Euskonews Gaztea
Gaiak: Arabako bertsolari txapelketa, sustraiak errotuz
Aurreneko fasea amaitu berri dute Arabako bertsolari txapelketan eta dagoeneko finalerdietan nor arituko den badakite. Hamazortzi bertsolarik hasi zuten sariketa, eta hamabi geratzen dira aurreneko kanporaketak egin ondoren. Lehenengo kanporaketa, Amurrion
Otsailaren 21ean eman zitzaion hasiera txapelketari Amurrion eta Manex Agirre aramaioarrak irabazi zuen lehen kanporaketa. Berrogei bat lagunek girotu zuten afalondoa. Manex Agirre, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Serapio Lopez eta Felipe Zelaieta lehiatu ziren bertan. Sei bertsolariek zortziko nagusian eta zortziko txikian egin behar izan zuten ofizioko lana eta, bakarkako atalean, puntuari erantzuna eta hitzari bertsoa botatzea izan zuten betebeharra. Lierni Altuna aritu zen gidari lanetan. Agurra mozorroz jantzita kantatu zuten bertsolariek inauterietako ohiturei jarraituz. Aratusteen doinuren bat ere entzuterik izan zen.
Saioak gauerdiko hamabiak iristear izan zuen amaiera eta ondorengo puntuazioa lortu zuten parte hartzaileek:
Manex Agirre: 158 Juan Mari Juaristi: 149?5 Zigor Enbeita: 148?5 Serapio Lopez: 146 Ruben Sanchez: 143 Felipe Zelaieta: 134?5
Lehena zuzenean sailkatu zen finalerdietara. Gainontzeko bertsolariek datozen bi kanporaketen berri izan arte itxaron behar izan zuten. Oion eta Zalduondon, hitzordua
Otsaileko azken asteburuan, 27 eta 28an, azken kanporaketen txanda izan zen Oionen eta Zalduondon, hurrenez hurren.
Berrogeita hamarretik gora lagunen txalo artean, bertsolariek egin beharreko lana honakoa izan zen: binaka ofizioka zortziko handi eta txikian hiruna bertso eta banaka puntuari erantzun bat eta hitz bati bertsoa neurri eta doinu librean. Oioneko saioan Idoia Beitiaren esanetara Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Alberto Martinez “Beitto”, Ander Solozabal, Izar Mendiguren eta Xabi Igoa aritu ziren kantuan eta denek utzi zuten ale gogoangarriren bat.
Epailearen erabakiaren arabera, honela puntuatu zuten:
Asier Otamendi: 162 Andere Arriolabengoa: 148 Izar Mendiguren: 138 Xabi Igoa: 137 Ander Solozabal: 135?5 Alberto Martinez Beitto: 133?5
Hirugarren eta azken kanporaketa Zalduondoko “Korta” txokoan burutu zen. Lierni Altunaren gidaritzapean hirurogeitik gora lagun gerturatu ziren Iker Agirre, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Rikardo Gonzalez de Durana entzutera. Azken honek lortu zuen puntuaziorik altuena, eta hortaz, finalerditarako zuzeneko txartela. Gainontzekoek epaimahaikoen azken erabakia itxaron behar izan zuten finalerdietan parte hartuko zuten edo ez jakiteko. Saioa bizia eta polita izan zen eta puntu hauexek lortu zituzten:
Rikardo Gonzalez de Durana: 154 puntu Oihane Perea 152.5 Iñaki Viñaspre 148 Ekaitz Samaniego 137 Jagoba Apaolaza 134 Iker Agirre 129 Kobazulo eta kortatik finalerdietara
Parte hartze handi eta arrakasta artean beraz, Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak erabakita geratu dira. Hala, martxoaren 15ean Zigoitiko kultur etxean Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki Viñaspre izango dira. Aramaioko kultur etxean berriz, Asier Otamendik, Zigor Enbeitak, Andere Arriolabengoak, Ruben Sanchezek, Oihane Pereak eta Xabi Igoak borrokatu beharko dute martxoaren 22an, Gasteizko Printzipal Antzokian apirilaren 4an ospatuko den finalean aulkia lortzeko.