466 Zenbakia 2008-12-19 / 2009-01-02
Donostiarra zara, ezta?
Bai. Behintzat azken 10 urteetan hemen bizi izan naiz eta bertakotzat hartzen dut nire burua. Hala ere, nire aurreneko 19 urteak Errenterian egin nituen eta askok hangoa naizela esango dute; arrazoi puntu bat dutela ezin ukatu. Zubi-saltoa.
Abenturaz inguratuta bizi zara...
Egia esan txikitatik egon naiz kirolari lotuta, ia astebururo joaten nintzen aitarekin mendira. Espeleologiako jendearekin arroilak jaisten hasi nintzen, beste lagun baten bitartez hasi nintzen eskalatzen... Baina nik uste 1995ean izan zela saltorik garrantzitsuena, abentura anitzeko astebeteko programa batetan begirale lanak egingo ote nituen galdetu eta baiezkoa eman nuenean. Asturias eta Pirinioetan gazteentzako burututako ekitaldi bat zen. Orduan hainbat kirol kontrolatzen nituen arren, ez nekien ezer zubi–saltoari buruz, eta beste lagun bat etorri zen gurekin. Orduan poliki–poliki interesatzen joan nintzen eta egun batean serioski horretara dedikatzea erabaki nuen. Gaur egun, Ertz izeneko enpresa baten jabe naiz: Esperientzia eRradikalak Txundigarriak eta Zirraragarriak esan nahi du. Izenak dioen bezala, muturreko ekintzak eramaten ditugu aurrera.
Zer nolakoak?
Ekimen ugari, egia esan: zubi–saltoa, zubi2–saltoa, arroila eta troka jaitsierak, trekking irteerak (normalean subentzionatuta dauden ekimenak dira, unibertsitateetatik eta), parapente hegaldiak (Orio–Orio eta baita Orio–Donostia), parakaidismoa egiteko taldeak antolatzen ditugu... Ikastaro batzuk ere ematen dira Ertzen. Baina batez ere saltoetan gaude espezializatuak: zubi–saltoa, zubi2–saltoa, goma salto handia eta txikia, goma–pendulua, goma–tiroa, tirolina, goma–parabola... Ikusten duzunez, aukera pila bat eskaintzen ditugu.
Zein esango zenuke dela guzti horietatik arriskutsuena?
Nik uste bizikleta ikastaroa dela, nahiz eta ez duen ematen. Apuntatzen direnen batez bestekoa 53 urtetakoa da eta laurehun ikasletik zazpik X izpietatik pasatu behar izan dute, hezurtxoren bat pitzatuta edo hautsita zutelako. Esan genezake arrisku kontrolaezinena bizikleta ikastaroan dagoela. Bizikleta ikastaroa.
Nortzuk hartzen dute parte bertan?
Bi kasu daude: sekula saiatu ez direnak alde batetik, eta bestetik jakin badakitenak baina segurtasuna galdu dutenak. Besteak beste, laurogei urtetik gorako jendea, Down sindromea dutenak edota zazpi urteko neska–mutilak animatu dira ikastarora; %90ak astebetean ikasten du.
Eta non aritzen zarete?
Gipuzkoan batez ere: Zumaia, Irun, Errenteria, Donostia, Billabona... Baina Espainiako hainbat hiri nagusiri eskaintzak egiten ari gara; badago demanda. Gainera, krisiarekin autoa eta autobusa gutxiago erabiltzeko modu bat da eta bide batez hiriak zibilizatuagoak eta atseginagoak egiten ditu.
Hala ere, esan duzun bezala, saltoetan zarete adituak.
Modalitate desberdinak daude, eta sentipenak ere askotarikoak dira. Baina garrantzitsuena pausua ematea da, gure senaren aurkako urratsa ematea. Izan ere, gure zentzuak alturari beldurra edukitzea esaten digu, eta horri aurre egin behar diogu. Eta egia esan denetarik ikusten dugu. Gertatu izan zaigu gazte harroak dauden taldeetan, horiexek justu ez ausartzea salto egiten. Psikologia besterik ez da, seguru ez dagoen pertsona asko harro itxura emanez mugitzen da munduan zehar.
Datu bezala, berdin kobratzen dugunetik oso jende gutxik egiten du atzera, orain arteko 25.000 saltotatik 221 dira oker ez banago. Eta gainera, gehienak damutu egiten dira kasu horretan, besteak pozik edota euforiko irteten direla ikusten baitute. Tirolina egiten Sopelan.
Laburbilduz, zer ematen du zubi batetik salto egiteak?
Nik uste zenbat eta beldur handiagoa pasa salto egin aurretik, orduan eta poztasun handiagoa sentitzen dela, gainditu dugun erronka handia baita. Agian sentsazioengatik eman dezake plazera, baina niretzako gozamen handiagoa da zailtasuna gainditzea. Beti diot gizakiok belarrien artean beldurrak gainditzeko makina bat daukagula eta erabili ezean atrofiatu egingo dela; edo edozein motako abenturak bilatuko ditugu eta benetako arriskutan sartuko gara. Guk, nolabait, arrisku kontrolatuetan parte hartzeko aukera ematen dugu.
Orokorrean hitz eginda, genero aldetik desberdintasunik nabaritzen al da?
Bizikleta ikastarotan, adibidez, %95a emakumezkoak dira. Agian garai batean genero bakoitzaren rolak markatuta zeudelako ematen da egoera hori, ezin izan zutelako bizikletan ibiltzen ikasi. Arrazoietariko bat, aitak txirrindua eduki bai, baina alabari ez ziola uzten izan daiteke, adibidez. Bestalde, saltoetan ugariagoak dira gizonezkoak eta presio gehiago eduki ohi dute salto egiteko.
Bestalde, eskiatzera eta snowboard egitera ere joaten zarete.
Bai, normalean Aret eta Guretera (Frantzia) joaten gara deskontu handia egiten baitigute forfaitean. Astean zehar edota larunbatetan joan–etorria merke irteten da eta bidaia, forfaita eta asegurua sartzen da horren barruan. Elur denboraldiak martxoa edo apirilera arte irautea espero dut.
Eta zuk praktikatzen al duzu?
Bai snowa eta baita eskia ere, baina azken horretan moldatzen naiz hoberen. Gainera, monitore lanak ere egiten ditut. Txarrena autonomoa naizela eta kontuz ibili behar dudala; kasko eta guzti aritzen naiz!
Gaiz aldatuz, irteera batzuk antolatu dituzuela entzun dut.
Azken bi urteetan eski denboraldirik ez genuen izan, eta alternatiba bila hasi ginen; modu horretan Perura egiteko txangoa antolatzeari ekin genion. Bertan kontaktuak genituelako aukeratu genuen herrialdea eta baita bertan aitzinako zibilizazio mota ezberdinen arrastoak daudelako ere. Abenduaren 23an irtengo gara eta hilabete iraungo du bidaiak. Asmoa, kultura zein jendea ezagutuz kaleetatik zehar ibiltzea da, baina baita naturara gerturatuz ere. Azken honi dagokionez, Andeetan dagoen Mendikate Zuria egingo dugu esaterako, eskalada, zubi–saltoa eta beste hainbat ekintza burutuz. Elkar ezagutzea ere oso garrantzitsua da, noski. Ni neu otsailean joan nintzen dena antolatzera eta gogoz nago proiektua egia bihurtzeko. Orduan ere abentura bizi izan nuen, beste modu batera. Esaterako, azken egunean alokatutako autoaren kristal bat hautsi ziguten, eta zer edo zer eraman zuten. Baina orokorrean oso ongi joan zen dena.
Bestalde, Aste Santutarako Marokora bidaia bat prestatu dugu. Hamar–hamaika egunetakoa izango da, baina denbora gutxiago duenak ere parte hartu dezake. Tanger, Marrakech eta beste toki zoragarri batzuk bisitatzeko asmotan gabiltza.
Amaitzeko, zer adierazten dute zuretzako Gabonek?
Profesionalki esango nuke garai honetan zer oparitu ez dakienak, gure abentura ekintza batean parte hartzeko txartel bat erregalatu dezakeela; aurtengo prezioan datorren urterako jarduera bat.
Baina bestalde, neguko solztizioa ospatzen da Gabonetan, eta pertsonalki polita dela iritzi diot. Hala ere, kristau kutsutik garbituko nuke, bere garaian oso kristaua izan nintzen arren. Latitude honetan bizi garenetik garrantzitsua izan da guretzako solztizioa; eguneko argia laburtzen joatetik luzatzera hasten den garaia ospatzea polita da. Argiari garrantzia handiagoa eman beharko genioke eta etxeko goxotasunean argiaren inguruan biltzea ederra izango litzatekeela iruditzen zait. Baina ezin dugu ahaztu munduaren zati bat ospakizun ofizialetan dagoen bitartean, bakarrik daudenak, etxerik ez dutenak eta etxetik falta direnak ere hor daudela. Gerarta Arotzena (Donostiarra) Gerartak bere bizitzako aurreneko 19 urteak Errenterian eman zituen. Gaur egun aldiz, Donostian bizi da eta bertakoa dela esaten du. Abentura eta adrenalinaz inguratuta bizi den gizona da. Beti egon da kirolari lotuta eta orain 13 urte ERTZ enpresa sortzea erabaki zuen. Nahiz eta kirol ugari eskaini, batez ere zubitik salto egiten dira adituak eta modalitate ugari jartzen dituzte erabiltzaileen eskura.