479 Zenbakia 2009-03-27 / 2009-04-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ixiar Rozas Elizalde

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal idazle eta gidoilaria da Ixiar Rozas Elizalde. Lasarte–Orian jaio zen 1972ko urtarrilaren 19an eta narrazioa, nobela, poesia eta antzerkia jorratu ditu, besteak beste.

Komunikazio arloak erakarrita, Nafarroako Unibertsitatean Informazioen Zientzietan lizentziatura eskuratu zuen gipuzkoarrak. Ondoren, Katalunia aldera abiatu eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan gidoilari master bat egin zuen.

Ixiarrek publikatu zuen aurreneko lana ipuin bat izan zen eta Bataioa izenburupean, Euskaldunon Egunkariak editatutako 9808 Narrazioak bilduman argitaratu zen. Ordutik, lan ugari egin ditu Rozasek. Bere hitzetan, zerbait kontatzeko duenean hasten da istorioa idazten, baina ekin aurretik, normalean bai amaiera eta baita bukaera ere garatuak izaten ditu bere buruan eta horrek nondik nora jo argi edukitzeko balio dio.

Aurretik aipatu bezala, genero ezberdinak landu dituen emakumea da Ixiar. Nobelaren kasuan, Edo zu edo ni (2000) eta Negutegia (2006) argitaratu ditu orain arte. Narrazioari dagokionez, Korronteak eta Sartu, korrontea dabil dira momentuz publikatu dituenak, biak 2001ean.

Poesiarekin ere atrebitu da eta Patio bat bi itsasoen artean kaleratu zuen 2001ean. Haur eta gazteei ere dedikatu dizkie pare bat liburu, Yako (2001) eta Yako eta haizea (2002) tituludunak, hain zuzen. Antzerkigintzari dagokionez, Gau bakar bat (2004) da Ixiarrek idatzitako lana.

Hainbat beka ere eskuratu ditu idazle gipuzkoarrak. Aurrenekoa 1999an eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Edo zu edo ni kaleratu zuen urtebete beranduago. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren beka eskuratu zuen 2002an eta Gau bakar bat lana kaleratu zuen bi urtetara.

Sariketei dagokienez, Errenteriako Ereintza Literatur lehiaketara Loreak lorontzietan lana aurkeztu eta lehenengo saria eskuratu zuen 1997an. Arabako Diputazioaren ekimenez sortutako Ernestina de Champourcin Poesia Saria ere berea izan zen 2000. urtean Patio bat bi itsasoen artean lanagatik. Bestalde, Korronteak lanak Donostia Hiria Saria eskuratzeko aukera eman zion 2001ean eta Sartu, korrontea dabil narrazioarekin Euskadi Sariko finalista izan zen 2002an.

Baina aipatu bezala, idazle izateaz gain, gidoilaria ere badugu Rozas, eta ETB edota Antena3 kateetako telesail batzuetan parte hartu du, Benta Berri, Compañeros edota Teilatupean saioetan, besteak beste.

Amaitzeko, Memorie Periferiche eta Periferiak izeneko elkargunearen sortzaileetariko bat da eta gaur egun koordinatzaile lanetan aritzen da bertan.

Irakurzaletasunak bultzatu zuen idaztera Ixiar eta idazle edo gidoilari gisa, bere sormen lanetako esaldietan freskotasuna txertatzen saiatzen da.