471 Zenbakia 2009-01-30 / 2009-02-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Candelaria, Blas eta Agedaren omenezko jaiak

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Hasi dira Maskaradak Zuberoan eta horrek inauteriak gertu daudela adierazten digu. Hala ere, otsaila iristearekin batera euskaldunon artean ezagunak diren beste hiru data ageri zaizkigu egutegian: Candelaria, San Blas eta Ageda Deuna, hain zuzen. Baina hiru egun seinalatu izan arren, lau bezala kontsideratu daitezke, toki askotan Ageda Deuna bezperak protagonismoa hartzen baitu. San Blas feria Abadiñon, 1911an.

Urteko bigarren hilabeteak jarraian bizi ditu ospakizun horiek; otsailaren 2an hasita, hilaren 5era arte bata bestearen atzetik iritsiko dira. Candelariaren txanda da aurrena eta beste bi festak bezala, hau ere aspaldiko tradizioa da. Antzina, jai hauen helburua babesa eta garbitasuna bilatzea zen.

Hala, otsailaren 2a iritsita, kandelak hartu eta horiek bedeinkatzeko usadioa zuen jendeak; ondoren erabilera ezberdinak ematen zitzaizkien. Sineskeren arabera, esaterako ekaitza egotea nahi zuenak etxe barruan piztu behar zuen zutargia; edota lurra zein uztak babestu nahi zituenak berriz, soroetan propio jarritako gurutzeetan argizari tantak botatzen zituen.

Hurrengo egunean, San Blasen txanda iristen da, gaixotasunen aurrean babesa eskatzeko unea. Askok ezagutzen dute data hori bere omenez egiten diren feriengatik (Abadiñon kasu) edota eskualde batzuetan jaten dituzten anis-opilengandik, esaterako. Besteek, egun horretan kordel bat lepoan zintzilikatuz omentzen dute santua. Baina zertarako? Eztarriko minik ez edukitzeko denbora batez. Ageda Deuna bezperako koruak Hernanin.

San Blas eguneko ohituren jatorria, Armeniako Sebaste herrian aurkitzen omen da. Bertan, Blas izeneko apezpiku eta martiri bat eduki zuten eta diotenez, honek eztarriko gaitzak sendatzeko gaitasuna zuen. Hortik omen dator gure arteko usadioa.

Azkenik Ageda Deuna eguna dugu eta otsailaren 5ean ospatu arren, zenbait tokitan bezperak indar handiagoa izaten du. Izan ere, taldetan batu eta etxez etxe kantuan joateko ohitura duten herri ugari aurki ditzakegu Euskal Herrian. Eskuan makila dutela eta horrekin abestien erritmoak jarraituz, abesti zaharrak berreskuratzen dituzte. Aspaldi, trukean janaria edota ematen zitzaien koru horiei, askari eder bat egin edota bildutakoarekin ekintza on bat burutu zezaten.

Sinesmenak gora, sinesmenak behera, aspalditik gure kulturako parte diren tradizioak ditugu jaso berri ditugunak, eta emandako argibideekin apur bat hobeto ezagutzeko balio izana espero dugu. Erlazionatutako artikuluak: ::Aretxabaletako zenbait jai ::Agate Deuna Amurrion

Agate Deuna (Eskale kopla honek bertsio batzuk ditu. Ondokoa, dibertsitate horren ale bat da.) Abesbatza bat kopla bat abesten ari da baserri baten parean. Etxeko andreak, atetik entzuten ditu. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

AINTZALDUN DAIGUN AGATE DEUNA BIHAR DA BA DEUN AGATE ETXE HONETAN ZORION HUTSA BETIKO IZANGO AL DABE EZ GAUDE OSO ABERATS DIRUZ EZTA ERE OÑETAKOZ BAINAN EZTARRIZ ONDO GABILTZA TA KANTA NAHI DEGU GOGOZ (berriz)

ZORION ETXE HONTAKO DENOI OLEZ EGITERA GATOZ ATERIK ATE OHITURA ZAHARRA AURTEN BERRITZEKO ASMOZ EZ GAUDE OSO ABERATS DIRUZ EZTA ERE OÑETAKOZ BAINAN EZTARRIZ ONDO GABILTZA TA KANTA NAHI DEGU GOGOZ (berriz)

SANTA AGEDA BEZPERA DEGU EUSKALHERRIKO EGUNA ETXE GUZTIAK KANTUZ POZTEKO AUKERATUA DEGUNA SANTA MAITEA GAUR HARTU DEGU GURE BIDEKO LAGUNA HAREN LAGUNTZAZ BETE GENTZAKE EGUN HONTAKO JARDUNA (berriz)