474 Zenbakia 2009-02-20 / 2009-02-27
Inauteriak iritsi dira munduko zoko ugaritara, eta Euskal Herria ezin zen salbuespena izan. Askorentzat, Erromatar garaian existitzen zen eta kristautasun kutsua duen tradizioa da; baina beste batzuentzat gure artean oraindik zaharragoa den usadioa dugu inauteriena. Tolosako Inauteriak.
Egia esan, izendapen ezberdinak jasotzen dituen festa da. Horien artean daude, esate baterako, ihauteri edota aratuste; azken kasu horri dagokionez, haragia uztea esan nahiko luke. Hitzaren jatorria kristauen artean topatzen dugu, garizumak irauten duen berrogei egunetan okelarik ezin dela jan esan nahi baita. Modu horretan, inauterietan aprobetxatzen zen –edota dute– jakia azkenekoz jateko 40 egun igaro arte..
Baina beste zenbait iritziren arabera, ohitura hau kristautasunaren aurrekoa da, eta batez ere udaberriaren etorrerarekin egongo litzateke erlazionatuta. Esaten dutenez, zanpantzarrek, adibidez, espiritu okerrak uxatzen zituzten; edota zenbait euskal herrixkatako protagonista hartza izateak, urtaro berria iristearekin batera animalia lozorrotik irteten zela irudikatu nahi da. Makina bat ospakizun
Hasieran esan bezala, gure artean ere oso ohikoa da festa honekin bat egitea eta jatorriari erreparatu gabe, mozorroak soinean, kaleak mota anitzetako izakiekin betetzen dira. Zenbait tokitan eboluzioa jasan dute Inauteriek, beste batzuetan berriz, aspaldiko eran ospatzen dute jaia. Hor ditugu, besteak beste, Xiberoako maskaradak eta Lantzeko Inauteriak. Maskaradek hiru hilabete irauten dute eta igandero, jaia antolatzearen ardura duen taldea beste herri batzuetara joaten da, aspaldi euren aitona–amonek sentitutako esperientzia bizitzera. Ziripot, Lantzeko Inauterietako pertsonaia.
Eskoriatzan aldiz, aspaldi–aspaldi herriko neska–mutilak baserriz baserri joaten ziren janari eske. Ziri bat eramaten zuten eta etxe ezberdinetan ematen zizkieten okela zatiak bertan ipintzen zituzten, beranduago jateko. Egun horri Urdelardero eguna deitzen zitzaion, eta gaur egun ikastetxeek ospatzen dute Ostegun Gizenez.
Baina Inauterietan errege, Tolosa dela esan daiteke. Garai zailei aurre egin eta gaur egun herri osoa inplikatzea lortzen duen festa da. Direla karrozak prestatzen, konpartsetan edota lehiaketatan parte hartzen, gazte zein heldu kalera irteten dira benetako izaera etxean utziz giro paregabean aritzeko.
Ondo pasatzeko egunak dira, eta nahi dugun pertsonaia interpretatzeko unea iristen da. Inauteri denboran lotsa alde batera utzi eta askok egun normal batean erakutsiko ez luketen izaera azalaraztekoa; aktore izatekoa. Jantzi mozorroa eta irten kalera!