Gasteiztarra da Ana. Soziologia ikasi zuen aurrena, eta interes partikularrengatik Sexologiaren gaineko ikasketak egin zituen ondoren. Esperientzia handia dauka, izan ere, hamasei urte inguru daramatza honetan lanean; beste lagun batzuekin batera Emaize zentroa ireki zuen 1993an. Sexologia zentro batetan diharduzu lanean. Halaxe da; 1993an ireki genuen Emaize Sexologia Zentroa, eta arlo ezberdinak jorratzen ditugu bertan: bai sexu hezkuntza, aholkularitza eta terapia ere. Hala ere sexologo izan aurretik Soziologia ikasi zenuen. Nire bizitzako une batetan interes desberdinek bat egin zutelako animatu nintzen sexologiaz gehiago ikastera. Alde batetik, feminismoaren mundutik nentorren eta une horretan hasi nintzen lagun talde batekin emakume eta gizonezkoen gainean pentsatzen; hor piztu zen gure interesa eta batez ere gure buruak hobeto ulertzeko helburua geneukan. Gainera, lagun batek amaitu berri zeuzkan Sexologia ikasketak eta nik ere esparru horretan aritu nahi nuela argi ikusi nuen; ikasketak egin nituen eta lagun?talde harekin batera Emaize sortu zen. Baina azaldu, zein da sexologo baten lana? Orokorrean esanda, emakume eta gizonezkoek haien emakumetasuna zein maskulinotasuna hobeto bizitzen ahalegintzen garela esango nuke. Bakoitzak bere burua ulertu, onartu eta batez ere norberarekin eta beste sexuetakoekin duten harremanak ondo bizi ditzatela saiatzen gara. Pertsonak geroz eta gazteagoak direnean egiten bada lan hori, orduan eta hobeto ulertzen dituzte beraien buruak eta baita besteekin dituzten harremanak ere; hori elkar?ulertzeko eta elkarbizitzarako ezinbestekoa da nire ustez. Gizarteak nola ikusten du zure ustez sexualitatearen gaia? Egia da geroz eta ohitura handiagoa dagoela sexualitatearen inguruko gaiei buruz hitz egiteko; baina bestaldetik, tabupean jarraitzen dute oraindik horren gaineko aspektu askok. Horregatik, garrantzitsua da sexu hezkuntzarekin ikastetxeetan hastea, bi urtetik aurrerako neska?mutikoekin gainera. Gainera, guk eskoletan ikasleekin lan egiten dugu, baina baita irakasleekin ere. Hain zuzen gazte horiek egunero daudenekin aritzea oso garrantzitsua da mezu ezberdinak ez helarazteko. Eta ezin ditugu gurasoak ahaztu, noski. Ikastetxe guztietara ere ez zarete iritsiko... Ez, agian leku batetik bi ordutarako deitzen gaituzte soilik, eta oso gutxi egin dezakegu ondorioz. Baina irakasleak hor badaude eta gurasoak ere inplikatzen badira, askoz hobeto! Hala ere, sartzen garen ikastetxeetan burutzen dugun lanaren inguruan esan nezake, gurago izaten dugula hitzaldietatik kanpo geratu. Nahiago izango genuke ?nahiz eta talde bakoitzarekin sei orduz bakarrik aritu? urteroko ekintza izatea eta ez soilik ekimen puntual bat. ? Bestalde, batzuetan irakasleek uste dute gure presentziarekin aski dela eta ez da horrela. Hau da, gu laguntzera joaten gara, baina beraiek egunero egin behar dute lan. Adibide bat jartzearren, norbaitek klasean txiste homofobo bat kontatuz gero, irakasleak horren aurrean nola jokatzen duen garrantzitsua da. Eta nola hartzen zaituztete ikasleek? Egia da hasieran estutasunak eragiten dituen gaia dela, baina segituan pasatzen zaie. Beraien jakin?mina handia da eta askotan sexu?hezkuntza landuko dugula jakitean, ?egiten den sexuari? buruz arituko garela uste dute ?kondoi bat nola ipini, esaterako. Hori mekanika hutsa da eta bi minututan ikasten da. Landu beharreko mila gai daude: momentu konkretu batetan zergatik ez duten kondoia erabiltzen; edo zergatik kostatzen zaion norbaiti kondoiaz hitz egitea; edo agian ez dira ausartzen beraien auzoko farmazian antisorgailuak erostera; edota norberaren auto?estimuari buruz hitz egiten dugu... Zein da egin dizuten galderarik bitxiena? Hamabost urteko neska batek orain gutxi baginak bukaera ote zeukan galdetu zidan. Asko dakitela pentsatzen dugu, baina gauza txikietan huts egiten dutela ikusten da. Lehen aipatu duzu oraindik tabu asko dauzkagula. Nire ustez gazteek dituzten sineskeriak helduon berberak dira. Esaterako, erotikoari buruz mintzo garenean koitora soilik murriztea, sexualitatea genitalekin egiten den zerbait dela pentsatzea... Kontzeptuak transmititzen dira, telebistaren bitartez esaterako, eta horiek irensten dituzte. Nahiko zaila da beste eredu bat transmititzea; sexologook bakoitzak bere eredu propioa eraiki dezakeela azaldu eta horretan lagundu beharko genuke. Bakoitza desberdina da, eta maiz gure desirengatik baino, ?derrigorrezkoa? denagatik mugitzen gara. Sexua, erotikoa, sexualitatea... Oraindik ere nahasten ditugun kontzeptuak dira, ezta? Gaurko gizartean sexuari buruz hitz egiten denean singularra erabiltzen da eta ?egiten den sexuari? egiten zaio erreferentzia. Sexologook aldiz, bizitzen dugun sexuei buruz hitz egiten dugu ?pluralean?, hau da, gizon edota emakume izateari buruz. Latinetik dator erroa eta ?desberdintzen gaituena? esan nahi du; badaude beste hitz batzuk erro berarekin: sektore, sekzio... Sexualitatearen kasuan, bakoitzak emakume edota gizonezko moduan bizitzen duena, edo garatzen duenari buruz hitz egiten dugu; sentitzeko moduak dira oinarria. Honen barruan, desiraren orientazioa ere egongo litzateke (homosexualitatea, heterosexualitatea...), baina ez jokaera. Baina baita nola sentitzen naizen emakume izanda, nola bizi dudan nire emetasuna, zer?nolako beldurrak ditudan... Azkenik erotikoa, bakoitza bere buruarekin edota haren desioa esnatzen duenarekin nola lortzen duen plazera, komunikazioa... Normalean plazerarekin lotzen den arren, desioarekin izango luke lotura zuzenagoa nire ustez. Ikastetxeetan ikusi duzunaren arabera, nola jokatzen dute gazteek homosexualitatearen inguruan? Normalean besteen aurrean erakusten duten jarrera, ulertzen dutela eta errespetatzen dutela da; baina hori teorikoki dela deritzot, hau da, besteok entzun nahi dugula esaten digute. Baina, esate baterako ?lumadun? norbait badago klase horretan ?nahiz eta homosexuala ez izan? ikaskideen partetik jasotzen dituen adjektiboek askotan errealitatean bestelako jokaera dutela argi uzten digute. Eta berriz esango dut, maiz nagusien jokaera berberak errepikatzen dituzte. Hala ere ez da desinformazio kontua. Ez, izan ere, informazioa jasotzeko bide asko eta asko dituzte gaur egun. Ez dakite datu horien artean zuzenak direnak eta ez direnak bereizten, eta hor dago arazoa. Gure lana bada baita ere, horrenbeste informazioen aurrean iritzia, informazio zientifikoa eta abar bereizteko tresnak ematea. Bestalde, emakumeak sexualitatearen arloan aurrerapausoak egin dituela uste al duzu? Baina batzuetan lehen gertatzen zenaren guztiz kontrakoa ematen da, eta badirudi orain emakumeen ardura dela ligatzea, aktiboagoak izan behar dugula... Eta nire ustez bakoitzak jakin behar du zer behar duen, nola adierazi nahi duen. Inork ez du ?derrigorrez? egin behar, nahi duena egin behar du: nahi badut, egingo dut. Emaizera gerturatzen direnen perfila zein da? Terapiara joaten direnak normalean aurretik hezkuntza sexual ona jaso ez dutenak izaten dira; hogeita hamar urtetik gorakoak izaten dira. Aholkularitza ona edukiz gero, agian inoiz ez zara terapiara joango. Pasatu izan da zentrora datozenek gertatzen zaiena arazo bat dela uste izatea, eta benetan horrela ez dela konturatzea. Esaterako, neska bat etorri zen anorgasmikoa zela esanez; hau da, koitoaren bidez orgasmora iristen ez zela komentatu zigun. Hori emakumeen artean ehuneko 80ari pasatzen zaion gauza da, beraz non dago arazoa? Sineskeria horiek kanporatu behar ditugu norberaren sexualitatea eta erotikoa hobeto bizitzeko. Kalitatezko sexu?hezkuntza oinarrizkoa da terapiara ez joateko. Bestalde, sexu aholkularitzara datozenek, 23 urte izaten dute oro har. Desiraren faltari buruz?eta izaten dira galdera arruntenak. Gainera ez da arazorik eduki behar derrigor, hobe da kontsulta egitea edozein zalantza txiki izan bezain pronto. Amaitzeko, nola ez, aholkuak eskatuko dizkizugu. Erantzun esaldi hauei. Aintzane naiz eta Maite dut gustuko. Baina ez etxekoek ezta lagunek ere ez dakite ezer. Aurrena, esparru bakoitzean konfiantza gehien duzun pertsonak zeintzuk diren begiratu eta haiekin hitz egin dezala esango nioke; horrela, pixkanaka aurrera egingo du. Batzuetan gertatzen da azkarregi irteten dela armairutik, eta tupust egiten da errealitatearekin; horregatik urratsez urrats joatea garrantzitsua da. Maiteminduta egon arte ez dut sexu harremanik edukiko... edo bai? Ziur egon arte ez egin ezer. Baina batzuetan harreman sexualak koitoa dela pentsatzen dugu eta beste gauza asko ere badira. Arraroa egiten zait inork harreman erotikorik ez duela eduki pentsatzea, inork ez duela muxurik eman, esaterako. Ongi desberdindu behar da. Ez da presionatu behar, norberak bere erritmoa eduki behar du. Normalean preserbatiboak erabiltzen ditudan arren, egun bategatik ez da ezer gertatzen... Sarketa dagoen bakoitzean haurdunaldia egon daiteke edota gaixotasunak transmititu daitezke... Beraz, garrantzitsua da erabilera. Askotan esaten du jendeak preserbatiboarekin plazera ez dela berdina. Nik esango nieke plazera ez dela momentu horretan sentitzen dena soilik, hurrengo egunetan ongi sentitzean ere badatza. Eta zer pasatzen da preserbatiborik ez denean erabiltzen? Normalean larritasuna, kezkatuta zaudela... Kalkulatu momentu horretako satisfazioa edota bizitza osokoa! Ana Ramirez de Ocariz (Gasteiz) Madrileko Unibertsitate Konplutensean Soziologian lizentziatu zen 1990ean baina Sexologiara gerturatu zen eta duela hamasei urtetatik Emaize Sexologia Zentruan egiten du lan. Bere prestakuntzarako Heziketa Sexualean Hezitzaile titulua atera zuen 1996an Madrilen bertan eta beste hainbat eskola ere hartu ditu gai honen inguruan. Gainera, Vitoria-Gasteizko Udaletxeko Sexualitate Aholkularitza Zerbitzuko arduraduna da 2002tik.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.