Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Orreaga Ibarra. (Euskal Filologiako irakaslea):Gaurko gazte hauen hizkera jargoia dela esango nuke, estilo aunitzen nahasketa
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Nerea Perez Ibarrola
Filologoa zarela entzun dugu.
Hasieran ikastola batean egin nuen lan eta ondoren Gasteiz aldera jo nuen filologia ikasketak egitera. Gero, irakasle eskolan eman nuen izena, Zaragozako unibertsitatean aurrena eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketak ipini zituztenean hona etorri nintzen.
Euskalkien inguruko hainbat ikerketa burutu dituzu, ezta?
Bai eta gainera tesia ere horrekin lotuta egin nuen, Ultzamako euskararen inguruan hain zuzen ere; berezitasun handiko hizkera zela iruditu zitzaidan eta. Batez ere euskalkiak ikertu ditudan arren –eta oraindik banabil horretan– euskara nola aldatzen ari den aztertu nahi izan dut. Horrek akuilatuta hasi nintzen gazteen hizkera ikertzen.
Horren harira, Juan Karlos Lopez–Mugartzarekin batera Iruñerriako gazteek darabilten euskara ikertu duzu.
Halaxe da. Azken bizpahiru urteak eman ditugu 15–25 urte bitarteko berrogei neska–mutil ikertzen. Oso ondo erantzun zuten gainera, anonimotasuna bermatu diegu eta genero aldetik bereizi ditugu.
Egunero nire inguruan ikusten dudan errealitatea da euskalkiak nolabait lausotzen ari direla, eta euskara aldatzen ari dela nabaritzen nuen. Modu horretan, etorkizunean nolakoa izango den jakiteak zirikatuta atera zen ikerkuntzaren burutazioa. Gazteek hainbat berrikuntza ekartzen dizkiote hizkuntzari eta horiek askorik iraungo ez dutela leporatzen diote batzuek. Ez dakit etorkizuna nolakoa izango den, baina egia da ekarpen horietariko asko hizkuntzara pasatzen direla eta txertatuta geratzen dira ondorioz.
Ikertutako adin tarte horretan alde handiak al daude?
Noski alde batzuk badaudela, baina antzerako joerak ere aurkitzen ditugu. Esaterako, zer moduz? galdetuta, sin más erantzuna ematen dute, berdin 15 edota 25 urte dutenek.
Orokorrean hitz eginda, nola ikusten duzu euskararen egoera Iruñerrian?
Nahiz eta batzuetan oso ezkorrak garen, iruditzen zait inoiz baino gehiago mintzatzen dela euskaraz. Hala ere, hainbat guraso eta haurren artean gehiago ematen da, gazteengan baino. Alde batetik egoera itxaropentsua dela deritzot, ikasleen %30ak euskaraz ikasten baitu egun unibertsitatean; bestalde, pesimistagoa da situazioa ikastetxeetako patioan esaterako, erdara nagusitzen baita pila bat. Egia da adinak eragin zuzena daukala erabilera horretan.
Adibidez?
Hala nola nerabezaroan, zenbait kasutan erabat baztertzen dute euskara, gai akademiko gisa ikusten baitute, notekin lotuta dago... Gero badirudi bueltatzen direla. Baina hala ere, lehen baino gehiago hitz egiten dela argi daukat. Gogoan dut Iruñera etorri nintzen aurreneko aldian denda bakar batean ikusi nuela Euskaraz mintzatzen da zioen kartel bat. Egun, askoz ere gehiago baloratzen da hizkuntza.
Zer nolako ezaugarriak ditu ikertu dituzuen gazteen euskarak?
Gazte hauen hizkera jargoia dela esango nuke, estilo aunitzen nahasketa. Estilo arduragabean hitz egiten dutenean sarritan ez dute molde bakarra edukitzen eta batetik bestera igarotzen dira, sexuari buruzko gaietan eta abar. Gauzak puzterakoan bi hitzekin egiten dute, super guay, mega–fashion eta antzerako esapideak erabilita. Lexikoan ere nabaritzen da, flipatu, mogolloi, putada, belarria jan, kutre, mobida, sobratua dago... Gaztelaniatik hartutako hitz asko hartzen dituzte eta horrela jartzen dira harremanetan beste pertsonekin. Hori da garrantzitsuena; hizkuntzak komunikatzeko balio behar duela, alegia.
Erdarakadak eguneroko ogi dira gure artean.
Jakina. Pasatu du de pena; erakutsi du faltsukeri bat que te pasas... Baina alderantzizko joera ere ematen da, ez pentsa! Se me han olvidado las buruketas; me voy a poner el beroki... Hizkuntza alternantzia handia dagoela argi ikusten dugu.
Eta zer deritzozu horri?
Niretzako ez da hondamendiaren seinale; elkarren ondoan bizi diren hizkuntza guztietan gertatzen den kontua da. Helburu ezberdinak ditu: adierazkortasuna lortzea, zerbaiti erreferentzia zuzen bat egitea –amak esan zidan, que no me mojara los pies ... Kasu hau ez da soilik gazteengan ematen, orokorragoa da; agian grabatu arte ez gara konturatzen horretaz. Gainera, maiz gazteei hizkuntza bakar batean hitz egitea dotoreegia edo serioegia iruditzen zaie. Arrazoi ezberdinengatik hitz egiten dute horrela.
Eskoletan batua irakasten da normalean.
Bai, eta denbora asko ematen dute aditz “zailak” edo gerora apenas erabiliko ez dituztenak ikasten. Beste diskurtso mota bat da ahozko hizkera, berez ikasten da; oso desberdinak dira. Honek Ez du esan nahi bestea menperatzen ez denik; adibide gisa, EGA nota onekin ateratzen dute edota kazetaritza ikasten ere ederto dabiltzala.
Ikerketan parte hartu duten gazte horiek ez dutela ongi hitz egiten pentsa dezakete.
Nik ez diet neska–mutil horiei beraien euskarak zuzenki balio duenik esan. Baina grabagailu bat eman eta beraien buruak ez bortxatzea eskatu diegu eta beraientzako hori batez ere askatasuna izan dela esan nezake. Haiek dira euskaraz gaizki egiten dutela pentsatzen dutenak eta atseden puntu bat hartzen dute.
Horrek beraien autoestimua indartzen lagunduko die, ezta?
Hala da, nik uste orain arte denok ikaratu izan garela apur bat. Baina beste ikuspuntu batetik begiratuz gero, normaltzat jo daiteke hizkuntza batetik bestera pasatzea, kalkoak egitea... Horren gertu bizi dira bi hizkuntzak! Gainera, gaurko gazte gehienak elebidunak dira eta zirrikitu guztietatik sartzen da gaztelania. Elkarrekin bizi behar dute lengoaiek.
Spanglisharen kasua emango da agian!
(barre) Nahiko hedatuta dago spanglish–a eta gainera aldarrikatu egiten den hizkuntza da. Etorkizunean euskara egotea nahi badugu, etengabe aldatzen ari dela ezin dugu ukatu. Baina nik dialekto baino, gazteen arteko hizkera hau sozioelekto bat dela esaten dut.
Zer da hori?
Gazteen artean harremana indartzen da eta horretarako darabilten hizketa modua litzateke.
Ikerketa egiterakoan, bitxikeriarik nabaritu al duzue?
Egia esan ezerk ez nau harritzen! (barre) Maiz, esfortzu handia egiten dugu gure hiztegian txerri–txerri eginda nago, su eta gar edo jo eta ke modukoak sartzeko, eta askotan ez gara ohartzen erabilera arruntetik zein urruti dagoen idatzizko erregistroa esaterako. Gaurko hitz gako asko ez ziren lehen erabiltzen; que va, bueno, sinmas, es que... Aunitz txertatu dira hizkeran.
Eta desberdintasunik badago emakume eta gizonekoen artean?
Kalifikazioak egiterako orduan esaterako bai. Mutil batek fraka batzuk erosten baditu, eta nolakoak diren galdetuz gero, ia inoiz ez du “politak” hitza erabiliko. “Oso ondo daude nire galtzak” normalagoa litzateke. Biraoen aldetik ere desberdinak dira...
Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Herri txikietan aurrera segitzen du, baina hiri handietan aurkitzen ditugu zailtasun gehienak. Gazte gehiago elkartzen dira gune hauetan eta berrikuntza ugari ematen da. Nik uste hala ere, berdintasunaren, hots, batuaren aldeko joera emango dela nahiz eta zenbait ñabardura egon. Hau da, oraindik gazte batek esan ahal dizu esate baterako, bere pisu–kidea Eibarkoa izan eta elkar–ulertzeko arazotxoak dituztela. Baina nahiko itxaropentsua ikusten dut etorkizuna, eta uste dut gazte hauen ekarpenak txertatzen joango direla hizkuntzan, neurri txikian bada ere.
Amaitzeko, zer esango zenieke gazteei?
Batzuetan gramatikari lotuegi daudela ikusten ditut. Hizkuntza erabiltzen bada, bizi den seinale, eta niretzako behintzat oso interesgarriak dira gazteen hizkerak dituen ezaugarri ezberdinak. Eta beraz, beldurra gal dezatela esango nieke. Orreaga Ibarra Murillo (Mezkiritz, 1960) Nafarroa iparraldean dagoen Erroibar herrikoa da Orreaga, baina egun Iruñean bizi da. Filologia eta irakasle ikasketak egin zituen. Ondotik, batez ere euskalki ezberdinen inguruko ikerketak burutu ditu. Baina interesatzen zaion beste gai bati heldu eta Iruñerrian gazteek euskaraz nola egiten duten ikertu du Juan Karlos Lopez–Mugartza lagunarekin batera.