478 Zenbakia 2009-03-20 / 2009-03-27

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Endika Lekube. (The Wet Band taldeko musikaria): Picassok behin esan zuen bezala, inspirazioa nahi duenean agertzen da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Mutrikun jaio zen arren, Algortan bizi izan zen 21 urte izan zituenera arte. Orduan, Andoainera ikastera joan eta Donostia deskubritu zuen, asko gustatu zitzaion hiria gaur egun bertan bizi da lagun batzuekin. Musika munduari hertsiki lotuta, The Wet Band taldeko gitarra jotzailea da, eta Euskonews Gaztearen galderei erantzun die te bat hartzen duen bitartean.

Mutriku, Algorta eta Donostia. Bizi izan zaren toki guztiek itsasoa daukate.

Niretzako garrantzitsua da itsasoa gertu sentitzea, hori gabe zerbait faltako balitzait bezala izango litzateke.

Baina itsasoaren soinuaz gain, zure bizitzan ez da musikarik falta.

Halaxe da. Ikasketei dagokienez, musika irakasle ikasketak egin nituen aurrena Bilbon, eta gustura aritu nintzen arren, ez zen nik pentsatzen nuena. Orduan, Andoainera joan nintzen teknikari ikasketak egitera. Telebista, musika, irratia edota antzerkian egin izan dut lan, espektakulo munduan. Hala ere, ezegonkortasun puntu bat daukazu honetan arituz gero, ez baitakizu noiz egingo duzun lan eta ezin izaten dira planak egin. Egunean bizi behar da, baina nik atsegin dudana da eta gustura nago; konpentsatzen dit. Gainera, ez da lan monotonoa. The Wet Band taldeko kideak. Argazkia: The Wet Bandek utzia.

Noiztik daukazu musikarekiko zaletasuna?

Oso gaztetan hasi zen! Zortea eduki nuen nire anaia nagusiak binilozko disko asko baitzituen etxean eta beti entzun izan dut rock britainiarra, klasiko asko, The Beatles kasu. Beti edan izan dut ur horretatik. Bestalde, amak gitarra eskoletan apuntatu ninduen hamar urte nituenean edo. Aukeran zeuden ikastaroak piano edo gitarraren gainekoak ziren, eta etxean sartzeko bigarren aukera zen errazena! (barre) Baina egia esan, niretzako gitarrak sinbolikoki esanahi bat zeukan anaiaren bidez ikusten nituen musika aldizkarietako taldeak zirela–eta: Ruta 66, Rock de Lux... Hala ere, aitortzen dut denbora batera nazkatu egin nintzela –oinarrizko mailara lortu aurretik, hain zuzen.

Baina ez guztiz, ezta?

Ez, orduan nire kontura hasi nintzen, akordeak ikasten, gustuko nituen taldeen bertsioak eginez... Gitarra klasikoari ere, soka akustikoak jarri nizkion apur bat esperimentatzeko. Eta ondoren –uste dut 15 urterekin izan zela– lehenengo gitarra elektrikoa lortu nuen eta institutuko aurreneko proiektua sortu zen. Rock talde bat egin genuen eta Bilborocken egiten genituen entseguak. Hortik, 18 urterekin, Mutrikun proiektu polit batetan hartu nuen parte, heavy progresibo musika egiten genuen. Hori amaituta, pare bat urtez alboratu nuen afizioa eta ondoren nahiz eta zenbait lekutan aritu, dena uztekotan egon nintzen. Baina zorionez ,oraingo proiektu hau azaldu zen.

Esaguzu, nola hasi zen The Wet Banden ibilbidea?

Autobus batetan! Donostiarako bidaia batetan Iñigo baxu jotzailearekin egin nuen topo; Mutrikun tabernetan ikustetik ezagutzen nuen. Musikaren gainean hitz egiten hasi ginen. Garai hartan musika lokalak jarri zituen Mutrikuko Udalak eta haiek aprobetxatuz hasi ginen orain bi urte. Aitzol bateria jotzailearekin batera hirurok aritu ginen urtebetez, eta ondoren Ainara –ahotsa– sartu zen. Orduan hasi ginen gure kantak sortzen.

Hasieran, baina, bertsioak egiten zenituzten.

Bai eta denetarik jotzen genuen gainera; besteak beste, Iggy Pop, Metallica, Nirvana, Red Hot Chili Peppers, Platero y Tu... Bitartean, gure soinu propioaren bila genbiltzan. Gogoan dut aurreneko kontzertua, Mutrikuko Gaztetxean izan zen, oraindik hirukote ginela eta Iñigok eta biok abesten genuen.

Eta nola hasi zen zuen abesti propioak konposatzeko prozesua?

Andoainen ikasten nenbilela, norberak bere sormen propio bat grabatu behar izan zuen eta orduan sortu nuen nire aurreneko kantua. Ordutik aurrera, beti gitarra bat eduki dut etxean, sofan lasai eserita akordeak lotzen hasi eta melodiak sortuz. Ideia horiek entsegu lokalera eramaten hasi nintzen eta egia esan Iñigok ere nahikoa zituen buruan bueltaka; bionak komunean jarrita eta Aitzolek bateriarekin jarraituz, gure abestiak forma hartzen hasi ziren.

Non bilatzen duzu inspirazioa?

Egia esan edonoiz eta edonon etorri ahal den kontua da. Picassok behin esan zuen bezala, inspirazioa nahi duenean agertzen da, eta lanean harrapatu behar zaitu. Beraz ezin gara noiz iritsiko zain gelditu. Hori bai, noizean behin sentitzen duzu sormenez gainezka zaudela, eta bestetan ez dago modurik. Nik badaezpada, letrak apuntatzeko koaderno bat eramaten dut beti gainean, eta aurretik esan bezala, etxean gitarra alboan izaten dut. Ideia bat edukitzea da kontua, eta behin hori lortuta, garatu egin daiteke.

Ingelesa da nagusi zuen kantuetan.

Bai. Badaukagu Iñigok “mutrikuarrez” eginiko kantu bat, baina gainerakoak ingelesez sortu ditugu. Egia da ingelesez, euskaraz zein gaztelaniaz irteten direla abestiak, baina entzuten dugun musika batik bat anglosaxoia denez, normala da hizkuntza horretan idaztea. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzatan egin ahalko ez zenik! The Wet Band taldeko kideak. Argazkia: The Wet Bandek utzia.

Noiz elkartzen zarete entsegutarako?

Aitzolek Mutrikun egiten du lan, Ainara Bilbon ikasten ari da eta bertan bizi da eta Iñigo eta biok Donostian. Beraz, asteburuak ditugu entseatzeko. Mutrikuko lokalak konpartituak dira eta egutegi bat bete behar izaten dugu.

Taldearen izena ere ingelesez. Baina nondik dator?

Mutrikuko musika lokaletatik. Bizpahiru urte dituzte eta oso ongi daude egokituta akustikari dagokionez. Daukan akatsa baina, ez daukatela aireztapenik. Ondorioz, ate hermetikoa ixten dugun momentutik bero izugarria pasatzen dugu eta izerditan blai egoten gara. Bustita ingelesez wet... Hortik beraz, The Wet Band.

Eta nola definituko zenuke The Wet Banden estiloa?

Betiko erretolika da hori (barre). Esparru zabala hartu arren eta agian pop ukitu batekin, baina rocka egiten dugula esango nuke. Gainera, bakoitza mundu ezberdin batetik dator, Aitzoli metala gustatzen zaio; Iñigo klasikoagoa da eta bluesa edo Rhythm & Bluesa atsegin ditu; Ainarari kantu estilo ezberdinak gustatzen zaizkio eta nik denetatik entzun arren, gaur egun pop edo rock britainiarra daude nire egunerokoan. The Wet Band bakoitzaren estiloen puntu komuna izango litzateke eta ez daukagu inongo arazorik.

Danbaka lehiaketa irabazi izanak zuen izena ezagutzera eman du.

Danbakaren deialdia Debagoienetik kanpo zabaldu duten aurreneko urtea izan da eta parte hartzera animatu ginen. Hasieran ez geneukan ez Myspace gunerik, ez argazki egokirik, maketa atera berri geunden... Ez genuen espero horrelako emaitzarik edukitzea.

Izan ere, epaimahaiaren eta ikuslearen sariak eskuratu zenituzten.

Bai eta beraiek jakingo dute. Baina ez zait oso justua iruditzen emaitza; izan ere Norman bigarren geratu zen eta esku hutsik bueltatu zen etxera. Niri asko gustatu zitzaidan taldea, egia esan. The Wet Band taldeko kideak. Argazkia: The Wet Bandek utzia.

Eta bi sari horietatik, ilusio gehien zeinek egiten du?

Suposatzen da epaimahaikideen artean euskal musika munduarekin zerikusia duen jendea dagoela eta haiek erabaki zuten saria guri ematea; horrek indarra eta gogoa ematen du aurrera jarraitzeko. Guk ez dugu bilatzen produktu bat izatea, baina ikusten dugu tiroi bat izan daitekeela egiten duguna, eta pozik gaude. Ikusleenak ere zeresan handia dauka eta egia da ez genuela espero. Horregatik, jarraitzaileei eskaini diegu saria.

Orain diskoa grabatzea tokatzen da.

Guk udan grabatuko genuke, baina oraindik ez dakigu ezer. Geuk sortutako sei kanta ditugu soilik eta lanean jarraituko nuke, saioak eskainiz eta azken batean gehiago ikasiz eta ondoren grabazioarekin hasiko nintzateke. Ikusiko dugu!

Bestalde, zuen maketa sarean jarri duzue edozeinek jaisteko moduan.

Hain zuzen guk horren aldeko apustua egiten dugu. Jende asko dabil esaten musika hiltzen ari dela “pirateria” deitzen duten horrengatik. Nire ustez baina, musika inoiz ez da hilko; kantu berri bat sortzen den momentutik, bizirik egongo da. Ez da musika hiltzen ari dena, horren inguruko industria baizik. Internetek talde ezezagunak ezagutzera emateko bidea ematen du. Gainera, zein etorkizun dauka gaur egun diskoak saltzeak? Eta zein preziotan saltzen duzu? Izan ere, diskoaren zein portzentaje da taldearentzat eta zein atzean dagoen guztientzat?

Bestalde, ez da berdina auto–produkzioa edo multinazional batekin lan egitea. Badago Safe Creative deituriko plataforma bat. Bertan, lanen autoretza zeurea da eta argi agertzen da hori. Gainera, horren gaineko eskubideak baldin badituzu, zuk zeuk gestionatzen duzu; hau da, produktu horrekin zer egin nahi duzun erabakitzen duzu. Zuk jartzen dituzu mugak. Etorkizuna horretan dagoela uste dut.

Diskoek baino, zuzenekoek al daukate garrantzia?

Hori da. Garaiak aldatu egin dira, eta lehen diskoak atera bai baina ia kontzerturik ematen ez zituzten taldeak zeuden. Gaur baina, diskoa ateratzen duzu eta derrigor eman behar dituzu kontzertuak. Gainera, zirkuitu gehiago dago zuzenekoetarako eta bizitza daukan gauza da.

Eta zuk non joko zenuke gustura?

Beti gustatu izan zait Bilboko Kafe Antzokia, esaterako. Eta Danbakarekin Elgetako Espaloian aritu ginenean, benetan toki bikaina iruditu zitzaidan. Eta festibal batean kartel handi batean agertzea izugarria izango zen! Disfrutatzea da helburua.

Motzean:

Musikari bat: Azken aldian Muse, Cardigans eta Miles Davis, esaterako Euskaldunen artean: Berri Txarrak lan ederra egiten ari da Gustuko estilo bat eta talde bat: Elektronikoan Massive Attack; Rap eta Hip Hopean Violadores del Verso eta ToteKing; Reggae estiloan Gladiator eta Bob Marley... Kanta bat: Space Oddity (David Bowie); Angel (Jimmy Hendrix) Irrati bat: Radio 3. Musika entzuten da, baina garrantzitsuena, bertako saioetan musikaz hitz egiten da. Kontzertu bat: Radio 3en joko nuke. Entzun ezin duzun musika mota? Arimarik gabeko musika; eta udako abestiak, orokorrean. Musika britainiarra gustatuta, zuretzako Ingalaterra da... Musikari bikainak eman dituen eta zirkuitu aldetik aberatsa den herrialdea. Kontzertu baten aurretik egiten duzuna: Kamerinoan denok batera elkartzea, hitz egitea, berotzen hastea eta batez ere lasai egotea. Etorkizuneko plana: Taldearekin aurrera jarraitzea, kontzertuak ematea eta amesten jarraitzea! Endika Lekube (Mutriku, 1982) Algortan denbora luzez bizi ostean, gaur egun Donostian du bizitokia Endikak. Musika irakasle-ikasketak egin zituen Bilbon; Andoainen soinu-teknikari izateko prestatu zen. Musikarekiko harra barruan eraman du betidanik. Gaur egun, The Wet Band taldean dihardu eta Danbaka musika lehiketako epaimahairen eta ikuslegoaren sariak eraman dituzte Mutriku aldera. rain diskoa grabatuko dute; bitartean, kontzertuak ematen jarraitzeko asmoz.