477 Zenbakia 2009-03-13 / 2009-03-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kontuz, sagardo garaia da!

BEREZIARTUA, Loren



Gure kulturaren parte dira besteak beste, esku–pilota, txalaparta edota trikitia. Eta noski, baita sagardoa ere, eta horrekin hertsiki lotuta, sagardotegia, euskal jatetxe tipikotzat har genezakeena. Azken urteotan hazi egin da sagardotegira joateko ohitura, eta kritiko batzuen esanetan, masifikatuegi ere badago. Modu horretan, jokaera kultural bat izatetik, harekin erlaziorik ez duen zerbaitetan ari da bilakatzen.

Gipuzkoa aldean, Hernani bezalako herriek hilabeteak igarotzen dituzte astebururo jendetza izugarriaren bisita jasoz. Sagardotegira bazkaltzera joaten direnak gauerdira arte geratzen dira herrian; afaltzea hautatzen dutenek berriz, luzatu egiten dute egonaldia. Horrek herriari onurak ekartzen dizkiola argi dago, baina arazoak ere agertzen dira; hala nola, herritarrek ezin izaten dute kafe bat lasai hartu, eta gainera bisitarien alkohol maila altuak buruhauste bat baino gehiago ekartzen dizkiete: zaborra nonahi, kaletik ezin paseatu, istiluak... Nolabait esateko, herritarren hainbat eskubide urratuta geratzen dira denboraldiak irauten dituen hilabeteetan.

Sagardotegira goazenean ongi jan eta edatea izaten da asmoa. Baina sarritan, bigarrenari kasu gehiago egiten diogu eta bakoitzak irensten duen alkohol kopurua handia izaten da. Gainera ez da hor amaitzen; festa egiten jarraitzea erabakitzen duten askoren egoerak txarrera egiten du orduak igaro ahala.

Ezin dugu ahaztu alkoholak droga izaten jarraitzen duela; legala, baina droga edonola ere. Eta nahiz eta gaur hizpide dugun edaria gradu gutxiko edaria izan, beste edatekoekin nahasten da eta ondorio kaltegarriak izan ditzake. Egia da burua erabili eta neurrian kontsumitzea onena izango litzatekeela, hori baita azken batean kontsumo arduratsuaren funtsa. Horretarako aurreneko urratsa, alkoholak izan ditzakeen eragin negatiboez jabetzea litzateke, eta bide batez onartu beharko genuke halako ekimenek gazteentzako mesedegarriak ez diren denbora libre moduak sortzen dituztela.

Honekin ez dut esan nahi sagardotegira joateari utzi behar diogunik edota festei uko egin behar zaienik ere. Hemendik burua erabiltzera animatu eta neurriko kontsumoari geure bizitzan tartea egin diezaiogun animatzen zaituztet. Gure neuronek eskertuko dute.