476 Zenbakia 2009-03-06 / 2009-03-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Manu Muniategiandikoetxea

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gipuzkoarra da Manu Muniategiandikoetxea; Bergaran jaio zen 1966an. Pintzeladaz pintzelada bere bizitzako artelana eraikitzen joan den gizonak, etengabe artelanez betetzen ditu galeriak. Argazkia: Teresa Sala.

Abilezia zeukan txikitatik eskulanetarako, eta bide horretatik jarraitzea erabaki zuen. Hala animatu zen Bilboko Arte Ederren fakultatean izena ematera; 1990. urtean pintura eta eskultura espezialitateetan lizentziatu zen. Baina ez zuen hor amaitu bide akademikoa Manuk. Izan ere, hainbat teknika-eta eskuratzeko asmotan, Donostiako Artelekun burutzen ziren tailer ezberdinetan eman zuen izena 1992tik 1995era bitartean. Kide izan zituen urte haietan Pepe Espaliu, Joan Hern?ndez, J?rgen Partenheimer edota Txomin Badiola, beste askoren artean.

Muniategiandikoetxeak gainera, formatzen jarraitzeko beka ugari jaso izan ditu. Horietariko batzuk dira 1995ean Gipuzkoako Diputazioak emandako Sormen Artistikoa beka, Delphosen (Grezia) emandako Germinations edota Mojacargo (Almeria) Arte Ikastaroetakoa.

Gainera, ez du galdu lehiaketa desberdinetan parte hartu eta bere lana ezagutzera emateko aukera. Bilboko aire libreko sariketan lehenengo postuan geratu zen 1986an; Gasteizko Arte Plastikoen lehiaketan bigarrena 1987an; Bizkaiko Artea saria eraman zuen etxera 1991n; Gipuzkoako Artista Berrien sariketan lehenengoa; 1996an berriz, Gustavo de Maeztu Pintura Museoko lehenengo saria jaso zuen; 2000.ean Caja Madridek antolatutako Generaci?n 2000 Saria irabazi zuen, eta urte berean bigarren geratu zen Eusko Jaurlaritzak ematen duen Gure Sarietan.

Artistek erakusketak egiten dituzte eta bergararrak ere makina bat tokitan ipini ditu bere lanak jendaurrean ikusgai. Bakarka edo taldean, galeria ugaritan gozatu ahal izan du publikoak bere sormen-lanekin, Bizkaiko Artea?89 izenekoan hasi zen eta gaur arte. Madrilen ospatzen den ARCO ferian bere tokia eduki zuen 2000.urtean. Bestalde, 2002an, esaterako, marrazkia, pintura, eskultura eta bideoa uztartzen zituen proiektua aurkeztu zuen artistak. Hirekin, hiretako izena jarri zion 2003an publiko egin zuen erakusketari eta Ni ez naiz hemengoa 2004an aurkeztutakoari. Urte hartantxe ospatu zen Kilometroak Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiari laguntzeko, Zarautzeko Gaia galerian zabaldutako erakusketa kolektiboan hartu zuen parte. 2008an berriz, Behar Gorria Primavera Azul mostrarekin itzuli zen gipuzkoarra.

Espresatzeko modu desberdin bat bilatuz, Manuk 89 marrazki erotikoz osatutako Itsasoan galdutakoentzako argibideak liburua argitaratu zuen eta edizio mugatua izan zuen -150 ale bakarrik inprimatu baitziren.

Artista oso bihurtzeko prozesua luzea izan arren, Manuk txikitako ametsa egia bihurtzea lortu du. Sortutako lan gehienetan pintura eta eskulturaren arteko espazioa landu izan du -eta jarraituko du- inspirazioak bultzatuta.