468 Zenbakia 2009-01-09 / 2009-01-16

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Alfre Elgezabal Burgos. (Kazetaria): Politikarekin lotutako gaiei garrantzia larregi eta gizarte gaiei tarte txikiegia ematen zaiela iruditzen zait

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Alfre Elgezabal

Portugaleten jaio zen Alfre eta gaur egun ere bertan bizi da. Irratiaren xarmak harrapatutako komunikatzaile bikaina dugu; gainera, Euskadiko Gazte Kontseiluan ere komunikazio teknikari gisa aritzen da. Bere lanbideaz eta gazteen arazoen gainean mintzatu gara elkarrizketatua izatera pasatu den erreportari gazte honekin.

Portugaletekoa...

Hala da. Kanpanzar Ikastolara joan nintzen, handik Ballonti Institutura batxilergoa amaitu arte eta ondoren Unibertsitaterako bidea hartu nuen.

Kazetaritza ikastera...

Egia esan, hasiera batean Bilboko Sarrikoko fakultatera joan nintzen Ekonomia ikasketak egitera. Baina lehenengo urtean damutu eta Leioan Kazetaritza egitera animatu nintzen. Eta pozik nago, izan ere, oso gustura ibili nintzen urte haietan bai ikasle eta baita irakasleen arteko giroagatik. Bete–betean asmatu nuen. Alfre Bizkaia Irratiko mikrofono aurrean.

Ba al zeneukan aurretik kazetari senik?

Nolabait esateko, Portugaleteko institutuan ikasten nengoela kazetaritzatik oso hurbil ikusten nuen nire burua; beti izaten nuen egunkariak irakurri eta albistegiak ikusteko nahi hori. Kontua da, karrera hau hartu aurretik jende askok esaten zidala kazetaritzaren bidea hautatuz gero miseria gorrian biziko nintzela eta horregatik hasi nintzen beste ikasketa batzuk egiten. Orain oso pozik nago, nire nahia egia bihurtu nuen eta.

Kazetaritzak baditu alor desberdinak...

Hemeretzi urte nituela hasi nintzen irratian eta beti oso gustura aritu naiz esparru honetan. Baina unean uneko kolaborazioak ere egin izan ditut zenbait argitalpenetarako. Irratiari lehentasuna ematen diot, dena den, honek zirrara sortzen baitit eta bete egiten nau kazetaritza lanean.

Bestalde, egunkarietan dabiltzanen eginbeharra gogorra iruditzen zait, eta kazetaritzan gutxien baloratzen den lana dela esango nuke; bide batez, gogorrena ere badela uste dut –bai lan antolaketa eta baita ordutegiei dagokienez. Gehiago balioetsi beharko litzateke.

Irratia maite duzu. Zer da bertatik gehien atsegin duzuna?

Azkenean hainbat irratsaio eta lanetan ibilitakoa naiz beste lankide asko legez. Baina agian politena kalean ibiltzea da niretzako, zuzeneko jarraipenak eta konexioak egitea. Gertutasuna ematen duen baliabidea da irratia eta mikrofonoaren bestaldean egotea eta zure sorkuntza iritsaraztea ederra da. Bestalde, elkarrizketen kasuan, kazetari eta elkarrizketatuaren arteko hartu–emana freskoa baldin bada, hor ere oso gustura sentitzen zara. Kubako Villa Clara probintzian hartutako argazkia.

Esaguzu oraindik eman ez baina irratiaren bitartez zabaldu nahiko zenukeen albiste bat.

Nik gizarte gaiak jorratzea atsegin dut batez ere, eta horregatik albiste bat aukeratu beharko banu, Euskal Herriko pobrezia egoera amaitu dela izango litzateke. Politikarekin lotutako gaiei garrantzia larregi eta gizarte gaiei tarte txikiegia ematen zaiela iruditzen zait.

Egia da garapen bidean dauden gizarte askotan pobrezia oso gorria dela eta miserian bizi direla. Hala ere kasu, hemen ere oso soldata kaxkarrak dituzten gazte asko badaude, soldata eta pentsio eskasak dituzten alargun ugari bizi dira gure artean... Eta guzti horien bizi kalitatea lehenengo mailako herrialde honetan, azkenengo putzuan aurkitzen da. Gure gizarteko miseria desagertzen dela edota behintzat benetako neurriak hartzen direnaren albistea eman nahiko nuke.

Ezin da ezeztatu jendeak errealitate gordina horren gertu izan arren, beti kanpora begiratzen duela...

Pentsatzen dugu nolabaiteko bizimodua dugulako, herrikide guztiak gure antzera bizi direla, eta ez da horrela. Hiri handietan esaterako, bazterketa soziala bizi duten auzoetan jende asko dago, baita gure adinekoak ere, eta zoritxarrez, ahaztu egiten zaigun gaia da.

Kontzientziazioa ote da hobetze aldera egiteko aurreneko urratsa?

Hori pentsatzea gustatuko litzaidake, eta berdintasuna topatuko genuke modu horretan.

Gertatu al zaizu bitxikeriarik irratian?

Orain loteria kontuak pasatu direla eta, horrekin erlazionatutako pasarte xelebre bat etortzen zait burura. Gabonetako loteriaren jarraipena egitea egokitu zitzaidan urte batean eta sari potolo bat Barakaldoko Gurutzeta auzoan egokitu zen. Bertara iritsi eta administrazioko jabea ez zegoen bertan, eta pertsiana jaitsita zegoen. Hala ere kanpotik kazetariok zarata arraro bat entzuten genuen, zurrunga antzerakoa; gure ezusterako pertsianaren bestaldean jabea lotan zegoen!! Kalera irten zenean gure ahotik jakin zuen saria banatu zuela!

Gaiz aldatuz, Euskadiko Gazte Kontseiluan ere bazabiltza.

Hala da. Gazte elkarte desberdinek osatzen duten plataforma da EGK. Autonomoa da eta asanblada batek hartzen ditu erabaki guztiak; ez dago –askok uste duten bezala– ez administrazio, ez elkarte politiko ez besteren pean. Oso anitza da, kolore ezberdinetako taldeak daude, bai aisialdiari, bai enpleguari, bai ekologiari edota baita etorkinei begira lan egiten dutenak, erlijioso eta ez erlijiosoak...

Eta zer egiten duzue bertan?

Gure helburu nagusia gazte elkartegintza sustatzea dela esango nuke, uste baitugu gizarte baten eraldaketa bide horretatik –kolektibitate eta elkarlana– datorrela. Aldaketa hori batez ere gazteen bizi–baldintzetara bideratzen dugu. Horren barruan, lehenengo aldarrikapena emantzipazioa da; ez bakarrik gurasoen etxetik irtetea, baizik eta gazte batek hiritar izateko eskubide guztiak barneratuak izatea.

Gure beste aldarrikapenen artean, lan prekarietatearen kontra jardutea –enplegu duin bat edukitzeko– etxebizitzarako sarbidea eskubide legez izatea da. Bide batez, gazte elkarteek amankomunean gauza ugari dituztenez indarrak batzera hots egiten ditugu, ezberdintasunak areagotu barik. Bestalde, askotan administrazio eta talde desberdinen arteko bitartekaritza lana egiten dugu.

Gazteak ahulagoak al gara aipatu dituzun egoera horien aurrean?

Segurutik baietz. Azken batean lan merkatuan denbora gutxien daramatzagunak gu geu gara. Adibidez, bekadunek hainbat enpresa, eta okerragoa dena, erakunde publikoetan izaten duten tratamendua oso gogorra dela esango nuke, ez da batere duina izaten. Zenbait enpresaburuk gazteenganako sustatze neurri gutxi izaten dute eta eskubideak nahiko urratuak egoten dira. Eremu askotan ematen da, landa, hirietan, eskolatan... Soweton (Hegoafrika) egon zeneko argazki bat.

Krisiak ere denok eragingo gaitu...

Bai, baina batez ere beharginek jasango dute. Gainera, administrazioetatik ikusten dena diru–laguntzak langileei barik enpresaburuei ematen dietela da. Desoreka sortzen du horrek, enpresa askok laguntza horiek eduki arren, erregulazio neurriak hartuko baitituzte beraien mesedetan. Krisiaren kalteak ordaindu? Langileek, gazteek eta emakumeek.

Arazo hori ere badago, gaztea eta emakumezkoa izatea...

Hobetze aldera doa baina ez dago guztiz normalizatua egoera. EGKn 2008an atera genuen Gazteak eta lan prekarietatea izeneko txostenean datu esanguratsuak agertzen dira. Ehunekoei begiratuz gero gazteak eta emakumeak dira egoera gehien sufritzen dituztenak, eta gazteen artean gazte–emakumeek zailagoa dute.

Horri aurre egiteko formula magikorik egongo al da?

Genero berdintasunean oinarritutako hezkuntza global bat izango litzateke, gurasoen hezkuntzatik hasi, eskolara pasa eta hezkuntza ez formalera –aisialdi taldeak, kalean...– igarotzen dena. Guk hezkuntza ez formalaren aldeko apustua egiten dugu zalantza barik eta EGKren barruan badaude horretan oinarritzen diren elkarte ugari. Azpitik hasi beharreko lana da, izan ere, administrazioek neurri batzuk sor ditzaketen arren, unean uneko neurriak besterik ez dira, dagoeneko hezkuntza jasota duten pertsonei zuzenduak. Horrekin ez dut esan nahi bide horiek jorratu behar ez direnik.

Goazen zaletasunetara. Hotzaren lagun ez zarela entzun dut eta agian bidaiatu beharra izango duzu gainean daukagunarekin...

(Barre) Egia da eta gainera zaletasunen bat aukeratu beharko banu bidaiatzea izango litzateke. Baina ez dut turista legez egiten, gehienetan lurraldea beste modu batez ezagutzea nahiago baitut, bertako jendearen eskutik batez ere. Hala, nola bizi diren eta zein arazo dituzten hobeto ezagutzeko balio dit. Horretarako Euskal Herrian aukera ugari daude, brigadista moduan edota Gobernuz Kanpoko Erakundeen bidez, esaterako. Eta nik neuk asko gozatzen dut horietan.

Zein tokitan egon zara?

Azken urte hauetan zortea izan dut eta Hegoafrika, India, Finlandia, Kuba eta beste hainbat tokitan egoteko parada eduki dut.

Eta zenbat denborako iraupena izaten dute bidaiek?

Lanean bazabiltza hilabeteko oporraldia aprobetxa dezakezu bidaia horiek egiteko. Bestalde, nik ez dut eduki eszedentzia hartzeko aukera, baina gustatuko litzaidake. Aurten Sahara eta Ekuadorrera joateko ideia daukagu eta etorkizun batera begira lana eta zaletasun hau uztartzea gustatuko litzaidake.

Mendia ere afizioen artean daukazu...

Bai, izugarri atsegin dut! Eskaut begiralea izan nintzen zortzi urtez eta hortik datorkit zaletasuna. Portugalete eta Ezkerraldean ez dauzkagu mendi askorik baina askotan joaten naiz lagunekin.

Zein txoko gomendatuko zenieke gure irakurleei?

Niretzako badago toki berezi bat, Goierrin. Txindoki menditik Aralar guztia zeharkatu eta Sakanarako bidea izango litzateke. Askatasun handia sentitzen da bertan. Alfre Elgezabal (Portugalete, 1980ko azaroak 5) Portugaleteko Kanpanzar Ikastola eta Ballonti institutuan ikasi zuen Alfre Elgezabal Burgosek. Kazetaritza ikasi zuen Leioan, eta batez ere irratigintza egin du; Bizkaia Irratia, Euskadi Irratia eta beste hainbatetako uhinetan zehar entzun da bere ahotsa. Gainera, Euskadiko Gazte Kontseiluko kidea ere bada, komunikazio arloan, hain zuzen ere.