479 Zenbakia 2009-03-27 / 2009-04-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bertsolari arabarrak, finalaren zain

Arabako Bertsozale Elkartea

Testua eta argazkiak



Ehundik gora lagunek berotu zuten Zigoitiako saioa martxoaren 15ean. Bertsolariak – Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Izar Mendiguren eta Serapio Lopez– erregular aritu ziren oro har, eta denek utzi zituzten ale ederrak. Hala ere, Agirre izan zen nabarmen gailendu zena. Ofizioka aisa moldatu zen aramaioarra eta, kartzelako gaian ere, fin ibili zen habanera doinuan eta hark lortu zuen finalerako zuzeneko txartela. Manex Agirre aramaioarra zuzenean sailkatu zen finalerako.

Manex Agirrek habaneran kantatu zuen enpresa gizonaren rola hartuta. Gaia hauxe: Egoerak egoera, dimisioa aurkeztu behar izan duzu:

“Enpresa baten jabe naiz nahiz ta iruditu bitxi/ lehenengo atea zabaldu / ondoren atea itxi/ baina akzioak dira/ lurran azpiraino jeitsi/ aukera egin behar nuen/ aurrera egin edo etsi/ langile denek zidaten/ ia aurpegia hautsi/ ordaintzeko omen neukan / oso oso diru gutxi /ta orain nahiz ta goikoek / neri hortzak erakutsi/duintasunak aukera/ ho(r)i besterik ez dit utzi”. “Hasieran egin nuen/ aberastasunan gala/ sarrerak politak ziren/ aurrekontua zabala/ baina aurten iritsi da/ bai krisiaren itzala / ta diru guztia beruntz / joan zaigu berehala / triste nago, gaizki nago, / ez al da gauza normala /grafikoak bezalaxe / jeitsi egin zait morala/ dimitu egingo dut/ noski egingo dudala / ta egindako akatsak/ denborak barka ditzala”. Oihane Perea, zuzenean finalera

Arabako bertsolari txapelketan finalean kantatuko duten bertsolariak zeintzuk ziren jakin asmoz, jende andana bildu zen martxoaren 22an Aramaioko kultur etxean jokatutako finalerdira. Idoia Beitiaren esanetara Oihane Perea, Ruben Sanchez, Zigor Enbeita, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa izan ziren kantuan. Saioa polita eta bizia izan zen, Enbeitak agurrean jakinarazi bezala “dena ematera baino, denei eman asmotan” taularatu baiziren bertsolariak. Oihane Perea Aramaioko saioan bertsotan.

Xabi Igoarentzako lehenengo txapelketa izan arren, estreinaldi ederra egin zuen aramaioarrak. Oihane Perea dotore eta eroso ibili zen, eta egindako lanak finalean kantatzeko zuzeneko txartela eskuratzea ahalbidetu zion. Asier, Ruben eta Zigorrek ere taula gainean defendatzen badakitela erakutsi zuten. Andererekin batera Xabik jaso zuen txalorik gehien, beraien herrian kantatzerakoan 170 lagun hurbildu baitziren bertsolariei babesa eskaintzera.

Sei bertsolariek egindako lana puntutan ordaindu zien epaileak, Oihane Pereari finalean kantatzeko zuzeneko txartela eskainiz 333,5 punturekin eta hurrenez hurren Asier Otamendiri 330,5 puntu emanaz Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeitari 306,5 puntu eta azkenik Xabi Igoari 283,5 puntu Apirilaren 4ean, final handia

Apirilaren 4ean Gasteizko Printzipal Antzokian kantatuko duten sei bertsolariak Oihane Perea eta Manex Agirre (zuzenean sailkatuak), Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre izango dira. Sarrerak Gasteizko Amaia Zentroan izango dira eskura edo martxoaren 31tik aurrera Printzipalean bertan. Honenbestez sustraiak errotu egin dira. Orain, nor iritsiko den puntara jakitea baino ez da falta. Sei buru eta txapela bakarra dagoen tokian hau baino ez da ziurra: irabazi nahi duenak gogor borrokatu beharko du.