472 Zenbakia 2009-02-06 / 2009-02-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zertarako birziklatu?

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Esnearen tetrabrika hutsik dago, zaborrontzira. Ezertarako balio ez duten orriz beteta daukat tiradera, zaborretara hauek ere... Gauza bat bestearen atzetik, eta azkenean, etxean, ikastetxean edota lantegian sortzen dugun zakar kantitatea izugarria dela ohartuko gara.

Azken urte hauetan gure ohiturak aldatzen joan dira; orain dela ez asko, dena edukiontzi berdinera botatzen genuen, baina zorionez birziklatzeko geroz eta joera handiagoa daukagu. Horrek, etxean sortzen ditugun hondakinak bereiztera eramaten gaitu, eta kalean goazela kolorezko edukiontziekin egiten dugu topo.

Gaur egun ingurugiroarekiko dugun sentsibilizazioari esker, badirudi ekoizten ditugun produktuen osagai ugariri erabilera berri bat aurki dakiekeela. Besteak beste, papera, ontziak, pilak edota beira birziklatzera moldatu gara eta horri esker, kutsadura maila neurri handian jaistea lortzen dugu eta bide batez, naturarekiko dugun errespetua handituz goazela dirudi. Urdina, horia eta berdea...

Azken hamarkadetako joeraren eraginez, edukiontziak bete–bete eginda aurkitzen ditugu gure herrietan. Papera urdinean, beira berdean eta ontziak horian; hori izango litzateke banaketa egokia.

Zenbait ikerketen arabera, gutxi gorabehera sortzen dugun zaramaren %40a papera omen da. Azturak moldatu ditugu eta egun, haur zein gazteren kontzientziak etorkizunari begira daude. Orain zenbait urte munduko paper ekoizpen handiaren eraginez, basoetan azkar hazten ziren zuhaitzak landatzen ziren kasurik onenean, ez baita gertakari isolatua oihanen pixkanakako desagertzea. Baina egun, materialaren %50a birziklatzera bidaltzen dugu gutxi gorabehera.

Prozesua ahalik eta ekologikoena izateko, paperak dituen hainbat osagai kutsagarri bereizi eta tratamendu espezial bat eman behar izaten zaie fabriketan. Horregatik eta jarraitu beharreko beste urrats batzuengatik, maiz paper zuria baino garestiagoa da birziklatutakoa. Hala ere, poltsikoari begiratu beharrean, gure eta ondorengoen etorkizunari erreparatu beharko genioke.

Bestalde, aurretik esan bezala, horia da plastiko eta ontzien toki egokia. Hala ere, plastikoaz hitz egiten dugunean ez gabiltza material soil bati buruz mintzatzen ari, substantzia desberdinak biltzen dituen izen orokor edo generikoa dela esan genezake. Eta jakina, dena ez da birziklagarria. Horregatik, nahiz eta guk ontzi berezian bota plastikoa, ondoren datorren prozesuko lana bikoiztu egiten da material aukeraketarengatik.

Artikulu honetan aipatuko den hirugarren materiala kristala da, eta honek ere bizitza berria edukitzeko parada dauka egun. XX. mende hasieran kristalezko ontziak egiteko makina asmatu zutenetik, izugarri handitu da beiraren produkzioa eta ondorioz, metatzen den mota honetako zaborra ere handia da. Birziklapen instalazioetan kristalei material eta produktu ugari kendu behar zaien arren, horrek ez dauka emaitzan eragin handirik adituen arabera, eta ondorioz, behin eta berriz birzikla daitekeen gaia dugu beira.

Izugarri kutsatzen duten beste material batzuk ere banatu ditzakegu zabor arruntetik, esate baterako pilak, olioa edota medikamentuak. Ingurugiroari kalte ugari sortu diezaioketela eta, zientzialariak buru–belarri dabiltza hauentzako eta beste produktu batzuentzako irtenbide bila. Berrerabilpena ere, aukera

Birziklatzeko beste aukera bat berrerabilpenaren alde egitea da. Gainera, ekonomikoki ere nabaritzen da ondorioa, xahutu beharreko dirua gutxiago izango baita. Modu horretan, etxean ditugun kristalezko ontziak, ondo garbitu ondoren janaria gordetzeko poto bihurtzea erraza da, edota erosketak egitera goazenean, aurretik gorde ditugun plastikozko poltsak eraman ditzakegu, esaterako.

Zaborra bereizi edo ez, norberarena da erabakia. Keinu txikiekin, geroa hobetu daiteke eta tantaka etorkizuna landuz, bizimodu oparoagoren aldeko apustua egingo dugu.