475 Zenbakia 2009-02-27 / 2009-03-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Haize frexkoa egutegian

AULESTIARTE LETE, Izaro



Badira zenbait egun egutegian gorriz agertuta ere ez ditudanak ospatzen. Hain zuzen ere, gorri kolorea neuk ez diedalako jartzen izango da; edota ez dudalako uste juxtu egun horietan ospatzeko ezer dudanik. Nazioartean “ospatu” ohi diren hainbat egunekin ere antzeko zerbait gertatzen zait, besteak beste eskubideak berma daitezen egun bakarreko aldarrikapena ez baitut nahikotzat jotzen, hauteskunde kanpainei gehiegi erraparatzen ez diedan moduan. Zilegi dira horiek denak, ados, baina ez norberak bere irizpideen araberako jarrera izatea baino gehiago. Hegoamerikatik barrena artikuluari dagokion argazkia. Argazkia: Itziar Rosado.

Nolanahi ere, ez naiz munduarekin haserre bizi. Gogoeta horiek buruan dantzan ditudanean badirudi guztiari egiten diodala muzin; “marmarra barra–barra” esango lidake baten batek. Nik neuk ere gustoko ditut, ordea, zenbait ospakizun, festa, hitzordu berezi edo aldarrikapenerako beta eskaintzen duten ekimenak, eguna, lekua eta ordua edozein izanda ere. Eta zentzu horretan zorioneko gaudela esango nuke.

Bada, astero–astero hutsik egin gabe sarearen bitartez iristen zaigun haize frexkoaz dihardut. “Gazteentzat, gazteek egina”. Goiburu horrekin sortu zen Euskonews Gaztea, eta jakin dugu hari horri tiraka gainditua duela dagoeneko ehungarren koska. Gustoko tokian aldaparik ez? Hara aspaldiko esaera zaharra! Izan ere, eta gaur egun geurean hain modan dauden Kirol Jokoei keinu txiki bat eginez, esango nuke euskara, kazetaritza, merkatua bera... den–denak somatzen ditudala nik izerditan blai. Baina agerkari digitalak irabazi du lehen jokaldia.

2007ko urtarrilean argia ikusi ostean, astekariak bere bidea atondu du bada poliki–poliki; irudi eta testuak, elkarrizketak, erreportajeak, kolaborazioak, egungo eta aspaldiko kontuak, informazio baliagarria, aisialdia, natura... orok izan dute kabida ibilbide horretan. Eta orori eskaintzen die agerkariak tarterik, bere izen eta izana berretsiz, astez aste, urratsez urrats.

Ehungarren fruitua eman duen honetan, gazte izaten jarraitzen du arbolak. Eta hala bedi! Sustraiak finkatuz, enborra indartuz, trinkotuz, eta adarrak zabalduz, hedatuz. Ekitea baita bizirik jarraitzeko modurik onena. Hortaz, hurrengo uzta jasotzeko ereiten segitzea baino ez da orain geratzen.

Guztion artean erabaki genezake egutegian 100. urtebetetze xume hau zein kolorerekin nabarmendu. Gorria, berdea, morea,... ostadar oso bat koloreztatuko diot nik agian. Baina nik neuk egingo dut, ospakizunetarako gogoz nabilelako.

Hurrengo jokaldirako prest Euskonews Gaztea?