Euskonews Gaztea
Gaiak: Abiadura kontrolak
Abiadura kontrolak egiten dituzte maiz gure errepideetan. Radarrak finkoak edota aldi baterakoak izaten dira eta abiadura muga gaindituz gero, isuna jarri eta batzuetan puntuak ere gal daitezke. Ez zait modu txarra iruditzen jendearen zoramena moduren batean kontrolatzeko; ziztu bizian joaten diren horiek trankil doazenei enbarazu egiten diote, eta ez alderantziz askok uste duten bezala.
Berdina egin beharko genuke eguneroko bizitzan burutzen ditugun ekintza gehienekin. Hau da, askotan zeregin bat egitea egokitzen zaigunean, korrika eta presaka aritzen gara eta azkenean gaizki eginiko lanarekin egiten dugu topo.
Nori ez zaio gertatu “atzorako” txosten bat egin behar izatea; ordu erdi barrurako bazkaria prest edukitzea; etxera lehenago iristeko azkarregi gidatzea... Txikia nintzela behin eta berriz entzuten nuen esaera zahar hark dioen bezala, lan lasterra, lan alferra. Eta normalean, atsotitzak arrazoi!
Horregatik noizbehinka gelditzeko agindu beharko genioke geure buruari, eta mantsoago egin beharko genuke aurrera bizitzan. Begiak itxi eta sakon arnasa hartu lanari ekin aurretik; berandu bagabiltza, atzera bueltarik ez dugula pentsatu eta hobetzen saiatu. Behin eta ondo egitea da garrantzitsuena, azkar eta gaizki baino.
Nire helburua etorkizunean gauzak txukun egitea da. Noski, horretarako, denbora hartu behar bada, nonbaitetik aterako dut. Baina oraina bizitzea funtsezkoa denez eta etorkizunean zer gertatuko den ez dakigunez, lasai hartu beharko genuke bizitza, (dakigunez) bakarra daukagu eta!
Abiadura neurtzeko tramankuluren batekin jaio beharko ginatekeela uste dut, baina gaur egungo bizimoduari erreparatzen badiogu, bizkortasuna da eskatzen dena eta ez liguke askorako balioko. Hala ere, nire proposamena botata, orain praktikan jartzea egokitzen zait. Erraza baita hitz egitea...