468 Zenbakia 2009-01-09 / 2009-01-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gasik ezean...

AIESTARAN, Nagore



Urte berriak elurra ekarri du eta kaleko hotza nabaritzen dugu Euskal Herriko toki gehienetan. Ohi denez, egoera horrek mendate batzuk ixtea ekarri du, bideetan elurra kentzeko makinak agertu zaizkigu eta gatz tonak prest egon dira edozein zailtasun menderatzeko asmoz. Hala ere, horrek ez du eragozten noizean behin auto–istripuak ematea.

Etxeetan, lantegietan, bulegoetan, tabernetan... Goxo–goxo egoteko aukera edukitzen dugu toki horietan. Normalean, botoi bat sakatzea besterik ez dugu egin behar hogei gradutik gorako tenperatura lortzeko. Energia gastatuz eta kutsadura mailak handituz, sarritan neurri–gabe jokatzen dugula argi dago. Adituek berogailua piztuz gero, 20–21 gradu bitartean jartzea gomendatzen dute, etxean praka eta mahuka motzetan ibili beharrean, jantziago egotera ere animatuz.

Zer gertatuko litzateke egun batetik bestera gasik edukiko ez bagenu gure berogailuak hornitzeko? Errusiatik Europara igarotzen diren gas hodiak itxi egin dira 2009ko aurreneko egun hauetan, eta kantitatea modu esanguratsuan murriztu dela diote etengabe komunikabideetan. Errumania, Bosnia–Herzegovina eta Serbia dira besteak beste, eragina nabaritu duten herrialdeak. Momentuz egoera ez da gugana iritsi, baina irudikatzen al dugu etxeak berotu ezinik egunak edota asteak igarotzea? Erosotasunera ohituegiak ote gauden ere pentsatu beharko genuke.

Agian hasierako baliabideetara itzuli beharko ginateke, berogailua ez baita gaur egungo asmakuntza. Antzina, jendea berotzeko modua gela batean sua egitea eta horren inguruan biltzea zen; gerora tximiniak sortu ziren. Erromatarren garaian berriz, egoera apur bat hobetu zen eta sua gela berean egon beharrean, leku berezi bat izaten zuen; ondoren, lurrazpiko hodi batzuei esker berotasuna eraikin guztitik zabaltzen zuten. Uraren bitartez ere epeldu daiteke giroa, eta kanpoko hotzari aurre egin.

Noski, ez gaude horretara ohituta eta argi dago bizimodu horiek lan gehiago eskatzen dutela. Izan ere, soilik atzamar bat erabiliz ditugun abantailen aurrean, esaterako egurra mozteko abilezia eskuratu beharko genuke...

Prest egongo al ginateke? Gai izango al ginateke?