465 Zenbakia 2008-12-12 / 2008-12-19
Zigor Sagastizabal 1991. urtean jaiotakoa igerilari gazte arabarra da eta Mendebaldea ikastolan batxilergoa ikasten du. Zigorrek bere adinekoei dagozkien hainbat errekor ditu Araba mailan eta azken urte hauetan emaitza paregabeak lortzen ari da; Euskadi eta baita Espainia mailan ere.
Galdera honekin hasi behar gara. Zenbat urterekin hasi zinen igerian?
Orain dela asko! Gutxienez sei urte nituenetik; nire lehen norgehiagoka adin horrekin izan nuelako oroitzen dut. Beraz, 12 urte edo eramango ditut, horietatik azkenengo zazpiak Judizmendi taldean daramatzat. Argazkia: Zigor Sagastizabalek utzia.
Zer da igeriketatik gehien gustatzen zaizuna?
Giroa, noski. Primerakoa dago igerilekuan, nahiz eta entrenamenduan bakarrik atsedenaldietan hitz egin ahal dugun. Horretaz gain, txapelketan ibiltzea da gehien gustatzen zaidana, eta kanpoan badira eta ondo ateratzen bazaizkit hobeto.
Eta gutxien?
Oso gogorra dela. Egunero bi ordu eta erdi entrenatzea eta gaueko 11etan etxeratzea oso nekeza da. Gainera urtean pare bat txapelketa baino ez dituzu prestatzen eta ez da futbola bezala larunbatero jokatu behar duzula. Ondorioz, lehiaketak oso bereziak dira niretzako.
Igeriketaz aparte beste kirolik praktikatzen duzu?
Ez, baina futbolean aritzen nintzen orain dela asko. Azkenean bi kirolen artean aukeratu behar izan nuen eta igeriketarekin gelditu nintzen.
Eta zaila iruditzen zaizu ikasketak eta igeriketa aurrera ateratzea?
Bueno, ni nahiko alferra naiz, hala ere aurrera ateratzen ditut ikasketak. Igeriketa errazagoa iruditzen zait pertsonalki, gehiago gustatzen zaidalako.
Zer lortu nahi zenuke igerilari moduan?
Oraindik ez dut urrezko dominarik irabazi Espainiako txapelketetan, beraz, hori lortzea gustatuko litzaidake. Gero etorriko dena iritsiko da; baina aurrena horixe.
Eta zein da zure ametsa?
Kirolari guztiek bezala olinpiada batzuetara joatea ez zela gaizki egongo pentsatzen dut. Baina ezinezkoa ikusten dut.
Eta amaitzeko. Merezi al du horrenbeste entrenatzeak?
Nire ustez bai. Giro oso ona dago eta gainera kirola egiten duzu. Horretaz gain, asko bidaiatzen duzu eta gero emaitza onak lortzen badituzu hobeto, baina hori bigarren plano batean dago.