Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak baserri munduan barrena
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gazteei etorkizunean zer egin behar duten jakitea eskatzen zaie maiz, eta nahiz eta askok badakiten bizitza norantz bideratu nahi duten, beste batzuek oraindik zalantzak izaten dituzte. Ikasketekin jarraitzea edota curriculumak bota eta lanean hastea dira aukeretariko batzuk. Azken kasu horretan, orokorrean fabrikak hautatzen dituzte beharrerako, baina badago baserriaren deia sentitu eta probatzea erabakitzen duenik ere.
Historikoki, Gipuzkoa–Bizkaia eta Araba–Nafarroan nekazaritza moduak desberdin eman dira. Aurreneko bietan, baserriari lotuta esplotazio bat egon izan da ia beti. Beste bi lurraldeen kasuan berriz, jendeak herri txikietan eduki du etxea eta bakoitzaren lur eremua ez da egon etxebizitzari lotuta. Landa eremutik industria guneetara mugitu zen jendea bizimodu hobearen bila, eta garai batean baserriak hutsik geratzen hasi ziren. Baina historiak bira eman eta egun alderantzizko joera ematen ari da; ondorioz, bizimodu honetan aritzeko demanda handituz doa.
Hala ere, gaur egun, baserriari buruz mintzatzen garenean, errealitate ezberdinekin egiten dugu topo. Hasteko, alde batean kaletik landa gunera joandako jendea aurkitzen dugu eta bestetik, betidanik baserriari lotuta egon direnak.
Adinari dagokionez, denetarik dagoela aipatu dio EUSKONEWS GAZTEAri Bizkaiko EHNEko formazio arduraduna den Unai Arangurenek. “Hogei urtetik aurrerako jendea animatzen da baserri mundura gerturatzen, baina aurreneko pausua beste toki batzuetan ematen dute, lantegietan eta abar. Gainera, zenbait kasutan sektore hau ezagutu gura duten 40 urte inguruko pertsonak ere etorri dira EHNEra”. Izan ere, nola hasi ez dakiten askok nekazaritza sindikatu hau aukeratzen dute aurreneko urratsen inguruan argibideak eskuratzeko. Ikastaroak, moldatzeko
Inor ez da jakitun jaiotzen. Baserria betidanik ezagutu edota nekazal eskoletan aritu ez den jendea hiritik landa guneetara mugitzerakoan, ezjakintasunak irabazten du gehienetan, eta hori kontuan hartuta EHNEk ikastaro ugari antolatzen ditu laguntzeko asmoz. Euskal Herrian zehar izaten diren arren, Bizkaian burutzen dira gehien bat. Iazko kasuari dagokionez, 70 ikastaldi antolatu zituzten, eta horietan ia mila pertsonek eman zutela izena aipatu digu Aitzol Uriarte EHNEko kideak.
Aurten ere eskaintza zabala edukitzea eta jendearen erantzuna ere bikaina izatea espero dute antolatzaileek. Aurrenekoa urtarrilaren amaieran jarriko da martxan, Diman eskainiko dute eta artzain–txakurren prestaketa izango du xede. Algortan kontserba eta mermelada artisau eran egiten irakatsiko dute otsailean. Lemoiz eta Abadiñon nekazaritza ekologikoaren nondik norakoei buruzko eskolak emango dituzte otsailean eta martxoan, hurrenez hurren. Esnekien transformazioa egiten ere ikasiko dute Urduñan interesatuek martxoan. Bizkaitik kanpo ere burutuko dira ikastaro batzuk eta Iruñearen kasuan adibidez, oraindik datak zehazteke egon arren, fitosanitarioen aplikatzea eta ardo dastatzea dira aurreikusita dituzten saioak.
“Izena emateko, gurekin harremanetan jartzea besterik ez dute egin behar interesatuek,” argitu digu Unai Arangurenek, “eta horretarako, gure webgunearen bitartez edota telefonoz hots eginez nahikoa da.” Praktikak egiteko aukera
Baserria barrutik ezagutu eta lan egiteko bidea ere errazten du EHNEk. Horretarako lan poltsa daukate eta bide batez, praktikak antolatzen dituzte. “18–30 urte bitarteko jendea instalatu berriekin jartzen ditugu lanean, eta modu horretan, baserri mundua bertatik bertara ezagutzeko parada edukitzen dute,” aipatu digu Arangurenek. Bere esanetan, askok idealizatuta daukate bizimodu hau eta behin probatuta, gutxi batzuk atzera egiten dute. “Baina gehienak, ohitzen dira baserriaren erritmora.”
Sakrifizioa beharrezkoa den arren, baserriak poztasun ugari eman ditzakeela argi geratzen da. Askoren ustez, egun ezin da bertatik soldata atera, baina testigantza ezberdinek (linka bideora) kontrakoa adierazten dute. Noski, horretan jarduteko ilusioa eta bokazioa ezinbestekoak dira, baserria lana baino, bizimodu bat baita.