Euskonews Gaztea
Gaiak: Tangarta (I/II)
ARRIZABALAGA, Amaia ARRIZABALAGA, Jon AZKUE, Aitziber
Mutrikuko Institutuko ikasleak
Zazpiak dira eta kafe bat hartzeko geratu gara. Berriketan hasi eta hara non institutuko garaiak ekarri ditugun gogora. Egia esan... urte atseginak izan ziren guretzat orokorrean, nahiz eta tartean izan genituen geure buruhausteak ere; nerabezaroko hormona igoerak, pasilloetako mutil goapoak, ezkutuko zigarroak, ditxosozko irakasleak, azterketak, ikas bidaiak, dirua lortzeko denda, Euskara egunak...
Azken horrekin beste hainbat momentu gogoratu ditugu. Egun baten, Euskarako irakaslea gelara etorri eta Euskara elkartea sortzeko planteamendua luzatu zigun. Guk euskararen inguruan lan egiteko gogoa genuenez, bilerara joatea erabaki genuen. Lehenengo lana, talde guztiek bere izaera lortzeko egiten duten bezala, izena jartzea izan zen. Hainbat buelta eman eta gero, TANGARTA izenarekin geratu ginen. Bere esanahiak gure helburuekin bat egiten zuen, hau da, gure helburua euskara eskola eremutik, hau da bateletik, eguneroko kale erabilerara, itsaso zabalera pasatzea zen.
Jo!! Berriketan hasi eta hoztu egin zaigu kafea baina gogoratzen al duzu zelako jaia egiten genuen euskara egunean? Tortilla lehiaketa, jolasak “periodiko dantzan arrima–arrima einda”, bertsomatoia eta ezkontza. Egun hori ezin izango dugu ahaztu institutuko lehen ezkontza homosexuala ospatu genuen; Institutua agurtu asmoz, bi maisu ezkondu genituen.
Baina, dena ez zen izaten jolas eta jaia, gure lehenengo andereño lanak institutuan egin genituen. Izan ere, bilera batean, eztabaidatzerakoan, konturatu ginen zenbait momentutan euskarazko baliabideak falta zitzaizkigula; hitz eder eta irainak esateko orduan, adibidez. Hori dela eta, motibazio saio batzuk prestatu genituen: ideien ekaitza jolasa (euskara hitza entzun eta burura zetorkiguna arbelean idaztea), kooperazio jolasak (aulki jokoa, maritxipi, pin–pon pilota)... Urtxintxako begirale ikastaroa benetan baliagarria suertatu zitzaigun.
Hainbeste ideia aterako zirenik ez genuen pentsatuko. Zein ondo egon zen, ezta? Ohartu ginen, alde batetik, euskarak badituela piropo eta irainak esateko baliabideak. Bestetik, gehiengo euskaldun bat dagoen tokian erdaldun bakar bat sartzen bada nola erdalduntzen garen eta azkenik, Mutriku herri oso euskalduna izanagatik ere, baduela motibatu beharra. Hau da, mutrikuarren gehiengo batek erdaraz irakurtzen du, erdaraz ikusten du telebista eta erdaraz egiten ditu makina bat gauza. Beraz, denok dugula motibatu beharra ondorioztatu genuen.
Institutuan hasi ginen lehenengo andereño lanetan eta ze lanbide ikasiko genuen ba? Irakasle izan behar. Alderdi honetan ere, bada zer ikasi eta zer irakatsia eta badira ikuspegi gazi–gozo ugari. Eremu erdaldunetan lan egin dugunetan, ikasleek euskaraz ikasteko eta erabiltzeko nolako zailtasunak dituzten konturatu gara. Herri edo hiri hauetan gehiengo bat erdalduna denez, ez dute ikasteko beharrik sumatzen. Horrez gain, guraso euskaldunak dituzten haurrak normalean ikastoletan elkartzen dira eta eskola publikoetan berriz, aniztasun handia egoten da, hau da, herrialde desberdinetako jende asko batzen da. Herri txiki eta euskaldunetan, etorkin bat edo beste etorriz gero, laster ikasten du euskaraz; naturaltasun osoz gainera. Baina zer egin genezake hiri zein herrietan egoera hobetu dadin?
Hezkuntza sistemak ez du gehiegi laguntzen haurrek euskaraz ikas dezaten. Bi urtetan euskaraz ikasteko errefortzuak jasotzen dituzte, eta gero zer? Nahikoa al da bi urterekin? Esperientziak ez du hori esaten. Mutriku bezalako herri batean baliteke baietz baina, herri erdaldun batean jarraipen bat behar dute, bestela ikasitakoa galdu egiten da. Horregatik da garrantzitsua euskara elkarteen lana. Horregatik dira garrantzitsuak motibazio saioak eta horregatik dira garrantzitsuan euskararen alde egiten diren ekintza guztiak. Ez dugu ahaztu behar buru belarri lan egin behar dela eta gure herriaren altxorrik preziatuena denez, kotoi artean gozo baina ondo igurtziz zaindu egin behar dugula.
Ene !! afaltzeko ordua heldu zaigu eta gu oraindik berriketan. Beti berdin!! Goazen, bestela gaur ere afari gabe geratuko gera eta!!!