470 Zenbakia 2009-01-23 / 2009-01-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Manex Goihenetxe

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) jaio zen Manex Goihenetxe 1942ko irailaren 22an. Eusko Ikaskuntzako kidea hau, historiagilea, irakaslea eta politikari gizona zen eta 2004ko maiatzaren 2an hil zen mendi istripu batetan.

Historia eta Irakasle ikasketak egin zituen Toulouse eta Paueko Unibertsitateetan. Bi tesi osatu zituen, Nafarroa Beherako Foru modernoari buruzkoa aurrenekoa, Ipar Euskal Herriko historiografiaz bigarrena. Ia bizitza osoa bere jakituria besteengana iritsaraztea izan zuen helburu, eta horrexegatik irakasle aritu zen, Kanboko Xalbador Kolegioan eta baita Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ere; azken horretan hartu zuen erretiroa 2003an. Manex, 2001ean.

Manexek Euskal Herria mugarik gabe, hau da, bere osotasunean ikusteko gaitasuna zeukala diote ezagutzen zutenek, eta horrek ikerketa sakonak egiteko aukera eman zion historiari dagokionez. Hala, Histoire générale du Pays Basque izan da bere lanik osatuena; lau liburu argitaratu dira 1998, 1999, 2001 eta 2002an.

Baina ikertzen eman zituen urte guztietan zehar, ikerlan ugarik osatu dute Manexen liburutegi pertsonala. Horien artean, esaterako, Histoire de la Colonizacion Française au Pays basque, Livre Blanc de la langue et culture basques (1974), L’opression culturelle français au Pays Basque (1981), Pays Basque Nord: un peuple colonisé, Uztaritze au milieu du XII siecle (1981), Baione guide historique (1986), Lapurdi historian (1987) eta Histoire de la Colonizacion Française au Pays basque (1997) daude.

Politikan ere ibili zen baxenafarra. Hala, EHASeko (Euskal Herriaren Alderdi Sozialista) sortzaileetariko bat izan zen eta sigla horiekin behin baino gehiagotan izan zen hautagai, 1978an aurrena eta 1979an ondoren. Abertzaleen Batasunarekin ere aurkeztu zuen bere burua 1999an.

Esan bezala, irakaskuntzarekin lotura izan zuen gizon honek. Irakasle izateaz gain, Seaskako idazkaria izan zen 70. hamarkadan, IKAS Elkartean lan ugari egin zuen eta Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetariko bat izan zen. Azken horretako idazkari nagusi eta zuzendari karguak bete zituen 1973 eta 1976 urte bitartean.

Herria, Egin, Egunkaria, Gara, Larrun zein Berria agerkarietan publikatu zituen besteak beste, bere lanak. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Manex 1975eko ekainaren 27an eta 2002an UEUk omenaldia egin zion.

Mendi ibilaldietara zaletua, Biarnon hil zen afizio horretaz gozatzen ari zela. Hala ere, etorkizunerako geratu dira bere jakin–min eta lanerako grinari esker sortutako Euskal Herriko historiaren pasarte ugari utzi ituen lanak.