Goenkalen ezagutu genuen aurreneko Iban nor zen. Orduko hartan, Aitorren papera interpretatzen zuen azkoitiar honek. Euri asko egin du ordutik eta aktore lanetan ez ezik, komunikatzaile eta produkzio lanak ere burutu izan ditu, besteak beste. Txakur batekin berbetan ikusi genuen denboraldi batez; erreportajeak egiten ere ez da kaxkarra eta gaur egun igandetan ETB1 piztu eta Errazu programaren gidaritzan ikusten dugu. Baina dokumental batetan ere buru–belarri sartuta dabil. Goazen pixka bat gehiago ezagutzera. Telebistatik ezagutzen zaitugu. Baina ikasketei dagokionez ere, ez zara geldi egon! Batxilergoa amaituta, Bilbora, Deustura jo nuen Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikastera. Bi urte egin nituen eta berandu bada ere, konturatu nintzen Ikus–entzunezko Komunikazioa ikasi behar nuela eta Iruñera mugitu nintzen, Nafarroako Unibertsitatera. Bertan lauzpabost urte egin nituen, amaitu arte. Baina ekonomia gustuko al duzu oraindik? Bai! Gainera ingeniaritzako obra handia iruditzen zait kontabilitatea. Egia da tranpa asko egin daitezkeela esparru horretan, eta meritu handia dauka horrek ere! (barre). Bizi garen gizarte kapitalista honek gutxienez nola funtzionatzen duen jakitea komenigarria dela uste dut eta daukagun kultura finantzarioa orokorrean nahiko eskasa dela pentsatzen dut, nahiz eta eskolan eta ematen den zerbait. Ikasketak alboratu eta pasa gaitezen telebista mundura. Nola hasi zinen? Hamahiru urte nituela antzerki talde batetan nengoen ikastolan; telebistan iragarki bat azaldu zen eta taldetxo bat joan ginen. Gure curriculuma aurkeztu genuen –orri huts bat!– eta castingera joan eta ez ninduten hartu! Orain esango balidate orduan bezala aurretik esperientziarik eduki gabe proba batetara aurkezteko... ziurrenik ez nintzatekeela animatuko! Ondoren, BUPeko bigarren maila hastera nindoan udan –hamabost urte nituela– norbait gogoratu zen proba hartaz eta deitu egin ninduten lantxo bat eskainiz. Zailena bai edo ez erabakitzea izan zen; nota onak ateratzen nituen, argi neukan Deustura joan behar nuela ikastera eta karreran sartzeko nota altua behar nuen; errespontsabilitate handia zen. Eta zenbat denbora igaro zen erabakia hartu zenuenera arte? Astebete inguru. Jendeak animatzen ninduen, baita etxean ere, nahiz eta ikasketak helburu nagusi izan behar zuten. Orduan zaletasun bat zen, gaur lanbide bihurtu dena, eta egia da serio hartu beharreko hobbya dela, baina jolasa zen azken finean. Gero pixkanaka aldatzen joan zen. Norberak bere bide profesionala zehazten joan behar du, gauzak planteatu behar izaten dizkiogu gure buruari. Telebistan lan pixka bat baneukala ikusi eta erabaki nuen serioago hartzea. Nire dohainen bat ekonomian esplota nezakeela banekien, baina baita telebistan ere. Muturreko kasuan bi bide horiek bat egiten zuten tokia enpresa mundua izan zitekeen eta ikus–entzunezko enpresaren batean aritu nintzatekeela ere jabetu nintzen. Ideia horrek eta baita produktoreren batek ere animatu ninduten Iruñera ikastera joatera. Aurreneko urratsa Goenkalen eman zenuen. Hiru urtez aritu nintzen bertan aktore, 15etik 18ra eta orduan haustura bat eman zen, unibertsitatera joateko garaian. Gainera, telesaileko asko Hasiberriak programara joan ziren eta nahiz eta ni pare bat kapitulutan agertu, denboratxo bat ezer egin gabe egon nintzen. Ondoren, Betizu irten zen eta deitu egin ninduten. Castinga egin nuen, baina batez ere beraiek deitu nindutelako eta ezetz ez esatearren. Azkenean aukeratua izan nintzen eta Ilaski Serranorekin batera larunbat goizetan gidatzen genuen saioa. Orduko programan zezen bat geneukan lagun, eta ondoren, egunero emititzen zen saioan, txakur bat zen nire kidea. Eta zer moduz harekin hitz egiten? Sasoi batean euskara etxerako eta animaliekin aritzeko zen, eta Betizun demostratu zen baietz, animaliek euskaraz egiten dutela, bai behintzat Okerrek! (barre) Eta aktore izatetik zuzenekoa aurkeztera pasatu zinen modu horretan. Lan hura ETBk nirekiko egin duen apusturik handiena dela esan nezake. Eta zuzeneko bat gidatzea ez da txantxa! Gidoia egon badago, baina saioa nahiko malgua zen eta gazteekin gai batzuk jorratzea–eta aurrez pentsatuta zeuden arren, tarteko lotura guztiak –telefono deiak eta– ez zeuden idatzita; datorrenari heldu eta toreatzen ikasi nuen. Garai harta ikasi nuen telebistari buruz dakidan guztia. Ondoren, zinea–eta etorri ziren. Zinea eta telebista, lan egiteko modu ezberdinak dira, ezta? Lengoaia desberdinak dira niretzako. Hau da, telebistan protagonista aktore edota aurkezlea dela esango nuke, aske da nahi duen tokitik mugitzeko neurri batean, kamerek jarraitzen dute, ez da mikrofonoekin arazorik Zinea berriz, argazki bat dela esango nuke, bata bestearen atzetik jarrita daudenak. Denok argazki bat ateratzeko horretarako prestatzen gara, barre egin, ez dakit zer esan Hori da azkenean mundu horretan etengabe egiten dena. Adibidez, bi metroko paseoan ibiltzen joan, puntu zehatz batetan gelditu behar izatea, norabait begiratu eta gainera keinua botatzea. Dena koreografia bat da eta zehaztuta dago guztia. Hor ere asko ikasi nuen eta maisu on eta jatorrarekin aritu nintzen gainera aurreneko filmean, Aupa Etxebeste!n Beraz gustatu zitzaizun esperientzia. Bai, eta gero errepikatu ere egin nuen. Aitzpea Goenagaren gidaritzapean, Zeru Horiek izeneko telebistarako pelikula bat egin nuen; zinemaren logika bera jarraitzen du. Pasa den udan berriz, Mistical izeneko filma grabatu nuen, eszenatoki birtual edo kroma bitartez sortua. Uste dut estatuan aurrenekoz egin dela horrelako pelikula bat bere osotasunean. Oraindik post–produkzioan dabiltza eta agian urtebete igaro daiteke estreinatu aurretik. Zumaian egiten du lan Ibanek. Hori bai izango zela bestelako bizipena! Bai! Behin amaituta esperientzia bezala gauza zoragarria dela iruditzen zait, baina grabaketa momentua sufrimendu bat izan zen. Hau da, leku huts batetan zaude, zuzendariak eszenaren nondik norakoak kontatzen dizkizu eta dena zeure buruan irudikatu beharra daukazu. Lehenengo bost egunak txarrak izan ziren, baina gero erritmoa hartzen joan nintzen. Bizi egin behar den esperientzia da. Gainera nik imajinatzen ditudan agertokiak eta zuzendariak irudikatzen dituenak ez direnez berdinak izango... emaitzaren zain nago! Orain arte aktore eta aurkezle gisa ikusi zaitugu. Nola identifikatzen duzu zure burua? Aurkezle baino komunikatzailea naizela esango nuke. Niretzako, aurkezle izateak ematen du dena idatzita daukazula eta irakurtzera mugatzen zarela. Baina zure egin behar duzu diskurtso hori eta komunikatu. Eginiko lan guztietatik non sentitzen zara erosoen? Oso zaila da aukeratzea, horren desberdinak dira! Gainera gustura sentitu naiz egin dudan lan guztietan, eta zortea eduki dudala iruditzen zait, nahi dudan horretan lan egiten baitut eta momentuz behintzat ez naiz ezertara behartuta sentitu. Bestalde, komunikatzaile lanetan zu zeu zara, eta aktore lanetan aldiz, beste baten larruan sartu behar duzu eta hori lantzea tokatzen da. Eta ikusi dudanez, gure Euskal Herri honetan ez dago industria nahikorik pertsona bat erabat gauza bakar batera jarduteko. Alde batetik aberatsa da zure denbora gauza askotara dedikatzea, baina aldi berean, horretara derrigortuta sentitzen gara. Adibidez? Nik esaterako 2009. urtean Errazu egin dut eta grabaketak amaituta daude. Beraz, ETBn aurtengo nire lana horixe izango da eta pentsa, hilabete honetan bukatzen bada Errazuren emisioa, irailera arte ez dut lanik edukiko. Sei hilabete ezer egin gabe egon naiteke, eta noski, pentsatu beharra daukat zertan lan egin denbora tarte horretan. Derrigortuta nago ondorioz, komunikatzaile izatera telebistan, baina baita aktore izatera, edota ez dakit, iritzi artikuluak idaztera hedabideren batean. Orain, produktore lana egiten ari naiz Zumaiko flischari buruzko dokumental batean: Flisch, Haitzen Hitza dauka izena. Beraz, ezin naiz espezializatu gauza bakar batean, agian beste toki batetan lan eginez gero esan nezake, “Kaixo Iban da nire izena eta aktorea naiz”, baina Euskal Herrian ez. Zuk uste arrazoi horrexek bultzatzen duela jendea kanpora joatera? Pentsatzen dut baietz. Egia da hemendik joandako askok aktore izan nahi dutela eta industria handiena –egotekotan– Madrilen dago. Noski lan aukera gehiago daude, baina onena izatea hemen baino zailagoa da bertan, gutxiago baikara! Bestalde, profesionalki hazteko modua ere badelako joango dira, publiko zabalagoa dago eta ezagunago bihurtzen zara. Nik oso ondo ikusten dut. Animatuko al zinateke urrats hori ematera? Ez dut uste, nik hemen nire bizitza egina baitaukat. Baina agian gauza puntualak egitera joango nintzateke, zergatik ez? Bestalde, joan diren askok arrakasta eduki dutela iruditzen zait, eta hori neurri batean beraien buruak saltzen jakin dutelako dela pentsatzen dut. Marketina edozein esparrutan da garrantzitsua, dudarik gabe! Errazu aipatu duzu lehen, freskotasun handiko programa. Hala iruditzen al zaizu? (barre) Funtsean gai baten inguruko erreportajea da saio bakoitza eta ahalik eta ikusgarriena izaten ahalegintzen gara. Baina bide batez, ahalegina egiten dugu gai horren inguruko hiztegia plazaratzeko; hitz asko badakizkigu, baina beste ugari ez. Ez da euskararen inguruko programa bat, argi dago, baina mezu hori izan dezan saiatzen gara. Adibidez, berba edo espresio erakargarri bat ikusten badugu, pantailan idatzita agertzen da. Ez dut espero ikusleak pantailari pega–pega eginda egotea hitz horiek ikasten, baina norbaiti baten bat grabatuta geratzen bazaio, hori irabazi dugu! Momentuz funtzionatzen du eta hori ez dela oso erraza ikusteko. Izan ere, atentzioa eskatzen dio ikusleari: euskara mota ezberdinak agertzen dira eta hitzak pantailan agertzen direnean irakurtzeko saiakera egin behar da... Baina aberasgarria ere bada. Hala ere, gaur egun ez du inork aberasgarria delako ikusten telebista, entretenitzeko baizik. Horri heldu behar diogu eta ondo pasatzea ezinbestekoa da, baita nik ere lan egiten dudanean. Eta ikusten al dituzu zeure saioak? Beti ikusten dut egiten dudana, nire lanaren parte da! Ez dut esan nahi egiten dudan guztia gustuko dudanik, baina derrigor ikusi behar dut. Hala ere, pentsatzen dut guztiok egiten dugun zerbait dela, batetik nartzisista puntu bat daukagulako eta bestetik derrigortuta gaudelako. Nik asko sufritzen dut nire burua pantailan ikusten, baina ezinbesteko lana da. Ikasteko eta hobetzeko balio dit. Momentu honetan Flisch, Haitzen Hitzak dokumentalarekin buru–belarri zabiltza. Zumaiko Flischa eremu biotopo izendatuta dago. Haitzetan dagoen labarra liburu handi bat bezalakoa da, non gizakiaren eboluzioa irakur daitekeen. Bi limite daude, dinosauroak desagertu zirenera artekoa bata eta ostekoa besta. Mundu mailan erreferentea da flischa eta ikerle asko gerturatzen dira hona. Alberto J. Gorritiberea eta Asier Hilario zuzendari direla, daukagun altxor horri balioa eman eta dibulgatzea da asmoa. Eta bide batez, dokumentalak munduan orain arte bost desagertze egon badira, ea seigarren bat sortzen ari garen galdera plazaratzen du. Punta–puntako zientzialariak etorriko dira eta guk ere bidaiak egingo ditugu, Islandia, AEB eta Mexikora. Proiektu honetan produkzio–zuzendari lanetan dihardut, aurrekontua exekutatuz; egitasmo handia da. Gaiz aldatuz, orain urte batzuk telebistako joera euskara batua erabiltzea zen, baina egoera aldatuz doa eta hizketa ezberdinak aditzen ditugu: bizkaitarra, nafarra, zuk zeuk azkoitiarra... Egia da desberdina dela gaur egun, baina muga batzuk daude eta euskara estandarra hor daukagu komunikatzeko. Niretzako ez da ahozko espresiorako horren egokia, norberaren euskaran freskotasunez esango liratekeen hainbat esapidetarako ez baitu balio. Egia da esaterako, elkarrizketatu bati ezin diozula behartu batuan hitz egitera, baina elkarrizketatzaileari aldiz, exijitu egiten zaio neurri batean horrela mintzatzea, beti ere malgutasun batekin. Eta bestalde, fikziorako ere kasu askotan ez du balio eta beste euskalkiak sartzen joaten dira, nahiz eta era batuago batean. Errazun kasuan, bestalde, nik modu estandarra erabiltzen dut baina ñabardura batzuekin. 180°tako bira. Ez dakit ondo egiten duzun lo Erreala bigarren mailan dagoenetik... (Barre) Beno, niri astelehenik ez dit aldatzen Errealak! Egia da maiz sutan irteten naizela Anoetatik. Onartzen dut taldea bigarren mailan dagoenetik gutxiago joaten naizela, urtean 21 partidu baldin baditu 15 ikusten ditut. Aitortzen dut ligan bigarren geratu zenean asteburutarako plan ezin hobea iruditzen zitzaidala eta orain beste gauzak batzuk egiteko aprobetxatzen dut. Beraz, sufritu–sufritu ez, momentuko haserrealdiak izaten dira! Hori bai, inoiz ez diot txisturik jotzen nire taldeari, lasaia naiz. Orduan, la egiten ez duzunean zertara dedikatzen duzu denbora? Horrenbeste denbora eskaintzen diot lanari! Baina beno, lagunekin egoten saiatzen naiz, familiarekin egotea ere gustatzen zait, afaltzera joatea ahal den neurrian, bikotearekin egotea... Denbora gutxi gauza asko egiteko. Oporrak hartu beharko beraz! Azken bost urteetan ez dut oporraldirik izan! Aurten esperantza daukat abuztuan libratuko dudala, baina azken aldian astebeteko jai egunak hartu izan ditut, grabaketak direla eta... Gainera, denbora galtzea izugarri gustatzen zait eta ezin dut! Gustura nago lanarekin, baina nire bizitza beharraren inguruan organizatuta dago; egia da nik hautatu dudala, baina... Esaguzu, zer da zure lanetik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna? Bere horretan gustatzen zait lan hau. Eta agian gutxien atsegin dudana, kalera irtetea eta erakusleiho baten bezala sentitzea da. Ez dut esan nahi beti horrela nagoenik! Hala ere, jendea nigana modu onean etortzen bada, niretzako arazo ez denez, ez dit axola. Aldarte ona izaten saiatzen naiz. Pentsatu al duzu sekula zer ez zenukeen egingo telebistan? Azkenaldian ez dut telebista askorik ikusten, baina %95ean esango nizuke talk–show horietariko bat ez nukeela egingo. Elkarrizketa saio bat egiteko moduan egongo nintzateke, baina inolaz ere morboa erabiliz. Bidaia programa bat ere gustura gidatuko nuke, nahiz eta badakidan lanera joaten dela jendea eta ez turismoa egitera. Eta dantzatzea eta kantatzea eskatuko lidakeen programarik ere ez, ez baitakit ez bata ez bestea egiten eta edozein produktu izorratuko nuke! Eta nire buruari buruz ere ez nuke hitz egingo. Eta lotsarik badaukazu? Kristona! Telebistan Iban bat naiz eta kanpoan beste bat. Transformatu egiten naiz eta rol bat betetzen dut. Uste dut lan honetan gabiltzanon %60ak badaukagula lotsa. Amaitzeko, tele–zaborrari buruz, zer daukazu esateko? Ez daukat telebista ikusteko aukera handirik, baina ziur programa txar asko daudela. Nork erabakitzen du horiek pantailaratzea? Ez daukat erantzunik, baina sinesten dut kate batek erantzukizuna daukala zer aireratu eta zer ez erabakitzeko orduan. Baina egia da bestalde, audientziak neurtzeko sistemek erakusten dutela ikusi egiten direla programa “txar” horiek. Halaber, gaikako telebista dagoenetik aukerak zabaldu dira eta zer ikusi nahi duzun erabaki dezakezu: dokumentalak, pelikulak, musika.. Edota Internet zabaldu eta Euskonews Gaztea irakurri! Guk erabakitzen dugu gure denbora librea nola antolatu. Iban Garate (Azkoitia, 1982ko maiatzak 7) Xabier Munibe ikastolan ikasi zuen 14 urtera arte, eta herrian bertan aukerarik ez zegoenez, Azpeitira joan zen batxilergoko ikasketak egitera, Karmelo Etxegarai ikastolara hain zuzen. Unibertsitatean Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza egiten hasi zen, baina Ikus–entzunezko Komunikazioa ikasketetara pasatu zen Iruñera. Goenkale, Martin, Aupa Etxebeste! edota Zeru Horiek telesail eta filmetan ikusi dugu aktore lanetan. Komunikatzaile berriz, Betizu, Horrelakoa da bizitza edota Errazu programetan. Gainera, produkzio–zuzendari lanetan dihardu Flisch, Haitzen Hitza dokumentalean.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.