473 Zenbakia 2009-02-13 / 2009-02-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Otsailaren 14: oparirik bai?

GARAI, Maitane



Egia esango dizuet; ez dakit San Valentin egunaren ohitura nondik datorren, baina jakin badakit festaren bertsio moderno hau ez dudala batere gustuko. Bertsio modernoa dela diot, nonbait irakurria daukat eta aspalditik datorren usadioa dela.

Telebista piztu eta iragarki komertzialak hamar minuturo, kaleko erakusleihoetan bihotzak eta abar eta abar eta abar... Bizi garen gizarte kontsumistaren beste adierazgarri bat, gainean daukagun krisi honetan ere, gastatzera deitzen gaituzte produktu horiek ezinbestean behar ditugula pentsaraziz.

Ospakizun honetan murgildu nahi duenarentzako aukera batzuk honakoak izan daitezke: lora sorta, bonboi kaxa, maitasun kanta, jatordu espeziala edo pikardia janztea. Etxean geratzea intimitate osoz edo beste hamaika bikoterekin batera jatetxe batetan jatea. Egia esan, ez da diru askorik gastatu behar derrigor. Zuk zeuk prestatu janaria,–zergatik ez gosaria ohera eraman?– eta lora sorta ere zuk batu. Baina kontuz!! Ez itzazu herriko lorategietatik hartu loreak!

Nik egunero ospatzen dut San Valentin. Kupidok uneoro botatzen dizkit geziak, eta momenturen batean punteria txarra izan arren, ni neu joaten naiz haiek ehizatzera.

San Valentin Egunaren kontrako festa ere egin daiteke. Lagun min batek berak frogatu zuela komentatu dit eta emaitzarekin gustura geratu zela adierazi. Otsailaren 14a ospatzen zuen aurreneko aldia zen, atzerrian zegoen eta jatetxe italiar batetara joan zen neska taldea. Ostatu hartako mahai guztietatik, beraiena omen zen erromantizismorik ez zeukan bakarra; hori bai, adiskidetasuna eta olgeta nagusi.

Ospatu edo ez, zuk zeuk erabaki. Baina gogoan izan alboan duzunari noizean behin zer sentitzen duzun esatea; ez ezazu utzi eginbehar hori otsailaren 14rako soilik.