475 Zenbakia 2009-02-27 / 2009-03-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bizitza luzea Euskonews Gazteari!

MUGURUZA, Asier



Ehungarren zenbakira heldu da Euskonews Gaztea, eta eskatu didate iritzia. Zer idatziko dut, bada? Esan ohi den bezala, garrantzitsua ez da lehen pieza egitea, piezak egiteari jarraipena ematen jakitea baizik. Eta badirudi Euskonews Gazteak hori ikasi duela, behintzat orain arte erakutsitako martxa dela eta. Ikastolen Elkarteak 2007an antolatutako udako egonaldietako irudia, Bernedon.

Irakurtzea ez da zaletasunik handiena gazteen artean. Hezkuntzako zirrikituetatik begiratzerik dugunok badakigu zein nolako afizioak dituzten gure gazteek eta nola inbertitzen duten euren astia. Horregatik, Euskonews Gaztearen erronka ez da makala eta lortzen duen irakurle kopurua txikia balitz ere – eta ez dakit zenbatekoa den interesatuen multzoa– esfortzuak merezi izan duela irudituko litzaidake.

Astero iristen zait Euskonews Gaztea eta arretaz begiratzen diot, euskal hezkuntza sisteman txertatua diharduen beste askok egin beharko luketen bezala, eta pausoz pauso bere ekarpentxoa kontsolidatzen ari delakoan nago. Berriro azpimarratzen dut: ezin da miraririk espero. Astekariaren edukiak eta mezuak eskainita dauden adin tarteko irakurleengana heltzea oso zaila da, eta Euskonews Gaztea egiten duten guztien ahalegina eskertzekoa da.

Euskal ikastetxeetan daude bihar etziko euskal gizartearen agintari eta lemariak. Horiei egokituko zaie epe ez hain luzean gure premiei erantzun behar izatea. Eta oraintxe eraikitzen ari diren euren prestaketa–oinarrietan jasoko dute premia horiei aurre egiteko gaitasuna. Ezin da iragarri, Euskonews Gaztearen orrietatik ehun zenbaki hauetan igaro diren milaka neska–mutikoen artean bihar etziko Euskal Herriko lehendakaria izango ote den (agian, lehen–lehenik, gazte horiek lagundu beharko ligukete Euskal Herria zer den dezifratzen.) Baina ziur nago, etorkizuneko zenbait alkate, mediku, behargin, moja (baldin bada) kirolari, abokatu, ekonomilari eta abar luzeak gogoratuko duela, behin – hamabost urte inguru zituztela– Euskonews Gaztearen orrietan idatzi zutela.

Ez litzateke seinale txarra izango, etorkizuneko profesional horiek egunen batean berriz ere Euskonews Gaztea astekarira biltzea. Hala biz!