473 Zenbakia 2009-02-13 / 2009-02-20

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Olatz Diez eta Mikel Ozaita. (Askagintzako teknikariak): Gure kulturan alkohola oso txertatuta dago eta askok ez dute arazo bezala ikusten

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal

Askagintza elkarteak Hernanin daukan egoitzan egin dugu hitzordua, eta hara iritsitakoan elkarrizketatu batekin topo egin beharrean, bi aurkitu ditugu. Ezohiko elkarrizketan, drogen gainean mintzatu gara mahaiaren bueltan eserita. Ez dute debekua onartzen baina apologia ere ez dela bidea argi geratu zaigu; irtenbidea, drogen normalizazioa dela aipatzen digute. Beraiek prebentzioaren aldeko lana egiten dute, gizarte talde desberdinei informazioa helaraziz eta aldi berean norbera burujabe dela argudiatuz. Askagintzako langileak zarete; zer jakin behar dugu elkarteari buruz? Mikel: Drogamenpekotasun fenomenoaren normalizazioaren aldeko herri erakundea da eta 20 urte bete zituen 2008an. Drogekiko bi ikuspegi kontrajarri egon dira 20 urte hauetan. Alde batetik administrazio publikoarena dago eta honek drogen debekua planteatzen du droga legal eta ilegalak bereiziz. Noski, ilegalak saldu edota kontsumitzen badituzu gaizkile gisa ikusten zaituzte. Eta bestaldetik, drogen apologia egiten duten pertsona taldeak bazeudela ikusten genuen. Normalizazioa orduan, bien arteko jarrera izatea litzateke: drogen alde on eta txarrak argi erakustea, eta arau eta muga batzuk egotea, Holandan marihuanarekin egiten den bezala. Argi dagoena gizartean drogak egon badaudela da... M: Hala da, eta esaldi batean gure filosofia laburbildu beharko bagenu hauxe litzateke: drogak egon dira, daude eta egongo dira eta beraz, drogekin bizitzen ikasi behar dugu. Orduan esan genezake zuen lana informazioa ematean datzala? M: Gure filosofiaren baitan egiten duguna prebentzio lana da batez ere; eskolatan eta beste zenbait tokitan aritzen gara. Horretarako, lehenik eta behin informazioa eman behar da eta gizarteko kolektibo ezberdinen bitartez aurre egin behar zaie fenomenoei. Beste alde batetik, narkotrafikoaren inguruko salaketa daukagu; garai batean Askagintza bezala nahiko indar geneukan arlo horretan, baina gaur egun nahiko geldi dagoen gaia da. Ikastetxeetan zein izaten da zuen publikoa? M: Programa zehatz bat eramaten dugu eskoletara eta irakasle, ikasle eta gurasoekin lantzen dugu. Olatz: Ikasleei dagokienez, normalean DBH 2, DBH 4, Batxilergoa eta Lanbide hastapenarekin lantzen ditugu drogen inguruko gaiak. M: Bai, eta klase bakoitzaren arabera desberdin lantzen ditugu gauzak; normalean DBH 2.mailakoak oraindik ere urruti daude drogen mundutik, esaterako. Eta nola hartzen zaituzte gazteek? M: Nik uste sexualitate eta drogen gaineko kontuak ondo hartuak direla beti interesgarriak direlako eta eskertu egiten dute. “Drogak txarrak dira. Esan ez drogei” M: Gazteek bi errealitaterekin egiten dute topo. Alde batetik, drogak txarrak direla esaten dutenen ikuspuntua daukate, eta bestaldetik, kalera irten eta beraien inguruan drogak daudela ohartzen dira eta lagun zein ezagunek drogak onak direla esaten diete. Gu ikastetxe batetara “drogei ez” esanez joango bagina, batzuek entzungo gaituzten arren, ziurrenik ez genuke ezer lortuko. O: Gainera kontuan hartu behar da nerabeak direla eta beti zerbaiten aurka egin behar dutela. Debekua egoten bada, hori hautatuko dute kontran egiteko, eta nahiz eta beraien gustukoa ez izan kontsumitzea, hartu egingo dute. Horren gainean egiten dugu lan. Halaber, gurasoek ez dute nahi izaten seme–alabek drogak kontsumitzea, baina beste alde batetik, gazteek beraien aita–amak astebururo poteatzen ikusten dituzte. Noski, hori mezu bikoitza eta kontrajarria da beraientzat eta horregatik guraso eskolak antolatzen ditugu. Eta zer moduz? O: Egia esan ez dira aita–ama asko gerturatzen. Gainera, egiten ditugun hiruzpalau orduko saioetatik irteterakoan, informazio guztia jaso dutela eta hortik aurrera egoera guztiz aldatuko dela uste dute batzuek. Baina seme–alabei mezu garbi bat bidali behar dietela konturatu behar dira, funtsezkoa dela beraien egitekoa. M: Bide batez, irakasleek ere egin behar duten lana dela gaineratu nahi dut, denok baitugu gazte horien heziketaren ardura. Txikiteoa aipatu duzue lehen. Alkohola legala izanda, gazteek bereizten al dute droga bezala? O: Egia esan askok ez, baina ez alkohola eta ezta tabakoa ere. M: Gainera gure kulturan alkohola oso txertatuta dago, eta askok ez dute ikusten arazo bezala; gu osterantzean, arazorik gehien sortzen duen droga dela konturatzen gara: eskoletako jaietan, sagardotegi garaian... Uste al duzue egungo gazteak geroz eta lehenago hasten direla alkohola kontsumitzen? O: Garai batean adina jaitsi egin zela ikusi genuen, baina orain mantendu egiten dela iruditzen zaigu; 14–15 urtetan egoten da aurreneko esperientzia. Agian lehen bakar batzuk ziren kontsumitzen zutenak, orain berriz, zabalduago dago. Kontsumo arduratsua bultzatzen duzue ezta? M: Bai. Kontsumo horrekin zure ingurukoei eta zure buruari arriskurik ekartzen ez diezunean ematen da. Adibidez, alkoholaren kasua: edaten hasi eta nahi duzun puntura iritsita ez baldin bazara gehiago mozkortzen eta gidatu beharrean taxian joaten bazara etxera, guri ez zaigu gaizki iruditzen kontsumo hori egotea. Nola ikusten duzue egoera gaur egun? O: Orokorrean ez hain gaizki, egia esan. Prentsa, telebista eta beste hedabideek gehienetan egoera oso larri bezala deskribatzen dute eta horrek gurasoak etengabe usaintzen edota galdetzen aritzea ekartzen du ondorio gisa. Gazte guztiek ez dutela drogarik hartzen, ez egunero hartzen ezta probatzen ere jakin behar dugu, bakar batzuk dira horiek; noizbehinkako kontsumitzaileak eta inoiz probatu ez dutenak ere baditugu. Noski, drogekiko arazoaren larritasuna ere zonaldearen araberakoa da, eta baita zer–nolako familia daukan pertsonak, esaterako. M: Egia da baita ere, orain 20 urte heroina Euskal Herrian sartu zenean arazo ugari eman zituela. Garai hartan kontzientzia kolektiboa asko piztu zen eta poliki–poliki itzaltzen joan da; Askagintzaren ibilbidea ikustea besterik ez dago. Lehen 240 bat militante izango ziren eta orain aldiz, hogei katu besterik ez gara. Gizarte mugimenduaren gainbehera eman da eta profesionaltasunak gora egin du, hori tendentzia normaltzat har genezake. Baina bestaldetik, droga gizarteko arazo bezala ikusteko joera jaitsi egin dela esango nuke. Drogen artean zeintzuk dira gehien kontsumitzen direnak? M: Alkohola, tabakoa eta kalamua; speed–a eta kokaina ondoren. O: Bai, eta batez ere diruagatik eta gizartean dagoen kontzientziarengatik ematen da sekuentzia. M: Halaxe da, eta askotan ahaztu egiten gara gehien kontsumitzen diren drogez eta arazo “gutxien” ematen dituztenez. Alkoholaren kontsumoa ere aldatzen doa, alkohol distilatua geroz eta gehiago kontsumitzen da, jendeak mozkor handiak harrapatu eta konpentsatzeko bizigarri bat sartzen du, horrek dakarren arriskuekin. “Porro batekin hasten da eta ... ” M: Ez dauka zertan! Agian garagardo batekin hasten zara eta zirrosi batekin amaitzen duzu... O: Bakoitzaren ardura eta ematen dion erabilera da garrantzitsua niretzako. Zergatik kontsumitzen da? M: Gaixotasunen bat sendatzeko –medikamentu guztiak drogak dira–, ondo pasatzeko edota arazo bat burutik kentzeko izaten dira arrazoi nagusiak. Azken horri dagokionez, arazoa non dagoen ikusi beharko litzateke ?gizartea indibidualista dela, prekarietatea lanean, etxebizitza falta... Substantzian zentratzea ondo dago, baina arazoa testuinguru orokorrean hartu beharko genuke. Arazotik ihes egin nahi duen kontsumitzaileak, hala ere, biharamunean arazo berdina edukiko du... M: Arazoa ez da konpontzen, jakina, momentuan ahaztuko duzu soilik. Droga mendekotasuna kasu asko eta askotan arazo zehatz baten emaitza izaten dela ikusten dugu. Eta problema horiek izan aurretik informazioa helarazten saiatzen gara Askagintzatik. Nola ikusten du gizarteak drogen gaia? M: Elkartetik ikusten dugunaren arabera, gaia tabu da eta batak besteari botatzen dio errua: gurasoek ikastetxeari, ikastetxeek udalari, udalak tabernei... Gure ustez arlo ezberdinetatik landu beharko litzateke egoera. Zorionez, zenbait udal, eskola eta beste talderekin egiten dugu lan. Izkina guztietan dago droga, baina nabaritzen al da kalitatea gizarte mailaren arabera? O: Kalitatea oso txarra da orokorrean. Badaude drogen purutasuna ikusteko lanean dabiltzan erakunde batzuk – Ai laket esaterako– eta emaitzek erakusten dute drogei gauza pila bat nahasten dizkietela. Ondorioz, kontsumitzaileak ez daki zer ari den sartzen eta zenbait arrisku planteatzen dira, alergiak kasu. Berdin da aberatsa edo pobrea izan, horretan ez da desberdintzen. Genero aldetik ezberdintasunik bai? O: Bai substantzia eta baita kontsumoari dagokionez ere. Emakumeak eta gizonezkoak desberdinak gara eta hori lantzen dugu eskoletan, besteak beste. Esaterako, emakumeak normalean gizonak baino lehenago mozkortzen gara eta arrazoi biologikoa dago horren atzean. Izan ere, gizonezkoek baino ur gutxiago daukagu gorputzean eta horrek alkoholaren efektuak azkarrago nabaritzea dakar. M: Pisuaren araberakoa ere bada. Bestalde, neska gazteek gehiago kontsumitzen dituzte likore eta konbinatuak; emakumeek tabako eta gizonezkoek kalamu gehiago; droga ilegal gehientsuenak berriz, gizonezkoek kontsumitzen dituzte batez ere. Faktore positibo bezala emakumeek auto–zaintza rola txikitatik barneratuta dutela da eta agian gorputza gehiago zaintzen dute. Eta esan behar dugu generoen arteko berdintasuna nolabait lortu den arren, kontsumo txarretara izan dela zoritxarrez. Nolako etorkizuna ikusten diozue egoerari? M: Gizartea eta administrazioa gehiago inplikatuko balira, lehenago aldatuko litzateke egoera. Nire ustez guk inurri edo zirimiri lana egiten dugu; jendea bustitzen bada edo ez, pertsonala da. Guk egiten dugun lanean sinesten dugu eta horregatik gizarteko arlo ezberdinekin jarduten saiatzen gara, udaletxe, ikastetxe, gaztetxe eta abarrekin. Oso pozik gaude zabaltzen dugun mezua ongi hartzen baitute talde gehienek, koherentzia daukala ikusten baitute. Eman aholku bat droga probatzea erabakitzen duen pertsona bati. M: Nire aholkua 17 urte baino gehiagoko neska–mutikoentzat da. Izan zu zeu eta zuk erabaki. Probatu nahi duzun drogaren gaineko informazioa jaso –dituen eragin positibo eta negatiboak eta nola kontsumitu, gutxienez– eta azkenean probatzea erabakitzen baduzu, gutxi hartu. Eta ez ezazu espero drogek aparteko ekarpena egingo dizutenik; gehiegi kontsumituta ez duzu ongi pasako eta gehienetan ezer kontsumitu gabe berdin ibiliko zara. O: Nik ez esateko aukera daukatela oroitarazi nahi diet, beste gauza batzuetarako esaten duten bezala, drogen gainean ere hauta dezakete. Eta gurasoei? M: Begiak ez ixteko eta ez pentsatzeko kontsumoa beste toki batean dagoenik. Bestaldetik, txikitatik arau eta mugak lantzeko; gurasoak oso garrantzitsuak dira heziketan. Ez da komenigarria etengabe foku batekin apuntatzen egotea, baina ez da ona kasurik ez egitea. Nerabe batek gurasoen eta beraiek jarritako arauen beharra dauka, bai errespetatzeko baina baita hausteko ere. O: Ados nago, eta arau horiek argiak eta zehatzak izan beharko lirateke, kontrajarriak izan gabe. Eta momentua heltzen denean, gurasoen paperean bakarrik ez, nerabe zirenean nola sentitzen ziren gogoraztea garrantzitsua da seme–alabak ulertzeko. Olatz Diez eta Mikel Ozaita Pedagogia ikasi duen 23 urteko donostiarra da Olatz eta Askagintzan praktikak egin ondoren 2008ko irailean hasi zen toki berdinean langile bezala. Mikel berriz Ibarrakoa da eta 26 urte ditu. Gizarte Lana ikasi ondoren, egun Antropologia ikasten dihardu; orain bi urte hasi zen Askagintzan beharrean.