479 Zenbakia 2009-03-27 / 2009-04-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteen sexualitateak ikusteko erak

SANCHO, Nerea



Gazte alaiak, emankorrak, osasuntsuak, dibertigarriak nahi ditugu. Zaletasun pertsonalak dituztenak, irakurtzea atsegin dutenak, kirolariak, laguntasuna baloratzen dutenak. Elkar errespetatzen eta maitatzen diren neska eta mutilak, gurasoekin konfiantza dutenak eta zaharrei irribarrea eragiten dietenak.

Belaunaldiak etorri, belaunaldiak joan, badirudi ez dela aldaketa sakonik gertatu: belaunaldien arteko jauzia eta ezulertuak dirau. Helduarora iristerakoan esaldi hau edo honen bertsio bat errepikatzen dugu: “egungo gazteak ez dira batere arduratsuak, gure belaunaldia hobeagoa zen.” Argazkia: Nerea Sancho.

Gazteen sexualitateez (pluralean, bakoitzak bere sexualitate bakarra eta errepika ezina baitu) hitz egiterako orduan zuzenean arriskua datorkigu elkarrizketara: planeatu gabeko haurdunaldiak, infekzioak, abortua, internet bidez gertatutako delituak... Gazteria eta arriskua, dena bat bailitzan tratatzen jarraitzen dugu, a ze nobedadea!

Neska eta mutilen bizitza sexualei buruz mintzatzean nahiko al genuke honakoa entzun? Amodioa, kitzikapena (eszitazioa), zirrara, dibertsioa, erakarpena, bizi–poza, larrua jotzea, biluztasuna, jolas erotikoak, belarrira xuxurlatzea, flirtean ibiltzea, esplorazioak...

Lehenengo eta behin, gazteen sexualitateak era baikor batetan ikusteko, azken hitz zerrenda entzuteko prest eta gogoz egon beharko dugu, nola bestela?

Eta bigarrenik, hori entzuteko, helduok, etxeko–lanak egin beharko ditugu. Zeintzuk etxeko–lan? Sexuen Hezkuntza bermatzea, alegia.

Askotan pentsatzen da sexuen hezkuntzaren helburua EGITEN dutena heztea dela. SENTITZEN dutenari buruz informazioa ematea dela uste da baita ere. Edota duten gorputza, hau da, DUTENA ezagutzea dela. Hiru alor horiek, zaindu beharrekoak dira, bai horixe! Baina gure helburu nagusia beraiek DIRENA eraikitzen laguntzea da. Neska eta mutilak eraikitzea. Gizon eta emakume gisa izan dezaketen aberastasuna lantzea, kultibatzea, heztea. Laburbilduz, euren buruak EZAGUTU ETA ONARTZEA, beraiek diren moduan, gizon edota emakume gisa espresatu ahal izatea. Eta neska eta mutil bakoitzak BERE MODU PERTSONALA izango du.

Heldu arduratsu askok esango luke horrekin ados dagoela, baina non geratzen da prebentzioa?

Bertako eta nazioarteko ikerketa anitzek demostratzen dute gazteen sexuen hezkuntza egokia jasota –txiki–txikitatik baldin bada, askoz hobe– ondorio ezkorrak ekiditen direla. Beste modu batera esanda, hezkuntzaren bitartez euren buruak neska edo mutil gisa behar bezala ezagutzea lortzen badugu, diren bezala euren buruak onartzea eta espresatzeko aske sentitzea lortzen badugu, ez dira arazoetan sartuko. Horrelaxe da, oso sinplea badirudi ere.

Euren burua, gorputza, erreakzioak, sentipenak identifikatzen eta ezagutzen lagundu behar diegu, gauza bakoitzari bere izena emanez: bulba, kitzikapena (eszitazioa), eiakulazioa, masturbazioa, poza, zalantza, beroa, erakartasuna, plazerra...

Euren buruak onartzen irakatsi behar diegu: euren gorputzak maitatzen, euren zaletasunak garatzen eta goraipatzen, besteekiko desberdina duten hori errespetatzen eta onartzen... Ondokoak desberdinak direla onartzen eta baloratzen ikasi behar dute.

Eta janzteko era, hitz egiteko modua, dantzatzeko estiloa, kirolaren aukera, jostailuen selekzioa... era duinean eta koherentean bizi dezaten lagundu beharko diegu.

Aurrekoa saiatuz gero, gazteak eta arriskua bereizten hasiko gara. Eta ez da gutxi.

Konfiantzazko sexu aholkularitza zerbitzua hemen topatuko duzu: www.gaztezulo.com