Euskonews Gaztea
Gaiak: Ehun zenbaki: gainbegiratua
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Bi urte pasatxo ditu EUSKONEWS GAZTEAk; 2007ko urtarrilaren 12an sareratu zen aurrenekoz eta ostiralero eduki berriez irakurleengana iristea lortu dugu, zailtasunak zailtasun. Eusko Ikaskuntzaren proiektua eta Euskonews astekariaren ahizpa txikia dela esan genezake. Astekariaren 1.go zenbakia, Laudioko La Milagrosa ikastetxearen eskutik.
Ehun zenbaki izan dira; ehunka artikulu eta elkarrizketek ikusi dute argia. Erredakziotik bertatik eta kolaboratzaileen lumetatik sortutako gaiak irakurri ahal izan dira mundu zabalean atari honen bitartez. Idazle Eskolako partaideen sormen lanak ere gure orrietan egon dira irakurgai. Baina hori ez da nobedadea; esan behar baita EUSKONEWS GAZTEAk badaukala beste agerkari batzuetatik bereizten duen ezaugarri garrantzitsu bat: Euskal Herriko ikastetxeen –publiko zein pribatu–, edota zehatzago esanda, bertako neska–mutilen sormen lanekin publikatutako astekari elektronikoa da hein handi batean.
Orain arteko zifrak ez dira nolanahikoak: berrogei ikastetxe baino gehiagok ireki dizkigute ikasgeletako ateak eta kazetaritza lanean milaka nerabek hartu dute parte. Gonbidapenari erantzunda, lanak osatu eta lantaldea ikastetxeetan sartzen gara, 14–17 urte bitarteko neska–mutilei eta baita irakasleei ere, kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaldu eta maketazio lan bat burutzeko; ideia eduki, garatu eta sarean barrena jartzeko modua ezagutaraztea baita gure asmoa.
Ehun zenbaki hauetan askotariko kontuak irakurri ahal izan ditugu publikazio elektronikoan. Estreinaldia egin zuen ikastetxea Laudioko La Milagrosa izan zen eta Kepa Sojo zinemagileari eginiko elkarrizketarekin eta Laudiori buruzko bost artikulurekin ekin genion abenturari. Jarraian etorri ziren Trapagako Burdinibarra Institutua, Gasteizko Olabide Ikastola, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa edota Lizarra Ikastola eta gure proiektuari forma ematen lagundu diguten beste makina bat ikastetxe. Gainera, gure poztasunerako gehienek esperientzia errepikatu izan dute ikasturtez ikasturte. Bakioko Surf udalekuei buruzko zenbaki berezia egin zen astekarian.
Baina, ikastetxeei ere jai eman diegu EUSKONEWS GAZTEAn. Modu horretan, udako oporretan esaterako, ale bereziak sortu izan ditugu, monografikoak eginez edota dibertsitate ugariko erreportaje zein elkarrizketak irakurgai jarriz. Gutxi batzuk aipatzearren, Unai Basurko, Eneko Pou edota Barbara Goenagari eginiko elkarrizketak, Surf eta Bertso Udalekuei buruzko ale bereziak eta beste dozenaka gai izan dira protagonista. Noski, ale berezien kasuan, unean uneko ekimenei ere tokia utzi zaie, eta hor dira besteak beste, ikastolen aldeko jaialdiak, ENE egunak, baserria ardatz hartutakoa edota drogen gainekoak.
Bide batez, zergatik ez aipatu astekarian sareratutako hainbat elkarrizketa eta erreportajerekin Euskonews Gaztea. Gazteentzat, gazteek egina liburuak argia ikusi zuela 2008ko abenduan.
Astez aste zuengana euskaraz iristeko kreatutako publikazio birtual honetatik eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu irakurle, ikastetxe, kolaboratzaile eta elkarrizketatuei, zuen harri–koskorrik gabe ezinezkoa izango baitzen ehungarrenera iristea. Jakin baitakigu erronka ez dela makala, baina geurean jarraituko dugu harik eta zuen ikasgeletako ateak edota ordenagailuetako leihoak irekitzen dizkiguzuen artean.