477 Zenbakia 2009-03-13 / 2009-03-20

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Mila Amurrio. (EHUko Soziologia irakaslea): Gazteei indarkeria psikologikoarekin identifikatzea kostatzen zaie

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Orain hogei urtetatik hona adituek genero indarkeriaren inguruko datuak jasotzeko aukera eduki, eta gazteen artean kopuruak gora egin duela ikusi dute. Asaldagarriak dira datuak. Lehen 30 eta 45 urte bitarteko emakumeek pairatzen zituzten tratu txarrak gehien bat; egun, 20 eta 30 urte artekoen artean dago biktimen portzentaje handi bat. Kezka horrek bultzatuta, gazte unibertsitarioak ikertu ditu EHUko irakasle talde batek. Mila Amurriok ondorioez hitz egin digu. Genero indarkeria Bilboko nerabe eta gazteen bikote harremanetan izeneko ikerketa burutu duzu. Horrelako gaien inguruan lan egiten duen ikerketa talde bat daukagu osatuta unibertsitatean eta oraingo honetan lau aritu gara: Ane Larrinaga, Elisa Usategui, Ana Irene del Valle eta ni neu; laurok gara Soziologia Saileko irakasleak. Argazkia: circo de invierno ~

(http://www.flickr.com/photos/circo_de_invierno/2502220606/) Nola otu zitzaizuen gai horren inguruan murgiltzea? Gutariko batzuk hezkuntza soziologian adituak gara. Gaia otu baino gehiago, eskakizuna egin zigun Bilboko Berdintasun Arloko teknikariak. Arduratuta azaldu zen hedabideetan zabaltzen ziren datu objektibo batzuk zirela eta: bazirudien genero indarkeria –bikote harremanetan eta baita gazteetan ere– areagotzen ari zela. Kezka horretatik abiatuta gugana jo zuen; gure aldetik ere ikusi genuen gai honen inguruko lan gutxi zegoela eginda, eta tartetxo bat atera genuen ikerketarako. Zuzenean egon al zarete harremanetan ikasleekin? Halaxe da. Laguntza eduki dugun arren landa lana guk geuk egin dugu. Batetik alde kualitatiboari dagokionez inkestak pasatu dizkiegu, eta bestaldetik, alde kualitatiboa bideratzen ere gu geu aritu gara. Inkesta bete duten gazteak 17 eta 20 bitarteko unibertsitarioak izan dira, gure Unibertsitateak Bilbon dauzkan fakultateetako ikasleak. Beste alde batetik, alde kualitatiboa ikertzeko 17 eta 20 urte arteko gazteekin aritzeaz gain, nerabeekin ere aritu ginen, 15 eta 17 urte bitartekoak. Gazte horiek ez dira haien aita–amen garaikoak, gauzak aldatuko ziren... Egia da adin hori duten gazte gehienek ez dutela genero indarkeria beraien adinarekin lotzen, jende helduen artean ematen den gauza dela uste baitute. Garaiak aldatu dira, baina... Argazkia: Mcnolete (http://www.flickr.com/photos/macnolete/2599959533/) Matxismoa. Bai. Gure hipotesia, maitasun eta harreman afektibo zein sexual kontuetan jasotzen duten sozializazioa gurasoen berdintsua dela da, hau da, gizonaren menerapen egituraren barrukoa izaten jarraitzen du. Horregatik diogu baloreak ez direla horrenbeste aldatu eta eskoletan–eta nolabaiteko neurri prebentiboak hartu badira ere, gure ikuspegitik ez dira nahikoak. Hau da, sexu segurua nola eduki erakusten da, antisorgailuak nola erabili... Baina, aldatu beharreko baloreak emakumetasunaren eta maskulinotasunaren gainekoak dira, “nola izan benetako gizon on bat,” edota “emakume zintzo bat” moduko kontuak. Adinaren arabera, erantzunak oso desberdinak izan al dira? Inkestetan ikusi dugunez, sozialki zuzena denaren gainean irakurri dute eta batzuetan erantzun egokia ematen dute. Eta talde eztabaidetan haratago joaten gara. Beste modu batez hitz egiten digute eta mutil unibertsitario eta nerabeek emandako erantzunak konparatuz gero, beraien artean horrenbeste alde ez dagoela nabaritu dugu; diferentzia handiagoa dago emakume nerabe eta unibertsitarioen artean. Bestalde, genero indarkeria mota desberdinak daude. Guk indarkeria psikologikoa ere fisiko eta sexualarekin batera dagoela ikusi izan dugu. Noski, azken bi horiek nabariagoak dira eta guztiek identifikatzen dituzte. Baina indarkeria psikologiko horren atzean bikote harreman ezberdin bat dago eta kasu hori bai mutil eta baita neskek ere paira dezaketen indarkeria mota da. Argazkia: Z i V A S H ☆ ⓔxςℓ?şίvⓔ ☆ (http://www.flickr.com/photos/hassan1980/2611680757/) Izan ere, maiz genero indarkeria emakumeekin lotzen da bakarrik. Gerta dakieke mutilei, jakina. Indarkeria prozesua aurrera doala desberdintasunak egongo dira; datu objektiboak hor daude eta neskek portzentaje handiago batean pairatzen dituzte eraso fisiko eta sexualak. Harremanean bestea nork menperatzen duen dago funtsa. Berdintasunean oinarritutako harremana barik, desberdinen arteko da. Identifikatzen al dituzte biolentzia modu horiek? Indarkeria psikologiko horrekin identifikatzea kostatzen zaiela ikusi dugu; inkestek erakusten dutenaren arabera, diskurtsoa jakin badakite, baina beraien esperientzia pertsonalak kontatzerakoan, jabetu gara zailagoa egiten zaiela praktikan. Zergatik? Orain arteko diskurtso sinbolikoa betetzen delako. Zeintzuk dira diskurtso horiek? Mendekotasun harremanean lidergoa gizonezkoak eramatea eta emakumeak beti zain egotea eta zintzoa izan behar duela pentsatzea. Eta indarkeria psikologikoaren aurrean batzuetan amore ematen da pentsatuz, “jeloskor agertzen bada maite nauelako da”, “uneoro non nagoen jakin nahi badu, denbora guztia nirekin igaro nahi duelako da”... Eta zer egiten da hori aldatzeko? Hezkuntza formalaren arloan zerbait egiten da; baina ez da nahikoa. Gainera proiektu ezberdinak eramaten dira aurrera, eta ez dira orokortuak izaten. Profesional batzuen eskuetan uzten dira eta horiek sentsibilizazioa baldin badaukate eta boluntario agertuz gero, proiektuak bereganatu eta aurrera eramaten dituzte. Baina nola proiektuek ez duten Hezkuntza Sailaren sostengurik izaten, eragin ezberdina eduki dezakete. Non ekin dezakegu balore transmisio horiek alda daitezen? Etxean transmisioa ematen da baina hor administrazioak ezin du eragin, eta horregatik eskolen bitartez egin beharko litzateke. Baina kasu hori emanez gero, inplikatu direnen artean adostutako zerbait planteatzea ezinbestekoa litzateke. Eta beste eremu batzuk ere badaude: lagunenak, hedabideenak... Argazkia: Lenore_Dirges (http://www.flickr.com/photos/front_row/3053460117/) Izan ere, azken horien indarra izugarria da. Bai, eta gainera gure etxean sartzen dira aterik jo gabe. Haien mezuek indar handia edukitzen dute eta etxeko gaztetxoek denbora asko pasatzen dute telebistaren aurrean –kasu askotan gurasoen kontrolik gabe, kanpoan gaudelako. Eta momentuz ez dago modurik horretan eragiteko, egon zitekeen arren. Salaketak ipini eta feminismoaren aldetik adibidez, ekimen batzuk ere burutu izan dira, baina ez dute inolako eraginik izan. Orduan, bide eraginkorrena hezkuntzarena da, bai formala eta baita ez–formala ere. Horretarako, esan bezala, ekimen bateratu bat egon beharko litzateke. Eta ez da lan erraza; esaterako Bilboko teknikariak komentatu zigun, udaletxetik abian jarritako tailer batzuk martxan jarri direla borondatea erakutsi duten ikastetxe gutxi batzuetan, besteetan oso zaila egiten zaie horrelako interbentzio bat egitea. Genero indarkeria jasaten duena... Aldatu egiten da izugarri eta horren ostean ez da pertsona berdina izango denbora luzean behintzat. Eta erasotzaileak... Bortizkeria mailaren arabera errehabilitazioa agian posible litzateke. Baina egia esan, egin diren ikerketen arabera, emaitzak ez dira oso baikorrak. Esan ohi da pertsona batek puntualki modu horretako ekintza bat momentu txar bat pasatzen ari delako burutu duela, edota gaixotasun moduan tratatu izatea; eta badakigu ez dela horrela eta jokabidearen erroa beste toki batean dagoela. Genero ereduak aldatzea eta txikitatik ikastea da gakoa. Gaur egun eredu horiek ez betetzeak zer dakar? Zoritxarrez, adibide gisa, umeen artean ikusi izan dugu “gizonezkoen jokabideak” ez edukitzean marjinatu egiten dituztela eta oso gogorra da beraientzat ahultasun hori erakustea. Nik uste dut interbentziorako bidea hortik ireki beharko litzatekeela eta ematen diren urrats guztiak ongietorriak dira. Behin indarkeria ematen dela detektatuta... Dauden zerbitzuetara jo beharko genuke. Nik uste gaur egun hori behintzat badaukagula; hau da, udaletxe bakoitzean berdintasun teknikari bat aurki dezakegu eta berarengana jo eta honek bidea erraztuko digu. Mila Amurrio (Gernika, 1964) Soziologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean irakaslea da Mila. Ikerketa ugari burutu ditu eta azkena, Genero indarkeria Bilboko nerabe eta gazteen bikote harremanetan deitzen da. Berarekin aritu dira EHUko beste hainbat irakasle ere.