478 Zenbakia 2009-03-20 / 2009-03-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Estralurtarren gaineko iritziak

IRIART, Patxi UNHASSOBISCAY, Jon

Baionako Fakultateko ikasleak



Gure ikastegiko hiru kideri pausatu dizkiegu zenbait galdera. Beraiek estralurtarrei buruz duten ikuspuntua emaitea ezohiko esperientzia izan dela aitortu digute, seriostasunarekin guttitan aipatzen delako gai hau batez ere. Mikel eta Jean–Baptistek zientzia biologikoetan ikasten dute, Joanak berriz zuzenbidean. Argazkia: Mark Braithwaite Photography (http://www.flickr.com/photos /markbraithwaite/2650563934/)

Sinesten al duzue unibertsoan beste izaki bizidunik badela?

Mikel: Nik uste dut arras posiblea dela.

Jean–Baptiste: Niri ere iruditzen zait erokeria litzatekeela kosmosean gu bakarrak garela pentsatzea.

Joana: Egia erran nik ez dakit. Pentsatzen dut bizitza garatu izan ahal dela beste leku batean eta zientifikoek ere gero eta seguruagoa dela diote.

Eta IGOHei (identifikatu gabeko objektu hegalaria) buruz...

M: Gaur arte behintzat sekula ez dut ikusi halakorik. Nik ez dut sinesten sartu denik behin ere gure atmosferan. Oraino argitu ez diren lekukotasun arraro batzuk badirela entzun izan dut, baina ez dut sinesten estralurtarrak gure lurrera agertu direnik, froga bat bederen izanen zen.

JB: Egia da froga zientifikoak eskas direla eta harrigarriena da IGOH ikusle gehienak Gerla Hotza garaian zenbatzen direla, Amerikako Estatu Batuetan. Hau bai dela kontra argumentua, badakigu garai horretan paranoiakoak bilakatu zirela; eta bestalde, zergatik estatu hau hautatuko zuten estralurtarrek?

J: Nik ere ez dut sinesten horretan, ez lirateke hain isilean geldituko etorri balira.

Nola irudikatzen dituzue estralurtarrak?

M: Beste batzuei uzten diet nola diren irudikatzea. Izan ere, ezinezkoa da asmatzea nolakoak diren jakin gabe non sortu, non hazi eta zein kondizioetan garatu diren. Parioak –apustuak– libre...

JB: ...

J: Agian telebistan ikusten diren bezalakoak dira edo JB bezalakoak...

Mezu bat Euskonews irakurtzen duten gizontxo berdeentzat

M: Pannecau karrikan bizi naiz, 31 zenbakian, pasa daitezela trago baten hartzera...