek pairatuko dute egoera. Iparramerika eta Europak pastela beraien artean banatuko dute eta gainerakoak ezer gabe geratuko dira. Ez dago elkar laguntzeko borondaterik, eta gauzak ez badira aldatzen... Al Gore bezalako pertsonaia ezagunekin alda liteke gauza? Diozun bezala pertsona ezaguna da, baina horretaz gain, lider bat ere bada Gore. Gizarte eta instituzioak mugi ditzake ondorioz; gu ahaleginduz gero, ez genuke lortuko seguruenik. Baina nik uste dut bere esku baino, gizartearen eta orokorrean norbanakoaren esku dagoela egoerari buelta ematea. Globalki aldatzeko, gure kontzientzia, gure bizimodua aldatu behar dugu. Anaut Frantz Patterson (Oiartzun, 1984) Easoko politeknikoan batxilergo zientifikoa egin ondoren, Leioan dagoen Zientzia eta Teknologia Fakultatean izena eman zuen eta egun 5.maila egiten dihardu. Sorosle edota aktore lanetan aritu da (Vaya semanita, Goenkale, Goazemank...); Lezoko Orratx antzerki taldeko kidea da Anaut. Gainera, BIONATURreko presidentea da eta Eusko Ikaskuntzaren ekimenez burututako Aztarna Ekologikoa tailerrean ibili da koordinaketa lanak egiten.