Euskonews Gaztea
Gaiak: Azken eskaera eskutitza
Badaukat esperantza txiki bat oraindik. Olentzero ez da pasa geuretik, baina hari eskatutakoa urte berri honetan jasoko dudala irakurri nahi izan diet izarrei. Kontua da iazko burutazio berdinak idatzi nizkiola eskaera orrian, eskutitzean, eta dagoeneko ikazkina aspertuta egongo da ziurrenik.
Urtea joan, urtea etorri, albiste onak menditik edo zerutik noiz iritsiko zain jarraituko dugu guk bitartean. Erdi aspertuta, edota erabat aspergarri zenbaitetan. Nahi genuena lortu ez badugu, urtea gure aurka oldartu dela–eta kexuka; eta uzta ona jaso badugu ere, datorrena hobea izan dadila erregutzen.
Bada, 2008. urtearen errepasoa aurrekoaz egindakoaren antzekoa dela sumatzen da lagun artean. Azkenaldian krisialdiak (iritsi denak edo ate joka dugunak) zipriztindutako elkarrizketa eta kezkak ditugu mahai gainean, eta badirudi garai berriei osasuna eskatzearena bigarren maila batera pasa dugula halabeharrez. Baina osterantzean ez da aldaketa nabaririk solasaldiotan. Alegia, osasuna, dirua, maitasuna, bakea... betikoa eskatuko diogu beste behin urte berriari, lehentasunen ordena pixka bat aldatuz bada ere. Eta hemendik hamabi hilabetera ere, ziurrenik eskaera horiek errepikatuko ditugu. Zaharrak berri.
Finean, badirudi gure bizitzen errepasoa urtea aldatzeko garaian baino ez dugula egiten. Eguneroko kontuek pisua galtzen dute halako irakurketa orokor bat egiterakoan, eta akaso Olentzerok berak ere zaila izan ohi du hori guztia barreiatzen hastea. Izan ere, erantzukizuna ez du gero makala! Nola ekarriko du ba tximiniatik behera guk nahi dugun guztia, hori dena lortzeko guk geuk zerura begira eta besoak gurutzatuta jarraitzen dugun bitartean?
Ezinbestekoak ditugun arren, jakina da badaudela gure kontrolpetik kanpo geratzen diren desioak, gutiziak, beharrak. Edozer eginda ere, ezin ditugunak lortu egun batetik bestera, ez eta urte batetik bestera ere. Baina badira beste zenbait ere, oharkabean pasatzen zaizkigunak, izan baditugunak baina ez ohi ditugunak sarritan ikusten. Egunerokoak, bizirauten lagungarri zaizkigunak, eta isilean ahazten ditugunak.
Esperantza txiki bat badaukatela diot bada. Izarrei begira jarraitu baino, agian gure ingurura so egin eta egunez egun ereiten dugunari erreparatuko diogulakoan. Eskatzen jarraitu ordez, oraingoan bila joango garelakoan; eta lortzeko ahalegin haina egin ez dugunean ikazki?az edo joandako urteaz gaizki esaka hasiko ez garelakoan... Gainera, ez al da ba esaten krisialdi garaietan bizirautea dela erronka bakar eta nagusiena? Horiek hala, nik dagoeneko hartua dut 2009ko lehen erabakia: ez naiz abenduaren zain geratuko nire eskaera eta erronkak zeintzuk diren zehazteko. Iazkoa nuen azken eskaera eskutitza.