482 Zenbakia 2009-04-17 / 2009-04-24

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Oihane Perea. (Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna): Bigarren txapel honek nire buruarengan konfiantza eta lasaitasun handia eman dizkit

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Arabako Bertsolari Txapelketan txapela jantzi du Oihanek 2009an. Bigarren aldia da, 2007an ere etxera eraman baitzuen sari nagusia. Hasieran sinestu ezinka egon zen, poz–pozik gero. Lehenik eta behin zorionak!

Esker mila!

Bi dira orain arte jantzitako txapelak. Aitortu... ilusio bera egin al dizu azkenengoak?

Biek eman didate poz izugarria, baina bakoitzak bere erara. Une bakoitzean zentzu desberdina izaten dute lorpenek, zure barruak esanahi bat ala bestea ematen dielako. Lehenengo txapelak poz handia eman zidan, hainbat aldiz lortzeko zorian izan eta inoiz lortuko ez nuela pentsatzen hasia nengoen garaian etorri zen eta. Ume txiki bat bezala sentitu nintzen, beti desiratu izan nuen jostailua oparitu izan balidate bezala. Oparitu ez dut uste egin zidatenik, baina behar bada, barru barruan, neuri ere kosta egin zitzaidan sinistea. Bigarren honek nire buruarengan konfiantza eta lasaitasun handia eman dizkit, eta hori aurrekoa bezain gauza handia da.

Uste al zenuen aurtengoan ere Arabako Txapela etxera eramango zenuela?

Ba ate guztiak zabalik neuzkan hasieran, lasai nengoen neure buruarekin, gauzak ondo egiten ari nintzela sentitzen nuen, baina besteak ere fuerte ikusi nituen. Ez nuen ziurtzat jotzen buruz burukora pasatzea. Buruz burukoan ere gustura geratu nintzen egindako lanarekin, baina kartzelan nengoen Asierrek bakarkakoa egin zuenean, eta prest nengoen bere izena entzuteko ere. Nire izena entzun arte beste aukera guztiak asimilatzen ibili nintzen, badaezpada ere.

Zer sentitu zenuen zure izena esan zutenean?

Harridura, poza, ezin sinetsia, euforia, tximeletak sabelean... Memorian atzera eginez gero, Asier Otamendi entzun dut berarekin buruz burukoa jokatu dudan guztietan. Entzun, entzun nuen, baina mezua burmuinera iristea kosta zitzaidan. Egun pare bat.

Urte batzuk egingo ditugu atzera. Bertso–eskolan apuntatu zineko oroitzapenei buruz mintza gaitezen...

Hamabi urte izango nituen eta neuk ere ez nekien nora nindoan. Serapio Lopez nuen maisu sasoi hartan ikastolan, eta hark eraman ninduen eskutik, literalki. Txusta tabernan biltzen ziren eta ume bakarra nintzen han, koadrilako maskota. Abel Enbeita eta bere bi semeak ere han aurkitu nituen. Abelek alaba bezala adoptatu ninduela esango nuke. Nigan sinetsi eta eskura zeukan guztia egin zuen aurrera egin nezan. Gazte errebeldea bihurtu nintzenean Zigor Enbeitak arreba bertsolari bezala onartu ninduen, eta harekin eman nituen txapelketetako lehen pausoak. Famili handi bateko kiderik txikiena eta mimatuena izan nintzela uste dut.

Eta taula gainera igo zineneko aurreneko aldia gogoratzen al duzu?

Ba eskolarteko txapelketaren batean izango zen edo auzoren bateko jaietan... ez dut ondo gogoratzen. Nire kantatzeko era da gogoratzen dudana: niri fuerte kantatzeko agindu zidaten eta halaxe egiten nuen hasieran, belarri sentiberentzat fuerteegi, behar bada. Urduritasuna sentituko nuen seguruenik, baina nahiko lotsagabea eta saltsera izan naiz beti eta berehala hartu nion gustua taula gainera igotzeari.

Esperientzia daukazula ezin ukatu... Urduri jartzen al zara oraindik ere?

Saioetan gozatu egiten dut gero eta gehiago, eta orokorrean ezetz esango nuke. Hala ere, badaude saio batzuk “txapelketa” usaina daukatenak, publiko zorrotza dutenak, eta horietan apur bat estuago egoten naiz. Txapelketan urduritasun puntua izaten dut, noski, maila gero eta altuagoa da eta akats bakarrak kanpoan utzi zaitzake... Hala ere, kontrolatzen jakinez gero, estutasun puntu horrek maila hobea ematen laguntzen digula uste dut. Zenbaitetan korapilo bat izaten dugu sabelean, lehen bertsoa bota eta gero askatzen joaten da, eta gozamen bihurtzen da amaieran.

Urteen poderioz, eta poliki–poliki, emakumeen kopurua hazi egin da bertsolaritza munduan ?bai bertsolari eta baita gai–jartzaile moduan...

Gero eta emakume bertsolari gehiago dago, baina gai–jartzaile kopurua gehiago hazi da nire gusturako. Badirudi lasaiago egiten dugula saio bateko aurkezle lana, paperarekin, inprobisatzen hasi baino. Emakume gai–jartzaile asko bertsotan ibiliak dira, eta pozten naiz bertsogintza utzi arren bertso munduan jarraitzeko hautua egin dutelako. Baina jakin badakit aurrera egin duten gizon asko baino hobeak zirela bertsotan zebiltzanean. Bertso–eskoletan joera hori nabarmena da. Gakoa auto–konfiantza da, bertsolari izateko behar beharrezkoa den gauza. Zoritxarrez oraindik ere emakumeoi gehixeago kostatzen zaigu gure buruarengan sinistea.

Bertsolarien arteko desberdintasunik nabaritzen al duzu generoka banatuz gero?

Bertsolarien artean aniztasun handia dago gaur egun, eta generoa aniztasun hori aberasten duen gauzetako bat da. Emakumeon kantaera aldatzen ari da, gure estilo propioa topatzen ari gara, gure egoteko modua, adierazteko modua... Hori bertsolaritzarentzako onura handia izan da eta izango da aurrerantzean. Baina emakumeok zenbait muga eta konplexu gainditu behar ditugu oraindik ere. Plazara ateratzeko edo plazaz plaza jarraitzeko gure buruaren kontra borrokatu behar izan dugu askok, gure barruak eskatzen zigunari bizkarra eman eta aurrera egin. Eta gero askotan entzun dudan beste galdera hori: “zergatik deitu naute, emakumea naizelako edo gustuko nautelako?” Eta ze axola du? Gustuko gaituzte, desberdinak garelako, zerbait berria dugulako eskaintzeko, gauzak modu desberdinean adierazten ditugulako, umore inteligenteagoa dugulako (kar, kar), gizonezkoek bakarrik osatutako saioa soso samarra delako, eta gu bezain emakume ausart eta jatorrik ez dagoelako munduan! Esate baterako...

Arabako Txapelketako txapeldunei buruz mintza gaitezen. 1996etik gaur arte, protagonista nagusi Asier Otamendi dugu (9 aldiz irabazita)... Ikusiko al zaitugu beste horrenbestetan txapeldun?

Ez, ez... Zertarako 9 txapel? Non jarri? Ez dut uste Arabarentzat ona izango litzatekeenik, jendea aspertu egingo nuke. Edonola ere, eta esperientzia badut honetan, txapel gosez geratu direnen erantzukizuna da hori saihestea.

Bertso–eskoletan irakasle izan zara... Nola ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna? Gazteek badaukate interesik?

Gero eta gazte bertsozale gehiago dago, Printzipaleko argazkiari begiratzea aski da horretaz konturatzeko. Eta txapelketako lema bera ere ez da kasualitatea. Araban zaletasunaren sustraiak errotzen ari dira, gazteen artean leku egiten, eta aurrerantzean gure zuhaitza hazi egingo da, ziur nago. Bertso–eskoletan egin den lanaren uzta ziurra eta oparoa izango da.

Motzean:

Plaza, bertso–afari edo taberna giroa? Taberna giroa Bertsolari bat? Xabi Igoa. Kantatu aurreko maniaren bat? Ispiluarengana behin eta berriro joatea Bestelako zaletasunak? Sendabelarrak, musika eta antzerkia Oihane Perea (Gasteiz, 1977ko abenduaren 20a) Hamabi urterekin ekin zion gasteiztar honek bertsotan aritzeri; izan ere, Arabako hiriburuko bertso–eskolan eman zuen izena. Irakasle ikasketak egin ditu eta bertsolaritzako irakaslea da. Askotan izan da Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunordea; 2007. urtean jantzi zuen txapela aurrenekoz, eta 2009an errepikatu egin du esperientzia.