465 Zenbakia 2008-12-12 / 2008-12-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Maite Agirre

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Maite Agirre Zarautzen jaio zen 1955ean eta aktorea da, euskal antzerkigile honek ekarpen handiak egin dizkio mundu honi bere interpretazio eta sormenei esker.

Bartzelonan Arte Dramatikoa ikasi zuen arren, bere aurreneko asmoa Psikologia ikastea izan zen; nahiz eta horretan hasi, laster utzi zuen albo batera ideia. Bere asmoak egia bihurtzearen aurreneko urratsa 1973an eman zuen, Dagoll Dagom antzerki konpainia sortuz; alboan Joan Ollér zuen proiektuari bizia emateko. Bartzelonan zenbait urtez lan egin ostean, Domus de Janas antzerki talde italiarrari batu eta Europatik zehar aritu zen zenbait eszenatokiren gainean lanean.

Euskal Herrira itzuli zen 1985ean eta talde berri bat kreatu zuen, Agerre Teatroa bezala bataiatu zuena. Ordutik eta gaur egunera arte, hamaika proiektu bultzatu ditu konpainiarekin. Egokitzapenak edota sormen propioak eszenaratu ditu emakume gipuzkoar honek. Hala, 1989tik landa, Beckett, Joyce edota Arantxa Urretabizkaiaren zenbait lan moldatu izan ditu.

Trilogia bat ere aurkeztu zuen gizartean 1991an; Murumendiko Mari, Beldurra ere beldurra batez ere eta Leonor izeneko antzezlanak izan ziren. Bertan, euskal mitologia lantzen zen eta baita poesigintza ere, Mikel Laboa zein Joseba Tapiaren musikarekin, esaterako.

Urtebetera, 1992an Molly Bloom bakarrizketa antzezlanak argia ikusi zuen. Hasieran katalanez eginiko lana zen baina ondoren gaztelaniaz ere aurkeztu zuten; azken bertsio horretan Maite Agirre bera izan zen protagonista. El Borracho burlado eta Crónicas de motel izan ziren 1994an aurkeztutako lanak.

Bigarren bakarrizketa lan bat ere taularatu zen Agirreren eskutik: Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox? hain zuzen ere. Garbi Losadaren Lamiak izan zen hurrengo proiektua (1997–1998) eta 1999an berrestreinatu egin zuten Molly Bloom, berak zuzendu eta antzeztuta.

Agirre ikasi eta ikasi aritu da urte guzti hauetan. Horren erakusgarri da zenbait antzerki talde edota Euskal Herriko Unibertsitatearekin aurrera eramandako proiektuak. Modu horretan, Arnasa (unibertsitateko antzerki topaketa) proiektua egi bihurtu zen 2001ean, eta urteroko ohitura da berau ospatzea. Esaterako, Alfred Jarry idazlearen Ubu Rey aurkeztu zuen 2002an. Urte hartantxe María tres veces amapola, María lana kaleratu zuen Artezblai aldizkariak.

?Puta vieja alcahueta Celestina! (2004), Neska politak, artasoro alaiak (2005) edota Secando charcos (2008) bezalako lanetan ere parte hartu du zarauztarrak.

Agertoki asko zapaldutako emakumeak zuzendari, aktore edota gidoigile lanetan ederto moldatzen dela argi utzi du urte luze hauetan. Eta gustuko lanean gogor segituko duela ere adierazi du behin baino gehiagotan, bere zaleen poztasunerako.