473 Zenbakia 2009-02-13 / 2009-02-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kalamuaren erabilera anitzak

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Kalamuari buruz hitz egiten dugunean, burura etortzen zaigun aurreneko gauza marihuana edo haxixarekin eta tabakoa nahasiz erretzen diren txirriak dira. Eta oker gabiltza landare honek duen erabilera bakarra dela uste badugu. Kalamua ez da soilik hippyen edota Bob Marleyren kontua izan; txundituta geratuko ginateke inguratzen gaituzten produktu asko sortzeko baliatu dela jakitean.

Zenbait ikerketen arabera, orain zortzi mila urte inguru Txinan ezagun zuten Cannabis Sativa izen zientifikodun landarea. Ordutik, mundu guztian zehar baliatua izan da, baina ez droga bezala, hainbat eta hainbat produktu sortzeko lehengai gisa baizik.

Landarearen ekoizpena jarraitua delako eta birziklatzeko aukera ematen duelako, oso material baliagarria dugu kalamua. Mendeetan zehar prestigio handiko lehengai gisa biziki preziatua izan zen eta horren adierazgarria dugu K.a. V.mendetik XIX. mende bukaerara arte itsasontzietako soka, bela edota arrantza-sareak ekoizteko erabiltzen zutela landarekia. Arrazoia sinplea zen: hezetasunetik babesteko daukan gaitasun paregabea.

Baina ez zuten cannabisa asmo horrekin erabiltzen bakarrik. Beste batzuen artean, papera, feltroa, olio industriala, etxebizitzak egiteko materiala, kosmetika, elikadura, pintura edota arropa dira zuntz berezi honekin ekoizten zituzten gaiak.

Hala ere, garaiak aldatuz joan ziren, eta XX. mendea iristearekin batera, kalamuaren ezaugarri positiboak baztertu zituzten gobernu askok, AEBtakoak esaterako. Zenbait teorien arabera, hauen kontra agertu zirenen asmoa beste material batzuen alde egitea zen, jakin baitzekiten merkatuan bientzako tokirik ez zegoela. Lehengaien gerra hartan, debeku bidez itxi zitzaizkion ateak kalamuari. Izan ere, marihuana erretzeko galarazpena ezarri arren, lehengai gisa erabiltzea ere debekatu zen.

Gaur egun energia berritzaileak topatzearen aldeko apustua egiterakoan, landare honen propietate industrialak ere kontuan hartzekoak izango lirateke. Hainbat herrialdetan horretaz jabetu eta hasi dira kalamuari aukera berri bat ematen. Etorkizunean, antzinako ohiturak berreskuratu baititzakegu ingurugiro hobe baten alde.