Euskonews Gaztea
Gaiak: Ei Gazte! 2009. urtean
Ei Gazte!, Eusko Ikaskuntzaren Gazteria saila, duela urtebete jarri zen abian eta gazteak izan dira hasiera hasieratik proiektuen sortzaile eta baita ekintzaile ere. 2009an ere gazteekin eta gazteentzat lan egitea izango dugu jomuga, gazteriarentzat erakargarriak izan daitezkeen programak eta ekimenak garatuz.
2009. urtean Eusko Ikaskuntzak erronka nagusia izango du “Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza” titulupean azaroaren 18, 19, eta 20an Gasteizen egingo den XVII. Kongresuaren antolatzaile den heinean.
Gazteek ere erantzukizuna hartuko dute horren ekimen garrantzitsuan eta beraien parte–hartzea ezinbestekoa izango da. Kongresuan honako gaiak landuko dira: Berrikuntza Abiapuntuan eta Zeharkakotasunean, Globalizazio, Gizarte Tentsioa, Gizarte Solidarioa, Genero Sistemak, Justizia, Bizi Kalitatea, Guztionari Balio Handiagoa Ematea eta Gizarte Memoria.
2009.urteko Ei Gazte! Sariak ere Kongresuarekin harremana edukiko du eta bertan aurkeztutako lan interesgarrienek lortuko dute saria. Ei Gazte!–k baloreetan hezitako gazteria euskalduna lortzen laguntzea du xede, irizpide kritiko eta analitikoa esnatuz eta Kongresua horretarako lanabes garrantzitsua bihurtuko da dudarik gabe.
Hala ere, 2009. urtean Ei Gazte!–ren ibilbidea ez da Kongresuan geldituko, gazteriarentzat eta oro har gizartearentzat erakargarriak diren proiektuak martxan jartzea izango du helburu nagusia.
Europear Batasuneko “Gazteak Ekinean” programa, europear gazteriarekin proiektu desberdinak garatzeko marko bihurtuko da hasi berri den urte honetan ere, Europear Bolondres Zerbitzuak eta Nazioarteko Ekimenek 2009an ere bere jarraipena izango dute.
Tailerrak eta Auzolandegiak ere urteko programaren barruan puntu nagusia bihurtuko dira. Urtean zehar Ondarea eta Identitatea, Aztarna Ekologikoa, eta Hizkuntza Gutxituak izango dira Ei Gazte!ren tailerrak. Hiru tailerretan metodologia parte hartzailea, irekia eta aktiboa erabiliko da. Bestetik, beka deialdiek ere paper garrantzitsua beteko dute urteko programazioan eta ikerketa beka desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute gazteek.
Euskal gazteriak 2009an badu zer esana eta sortu berri den www.eigazte.com web orrialdea izango da gazteen asmoak, ideiak eta iritziak jaso eta helerazteko tresna. Ez galdu aukera eta klik bat nahikoa izango duzu eskaintza guztiaz jabetzeko.