467 Zenbakia 2009-01-02 / 2009-01-09
“Zer eskatzen diozu urte berriari?” urte bakoitza amaitzear dagoenean mundu guztiak egiten dizun galdera da. Orduan, galdera guztiekin bezala nik nire buruari galdetzen diot berdina, baina blokeatu egiten da, eta erantzun bat eman beharrean, mila galdera gehiago egiten dizkit: “zergatik eskatu behar diot zerbait urte berriari?”, “zer eskatu diezaioket?”, “zer aldatzen da urte batetik bestera, normalean ikasturteka funtzionatzen badugu?”...
Hiru galdera hauei erantzuna bilatzen ahaleginduko naiz, bide batez nire buruarekiko lana eginez. Zergatik eskatu behar diot zerbait urte berriari?
Badirudi urte berriak bizitza propioa daukala eta norberak ez duena lortu emango dizula, batzuk esango dute eskatzearena metafora dela eta berez norberak bere buruari erronkak jartzean dagoela koska; baina orduan zergatik itxaron urte berriari? Zergatik ez gara gure burua argitzen ahalegintzen eta ez ditugu gure helburu eta asmoak zehazten uneoro? Ez diot zentzu gehiegirik hartzen urte berriari zerbait eskatzearen kontuari, ez naiz superstizio zalea eta zentzu batean galdera hau... Zer eskatu diezaioket urte berriari?
Galdera honen aurrean milaka erantzun entzun ditut, betikoak liratekeenak: osasuna, maitasuna, lana, dirua... Mesedez! Eskatzea erraza da, baina lortzeko borrokatu egin behar da, egunerokoan hor egon, lan egin... Osasuna izateko gutxienez zaindu egin behar zara, ez kaka pila sartu, edo jan eta lo bakarrik eginez bizi. Burua eta gorputza zaindu egin behar dira egunero, obsesionatu gabe, eta hala ere, agian gaitz hereditario edo kutsakorren bat erraz hartu dezakegu, beraz alperrik da hori eskatzea.
Eta dirua? Diruak ez du zoriontasunik ematen, eta laguntzen duela onartu behar dudan arren, ba batzuk zorte handiarekin jaio ziren eta beste batzuk gutxiagorekin. Orduan lan eginez ahal duguna lortu eta bizirauten dugu, baina dirua ezin da eskatu, ez da zerutik erortzen. Amets zoro bat da hori, eta gainera bizitzeko lain baldin badaukagu, ez dezagun pentsatu diruak zoriontasuna ekarriko digula; zoriontasun materiala hutsala baita.
Eta maitasuna? Oraindik printze eta printzesa urdinetan sinesten duenik ba al dago? Desio edo eskaera honen inguruan hainbat puntu aztertu daitezke, adibidez, jendarte honek ezarri digun paperaren barruan, badirudi bikotea izatea, ezkontzea, umeak izatea direla derrigorrez egin beharreko gauzak, bestela arraroa zara eta ez duzu sekula lortuko guztiz zoriontsu izatea, eta horregatik jendeak maitasuna eskatzen du inor konkretua maitatzen ez baldin badu ere. Egoera ederra da, baina ez baduzu pertsona jakin bat maitatzen, ez eskatu amodioa jendartearen idealean dagoelako. Zer aldatzen da urte batetik bestera, normalean ikasturteka funtzionatzen badugu?
Galdera honi erantzuna bilatzea oso zaila egiten zait, azken finean urte zaharretik berrira pasatzean, normalean lan edo ikasketa berdinak egiten jarraitzen dugulako, eta nik behintzat, bi astetako oporren ostean berdin jarraitzen dudalako. Nire kasuan behintzat une hori –zikloa amaitu eta beste bat hastearen kontua– udak markatzen du, hots, kurtso baten amaierak eta beste baten hasierak.
Baina hau iritzi artikulu bat da, nire iritzia besterik ez, eta norbaitek urte berriari zerbait eskatu badio ba zortea izan dezala eta bete daitezela bere eskaerak; hori opatzen diot. Eta nire antzera pentsatzen duenari, urte, egun, aste, hile, urtaro, une... Berri onak eta pozik bizi!