467 Zenbakia 2009-01-02 / 2009-01-09

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Unai Azkarate. (Mahaster River musika taldeko kidea): Bateriarik gabeko taldea gara, eta guztiz asmatu dugu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Mahaster River

Unai Azkaraterekin estreinatuko dugu Euskonews Gaztearen 2009ko aurreneko ale hau. Bergararrak alaitasunez erantzun dizkie galderei, agian opor giroan sartuta dagoen irakaslea delako, edota bere musika taldearen bigarren diskoak argia ikusi berri duelako. Dena delakoagatik, eskaini dizkigun minutuak aprobetxatzen saiatu gara eta arteaz eta musikaz egin dugu berba, Mahaster River taldearen abesti berriak Myspace gunean entzun eta haiekin gozatu ostean. Arte Ederrak ikasi dituzu. Baina kontatu ordutik egindako ibilbidea labur. Egia esan txikitatik lehiaketetan parte hartu izan dut eta azkenean Arte Ederrak ikastea erabaki nuen. Bost urtetako karrera izan zen, lau Bilbon egin nituen eta beste urte bat Erasmus bekarekin kanpoan egon nintzen. Behin amaituta, pintatzen eta noizbehinka erakusketak egiten igaro dut, baina batez ere musikarekin ibili naiz buru–belarri. Erasmus aipatzen duzula. Ikasten al da zerbait edo jendeak dioen bezala, ondo bizitzeko modu bat da? Horri buruz hitz egitea gustatzen zait. Egia da karrera batzuetan nahiko ongi tratatzen dituztela ikasleak akademikoki. Baina Arte Ederrak ikasterakoan, beste tokitako eraginak gertu sentitzea beharrezkoa ikusten dut eta horretarako bidaiatzea ezinbestekoa da. Egia da bizitzen ere ikasten dela eta zuretzeko denbora hartzen duzula. Baina artearekiko sentsibilizazioa edukita, Ingalaterrara joatea aukera bikaina izan zen niretzako. Zein esparrutan mugitzen zara? Espresio plastikoa erabiltzen dut batez ere. Egia da karreran ez nintzela horretan espezializatu; apur bat denetarik ikasi nuen, baita ikus–entzunezko ikasgai batzuk ere, esaterako. Ba al daukazu inspiratzen zaituen artistaren bat? Bai, bai. Asko jarraitzen ditut herriko artistak, Manu Muniategiandikoetxea eta Maider Lopez, adibidez. Bestalde, gustuko dut fakultatean lagun izan ditudanen lanak gertutik jarraitzea. Mahaster River zuzenean. Argazkia: Mahaster Riverrek utzia. Erakusketa mordoxka bat ere eskaini dituzu. Karrera 2003an amaitu nuen, ondoren Guggenheimen praktikak egiten aritu nintzen eta ordutik hona sei bat erakusketa egingo nituela uste dut; ez dira horrenbeste! Askotariko iritziak egon dira horien gainean. Arte Ederrak ikasi dituen pertsona batentzat lan egiteko beste ohiko modu bat irakasle aritzea da... Baita nirea ere! Momentu honetan Ermuko Institutuan ari naiz, plastika eta marrazketa teknikoa ematen ditut. Baina hasieran esan duzun bezala, txoratuta zabiltza musikarekin. Momentu honetan gehien motibatzen nauena da. Gitarra jotzen 1996an hasi nintzen, baina gogoan dudan nik idatzitako aurreneko abestia 2000. urtekoa da. Hori da gustatzen zaidana, konposatzea eta abestea. Proiektu ugari izan dituzula eta, has gaitezen hasieratik: Flyshit. Oroitzapen onak ditut talde hartatik, eta urte mordoxka bat aritu nintzen bertan. Baina nahiko musika gogorra egiten genuen garai hartan, eta egia esan formatu akustiko baten bila nenbilen; nahikoa zarata neukan nire bizitzan musikan ere edukitzeko. Mahaster River taldeko kideak. Argazkia: Unai Ziarsolo. (Mahaster Riverrek utzia). Orduan eman zenuen bakarka aritzeko urratsa: Azkaiter Pelox. Flyshit utzi nuenean, nahiko ausart eman nuen pausua, ez baineukan beste proiekturik. Arte Ederretako 2004ko kurtso bukaeran kontzertu bat eman nuen nik bakarrik Azkaiter Pelox bezala, eta horrezkero mordoxka izan dira. Eta urte hartantxe ere Mahaster River (oraingo taldea) sortu zen, ezta? Bai, 2004ko abenduan, zehatzago esanda. Mahaster River hala ere ez da oso talde tipikoa... Halaxe da. Bateriarik gabeko taldea gara eta nahiz eta hasiera batean bila ibili ginen, ez genuen topatu. Lau urte daramatzagu formatu honekin, eta esan genezake asmatu egin dugula. Gitarra zaleak gara, hirurok jotzen dugun instrumentua da eta. Nola moldatzen zarete konposatzerako orduan? Bi formula ditugu. Alde batetik, nik idazten ditudan letrek akorde pare bat edukitzen dituzte eta denon artean konposatzen ditugu abestiak. Bestetik, hiruron artean ateratzen ditugu kantak. Disko berriaren aurkezpena. Argazkia: Mahaster Riverrek utzia. Disko berria aurkeztu berri duzue: Nahasterreka. Bai. Gure formatu berezia mantentzen den arren, Nahasterreka diskoan miresten ditugun lagun musikari batzuk ere agertzen dira kolaborazioak eginez: saxoa, teklatua, gitarra elektrikoa... Estiloari dagokionez, denetarik hartu eta nahastu egiten ditugu: rocka, funkya, soula... Baina gure apustu nagusia formatu desberdinaren aldekoa da. Abestiak euskaraz eta ingelesez konposatzen dituzue... Hala ere, esan behar da guk euskararen aldeko apustua egiten dugula, abesti batzuetan bi hizkuntzak nahasten ditugun arren. Niretzako behintzat garrantzitsua da euskaraz aritzea, askotan militantziagatik. Izan ere, zerbait garrantzitsua egiteko gaztelania erabili behar dela uste duen jende ugari ezagutzen dut, eta niretzako ez da horrela. Maleta egin eta kanpora ere joan zara emanaldi batzuk eskaintzera. Flyshitekin aritu nintzen azken urtean, 2005an, Katalunia aldera joan ginen eta gaur egun oraindik ere jendeak oroitzen ditu han eskainitako kontzertuak. Oraingo etapan ere joan gara kanpora; Mahaster River Eskozia aldean ibili zen 2007ko abuztuan. Ondo lotutako bi kontzertu bakarrik genituen arren, momentu hartan Edinburgon kalean egiten den arte eszenikoen festibala ospatzen ari ziren eta bertan ere aritu ginen, kalean. Baina baita pub batzuetan ere. Eta zer moduzkoa izan zen jendearen erantzuna? Kontuan hartu behar da folk pub batzuetan aritu ginela eta ikus–entzuleen adina gutxi gorabehera 50–60 urte tartekoa zela; hemen ohituago gaude 20–30 urte bitartekoen aurrean jotzera. Gainera, beste talde batzuek instrumentu gehiago dituzte (biolina, banjoa...) eta gu baxua, gitarra akustikoa eta hamabi sokatako gitarrarekin agertzen ginen eszenatokian. Erantzun desberdina eduki zuten, giro nagusiago batean aritu ginen, baina gustura geratu zirela iruditzen zait. Urte hauetan bakarlari gisa zein talde desberdinetan aritu zara. Bi estilotatik zein duzu nahiago? Egia da gauza desberdinak direla, baina nik taldearen aldeko apustua egiten dut zalantzarik gabe. Gehiago betetzen nau, bakarrik joatea baino hobe aldamenean lagunak edukitzea. Ondo pasatzeko, haserretzeko... Eta ba al duzu emanaldiak eskaintzeko gogoko tokirik? Nik behintzat bai. Gu aritzen garen zirkuitua desberdina da, tabernetan jotzen dugu batez ere, baina jatetxeren batean ere aritu izan gara eta gustura gainera. Baina areto asko atsegin ditut: gaztetxeetatik hasi eta kafe antzokietara, adibidez. Gaur egun musika taldeen arteko lehiaketa asko egiten dira. Zer deritzozu? Egia esan aukera mordo bat daude, eta ondo dago. Egia da nik ez dudala musika lehiatzeko egiten, baina dauden aukerak aprobetxatzen jakin behar da. Ez da erraza mundu honetako bidea, diru–laguntzak ez dira asko. Laguntzak aipatzen dituzula, azken aldian Kepa Junkerari emandakoak denon ahotan daude... Aurrena, Kepa Junkera musikari bezala miresten dudala esan behar dut, baina eman zaizkion diru–laguntzak gehiegizkoak direla iruditzen zait. Egia da bestaldetik, Guggenheim egiteko eman ziren diru–laguntzak ere gogor kritikatuak izan zirela bere momentuan, baina gaur egun jende mordo bat mugitzen duela ezin du inork ukatu. Bestalde, sortu diren kritiken gainean musikariak izan duen jarreraren inguruan pentsatzen dut ez dela egokiena izan. Baina berak eskatu eta dirua eman badiote, ardura ez da berea, eman dionarena baizik. Amaitzeko. Urte berria ere iritsi zaigu, zer eskatzen diozu 2009ari? Ba igaro berri duguna baino apur bat hobea izan dadila. Ez dut eskatuko gauza utopikorik, baina gustatuko litzaidake Euskal Herrian dohainik hiltzen direnak ez egotea, etxetik gertu ez daudenak egotea, eta mila gauza gehiago. Eta zergatik ez galdegin, taberna batean Mahaster Riverrek jotzen duela ikusten baduzu, sartu barrura! (barre) Unai Azkarate (Bergara, 1980ko maiatzak 12) Bergarako Aranzadi Ikastolan ikasi ondoren, 1998an Arte Ederrak ikastera joan zen Bilbora. Erasmus beka lortuta, urtebete eman zuen Kent Institute of Art and Desingen. Baina batez ere musikaren bidea gustuko du eta gitarra jotzen ikasi zuenetik proiektu ugaritan hartu du parte: Flyshit, Azkaiter Pelox eta Mahaster River, hain zuzen ere.