Madrilen jaio zen 1972an. Bost hizkuntza hitz egiten ditu, eta ia bizitza osoa Alemanian eman ondoren Euskal Herrira itzuli zen 2006an. Turismo gidaria, kazetaria eta orain Eusko Ikaskuntzako Jakiunde Akademiako idazkaria da. Berarekin hitz egiteko geratu gara Donostiako Miramar jauregian, gazte honen eskutik bere bizitza interesgarriaren gainean mintzatzeko. Aita alemaniarra eta ama euskalduna. Zu ere asko mugitutako emakumea zaitugu. Bai. Madrilen jaio eta lau urtez bertan bizi izan nintzen; ondoren, Euskal Herrira etorri ginen. Nire aita Alemaniakoa da eta ikastetxe aleman batetara bidali ninduten, Donostian. Ni hala ere, ez nintzen oso alemaniar sentitzen, ikastolara joan nahi nuen kosta ala kosta; eta azkenean lortu nuen hiru urtez bertan aritzea. Donostiatik Alemaniara mugitu ginen bizitzera 1981ean, 2006ra arte. Zure burua alemaniarragoa sentitzen al duzu ordutik? Hara joan ginenean euskara ahal bezala mantentzen saiatu ginen, hemengo musika entzuten, ipuinak irakurtzen... Gainera, urtean hiru astez etortzen ginen aitona–amonengana, eta denbora hori ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen ginen. Baina urteko sasoi gehiena Alemanian igarotzen nuenez, herrimin puntu bat sentitzen nuen. Eta azkenean pentsatu nuen zer moduzkoa izango zen Euskal Herrira joan eta denboraldi batez bertan bizitzea? Oraintxe nabaritzen dut baietz, nahiko alemana naizela. Zergatik? Hezkuntza osoa alemanez egin dut (eskola, unibertsitatea...); beraz esango nuke alde arrazionala alemaniarra dudala eta emozionala berriz, hemengoa. Oso desberdinak al gara bi herriak? Gauza batzuetan bai, eta bestetan ez horrenbeste. Azken finean, denok berdina nahi dugu eta lotura batzuk badaudela esango nuke. Zer ikasi zenuen Unibertsitatean? Soziologia, ikus–entzunezkoen zientzia eta literatura aleman garaikidea. Hemen ez dago horrelako titulurik (Magister Artium). Freelance edo autonomo bezala egiten duzu lan. Bai, noizean behin. Praktikak telebista alemaniar batean egin nituen baina orain prentsarako lan gehiago egiten ditut. Badaukat pentsatuta dokumental bat egitea, baina proiektu handiek diru asko eskatzen dute eta momentu honetan ez dagoenez, etorkizun baterako ideiak dira. Euskal Herriko historia kontatzea izango litzateke nire asmoa. Iruditzen zait Euskal Herria eta Alemaniaren arteko zubi–lana egin behar dela –beno, orokorrean herri guztien artekoa. Nik nire bizitza dela eta, eginda daukat zubi hori eta pentsatzen dut kultura transmititzen zerbait gehiago egin dezakedala. Kultura duzu beraz gogoko. Hala da bai, niri gai kulturaletan–eta sartzea gustatzen zait, baita sozialetan ere. Baina niretzako kultura dena da, politika sartzen da, gai sozialak... Esparru zabala hartzen du. Baina zineari buruz ere idatzi duzu. Bai eta kritikak eta egin izan ditut. Alemaniatik urtero etortzen nintzen Zinemaldira eta hango aldizkari batentzako idazten dut 1995etik. Zure ustez Alemanian ezaguna da Euskal Herria? Gehien bat politikari buruzko albisteak iristen dira (normalean berri txarrak gainera) eta jende asko dago beldurrez hona etortzeko. Baina bestalde, kuriositatea dutenek hau nolakoa den galdetzen dute, ideia abstraktua baitaukate honi buruz eta nire ezagutza transmititzen saiatzen naiz, zaila den arren. Etortzen diren lagunak harrituta geratzen dira, desberdina delako... Bestalde, nik turismo arloan ere egin dut lan. Unibertsitate garaian oporretan autonomo gisa gida lanetan hasi nintzen, estatubatuarrekin, ingelesekin, alemaniarrekin... Eta Euskal Herrian ere kanpotarrak gidatzen egin izan dut lan eta beraien interesa eta izan dituzten erreakzioak ikustea interesgarria izan da. Jende guztiak ezagutzen du Italia, Espainiako toki gehienak... Baina orain Guggenheimekin kuriositatea daukate eta aitzakia horrekin Euskal Herria pixka bat hobeto ezagutzeko aprobetxatzen dute. Momentu honetan Jakiunden zabiltza lanean. Guztiz desberdina da orain arte egin ditudan lanekin alderatuta, baina bilatzen ari nintzena da zalantzarik gabe. Arlo akademikoa lantzen du eta hemengo eta kanpoko unibertsitateekin–eta harremana edukitzean datza. Noski, oraindik hasten ari gara (akademiak urtebete du soilik) eta mantso–mantso gabiltza. Oso gustura nago. Orain arte, egin ditugun ekintzen artean bilkurak eta Frantzia eta Norvegiako akademiko batzuekin eginiko sinposium bat daude, esaterako. Beraz, ikasten ari zara nolabait esateko. Egia esan beti ikasten da zerbait. Gainera, Jakiunden nire lan esperientzia erabiltzen dut eta bide batez euskara praktikatzeko ere balio dit! Euskara, alemana eta gaztelania dakizkizu... Eta baita ingelesa eta frantsesa ere! Niri etxean hiru hizkuntzekin haztea egokitu zait, amarekin euskaraz, gaztelania ere barneratu nuen eta aita alemana izanda... Gero Alemaniara joan ginen bizitzera. Hizkuntza nagusi bat egoten da beti norberaren bizitzan, normalean zure inguruan dagoena, eta lehentasunez aldatzen joan ginen. Besteak altxor bezala gordetzen nituen, galdu ez zitezen saiatuz, eta zaila da. Nire iritziz kostatu egiten da hizkuntza bat ikastea, baina oso erraza da ahaztea; entzuten eta erabiltzen ez baduzu, alde egiten du. Eta nola ikusten duzu euskararen egoera hemen? Egia esan amorrua ematen zidan Euskal Herrira nentorren bakoitzean, hemengo jendeak euskara jakin arren gaztelaniaz mintzatzen zuela ikusteak. Ni horrenbeste saiatzen nintzen! Uste dut jendea ez dela konturatzen zer daukan. Beste balio bat dauka niretzako, Alemanian ez baineukan euskara erabiltzerik. Hala ere, norberak jakingo du zer egiten duen, baina pena ematen dit badakidalako zer–nolako lana den ez galtzea. Nongotarra sentitzen zara? Alemanez badago hitz berezi bat, zure bihotza nongoa duzun adierazten duena, etxea, sustraiak... Nik uste zatitxo bat Donostian dagoela amaren eraginez, baina baita Alemanian ere. Egia esan ez dago toki batean konkretuki, asko mugitu baikara. Eta Argentinara bidaiatzen badut, bihotz koxkor bat ere han geratzen da. Eta horregatik diot munduko hiritarra naizela. Bestalde, jendea beti saiatzen da toki edota gizarte batekin identifikatzen: lekua, koadrila... Eta nik hori ez dut sekula sumatu. Hemengoa sentitzen naiz, baina gauza asko ez ditut hemen, Alemanian daude. Horregatik, Euskal Herria niretzat diaspora dela esan nezake, baina baita Alemania ere. Beti bi kulturen artean, batzuetan kanpoko perspektiba batetik ikusten dut herri bakoitza. Hemen egonda igartzen al duzu zerbaiten falta? Beti gertatzen da, baina gehienetan gauza txikiak dira. Egia da lagunak–eta faltan ditudala, baina hiri desberdinetan bizi direnez, derrigor bidaiatu behar da haiekin egoteko. Hemen gauza batzuk daude Alemanian ez daudenak, eta alderantziz. Pintxoak, sagardotegiak eta beste hainbat gauza ditut gustuko. Baina Alemanian ohitura berezi bat daukagu, lagunak etxera gosaltzera gonbidatzen ditugu asteburuetan (brunch), esaterako. Bestalde, Gabonak ere oso bereziak dira han. Zer nolako zaletasunak dituzu? Zinema, literatura, musika, natura, mendia... Freelance bezala lan egiten nuenean trekking egitera maiz joaten nintzen Patagoniara, baina orain lan honekin denbora gutxiago daukat. Natura izugarri maite dut eta Euskal Herritik asko gustatzen zait hori, hau da, itsasoa, mendia eta beste hainbat gauza aurkitzen ditugula bertan. Jone Karres (Madril, 1972) Bere bizitzako lehen lau urteak Madrilen igaro zituen. Ondoren, Euskal Herrian bizi izan zen familiarekin, Donostian hain zuzen. Alemania aldera joan zen 1981ean, bertakoa baitu aita eta 2006ra arte bertan bizi izan zen. Ikus–entzunezkoen munduan lan egiten du freelance gisa eta gaur egun Eusko ikaskuntzako Jakiunde Akademiako idazkaria da.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.