480 Zenbakia 2009-04-03 / 2009-04-10
Guillermo Olmo 1960an jaio zen abenduaren 14an Sarrian (Lugon), baina txikitan Zugaztietara etorri zen bizitzera. Gazteetan hasi zen artearen munduan. Guillermo pixkanaka–pixkanaka ailegatu zen eskulturara. Hainbat eragin estetikok markatzen dute bere obra, bereziki gure herrietan ohikoak diren materialek; besteak beste, egurra, harria eta burdina erabiltzen ditu. Gaur egun bere lantegia Amezketan, Gipuzkoan, dago. Haren obrak aukeratu dituzte nazioarteko hainbat erakusketarako.
Zergatik hasi zinen eskulturak egiten?
Betidanik egin izan ditut, baina hasieran pentsatzen nuen ezin nuela honetatik bizi; noizbait azken urratsa eman behar da, zirt edo zart egin. Gutxi gorabehera 25 urte nituenean hasi nintzen eraikuntzan lanean baina eskulturak egiteari inoiz utzi gabe, dagoeneko eraikuntzan lan egiteari utzi diot eta bakarrik eskulturetan aritzen naiz
Zein izan zen zure lehenengo eskultura?Zelako materialez egin zenuen?
Hamazazpi urte nituela nire lehenengo eskultura egin nuen, bere izena Amatxo da eta harriz eginda dago.
Atsegina da zure lana?
Oso atsegina, zeren eta materiala hartu eta zure erara moldatu ahal baituzu nahi duzun forma lortu arte.
Asko bidaiatu duzu zure lanarekin?
Bai, nahikotxo, adibidez, Londresera, Parisera, Shangaira, Pekinera, Bartzelonara eta Lisboara... Bakearen mahaia. Guillermo Olmok utzia.
Nola konturatu zinen lan hau gustukoa zenuela?
Betidanik gustatu zait artea, eskultura izan da arlo horretan nire azken urratsa eta nik uste dut honekin amaituko dudala nire artearen inguruko lehia. Eskulturara azken pausu hau eman baino lehen, beti margotu izan ditut koadroak; beti egon naiz arte plastikoari oso lotuta
Zein da gehien motibatu zaituen saria?
Faustino Orbegozo elkartea sortzea izan da nire lanaren saririk pozgarriena.
Eta gehien motibatu zaituen artelana?
Artelan askok motibatu naute, horietako batek Leño du izena eta gaztainondo 3mtako diametroa zuen enbor izugarri batetik abiatu nintzen. Asko motibatu nauen beste eskultura bat Bakearen mahaia izan da; burdinazkoa da eta asko estimatzen dut, material hori baliatuz egin dudan eskultura handienetariko bat delako.
Zergatik joan zinen Amezketara lan egitera?
Leku baztertu bat bilatu nahi nuen, leku berri bat, eta toki aproposena Amezketa izan zen. Leño. Guillermo Olmok utzia.
Zaila ahal da artetik bizitzea?
Bai, oso zaila da artetik bizitzea; Bizkaian eskultura egiten duten artisten artean, eta eskulturatik bizi direnak, beharbada zazpi pertsona baino ez dira gutxi gorabehera. Jende askok enpresa batean–edo lan egiten du eta gero hobby gisa hartzen dute eskultura.
Zelan ikusten duzu gaur egungo gazteen artearekiko interesa?
Nik uste dut gaur egungo gazteak ez daudela artearen munduan sartuta, teknologia berriekin harreman estuagoa dute.
Zenbat obra egin dituzu?
Gutxi gora behera 200 eskultura baino gehiago eta horietariko batzuk txiki txikitatik dauzkat gordeta.
Zure lanak zure familiarengandik isolatzen zaitu?
Bai, pixka bat, baina nik uste dut beharrezkoa dela pixka bat isolatuta egotea inspirazio berriak etortzeko, eta Amezketan ni bakarrik hobeto nabil.
Poz handiz hitz egin dugu Zugaztietako eskultore Guillermo Olmorekin; asko gustatu zaizkigu bere lanak eta arrakasta handia izatea opa diogu. Eta espero dugu eskultura gehiago egin eta sari gehiago irabaz ditzala.