477 Zenbakia 2009-03-13 / 2009-03-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Maite nau, ez nau maite

LIZARAZU, Arantza



Duela bi hilabete nire apartamentuan nengoen etxeko–lanetan murgildurik: aspiragailua pasatu, leihoak eta sukaldea garbitu, afari goxoa prestatu... Kaka! Zerbezarik ez frigorifikoan. “Laster ordua da eta banoa kale muturreko supermerkatura, garaiz iritsiko naiz,” pentsatuta alde egin nuen. Argazkia: Daquella manera (http://www.flickr.com/photos/daquellamanera/3220058125/)

Lanetik iritsi eta hutsik topatu zuen etxea. Horrek esan nahi du, –gustatzen zaion bezala– etxeko tenperatura ez zegoela 20 gradutan. Ez zuen afaldu aurretik egunero edaten duen garagardorik ikusi hozkailuan. Eta noski, ez ninduen NI aurkitu.

Etxeko atea ireki bezain pronto eskuak dardarka nituen, giltzak eustea ere ezinezkoa egiten zitzaidan. Urrats geldoz eta burumakur, sukalderantz abiatu nintzen; bertara iristeko ezinbestekoa dut egongelatik igarotzea; egia esan, bere espazioan ez sartu behar izateko, inoiz ez dut etxearen banaketa atsegin izan.

Egongelako atean nengoela sofaren aurrean ikusi nuen zutik; sutan zegoen, odola borbor, itsuenak ere antzeman zezakeelarik. Eta ohartu orduko, lurrean nengoen, eta korderik gabe geratu aitzin nire bizitza gaztea matxakatzen ari zela birfrogatu nuen.. Oihuak, kolpeak, iletik tirakadak, kolpeak berriro, garrasi gehiago...

Zoritxarrez, ez zen indarkeria hark gure etxea inbaditzen zuen aurreneko aldia. Tamalez, egoera latz hark nire erruagatik dela pentsarazi dit behin baino gehiagotan. Zoritxarrez, maite ninduen pertsonarekin nengoela sinestuta egon naiz hiru urte luze hauetan.

Zorionez, ez naiz gehiago inurri bat sentituko. Zorionez, ASKI DELA esan dut. Zorionez, alboan etengabe ohartarazten egon diren lagun eta familiako kideak bertan daude. Zoritxarrez, beranduegi ireki ditut begiak. Zorionez, kuraia badaukadala jabetu naiz!

Aitortzen dut. Irakurri berri duzun pasartea ez zait niri gertatu. Baina ez al ditugu egunero komunikabideetan irakurtzen, entzuten edota ikusten horrelako albiste beldurgarriak? Ez al zaizu iruditzen horrelako albiste txar nahikotxo izan ditugula dagoeneko?

Nola alda dezakegu egoera? Ez da erraza, ez noski... Baina zure, gure, eta denon esku dago.