483 Zenbakia 2009-04-24 / 2009-05-01
Elikaduraren gaineko ikasketak aukeratu zenituen.
Bai. Oviedon Dietetika Teknikari ikasketak egin nituen eta 2004an eman nien amaiera. Ondoren, 2007an, Giza Elikadura eta Dietetika diplomatura eskuratu nuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta gaur egun, EHUn bertan Elikagaien Zientzia eta Teknologia zikloa amaitzen dihardut. Baina elikaduraren gaineko beste prestakuntzak ere baditut, hala nola nutrizioa, komunitate–nutrizioa...
Eta zertan egiten duzu lan?
Egia esan behar badut, egun ez nabil lanean, ikasketetan kontzentratuta bainago. Hala ere, esparru ezberdinetan egin izan dut lan, eta besteak beste, Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiek antolatutako nutrizioari buruzko hitzaldiak eskaini ditut, mediku kontsulta batetan dietetika arreta pertsonalizatu zerbitzua eskaini nuen eta hainbat geriatrikotan nutrizio ikerketak egin izan ditut.
Bestalde, EHUko Nutrizioa eta Bromatologia arloan eta Mendizorrotzako Kirol Medikuntza Zerbitzuan hainbat proiektu burutu ditut.
Bromatologia aipatu duzu. Baina, zer da?
Bromatologia elika–kate osoan zehar janariak ikertzen dituen zientzia da. Ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak ikertzen ditu, eta baita elikagaiek daukaten funtzio, osagai eta aldaketak ere. Dietetika berriz, nutrizioaren gaineko ezagutzetan oinarrituz, dietak osatzeko jarraibideak ezartzen dituen zientzia dela esango nuke.
Noski, bien arteko harreman garrantzitsua dago. Bromatologiak, Dietetikak ezarritako arauen arabera, elikagaien gainean duen ezagutzaren ekarpena egiten du dietak lantzeko.
Gaiz aldatu dezagun. Argi dago egun irudiari garrantzia handia ematen ziola.
Gaur egun norberaren irudi fisikoari gehiegizko kultua egitea exijitzen dion giro soziokulturalean bizi gara. Modak baldintzatuta dago kultu hori eta norberaren irudia arrakasta, zoriontasun eta gizarte–garrantziarekin lotzen duten publizitate mezuez mantentzen da. Eta azken ondorioa, egoera horrek jendarte gehienarengan eragiten duela izango litzateke, neurri handiago edo txikiagoan izan arren.
Gainera, elikadura arazo ugari ematen dira horrexegatik...
Gorputzaren irudiari ematen zaion garrantzia handituz joateaz gain, nerabeek eta familiartekoek osasun eta nutrizioari buruz daukaten informazioa urria edo nulua da. Egoera horrek, erraztu egiten du pertsona ezegonkor bat irudiagatik arduratu eta bere kabuz irtenbide okerrak bilatzen hastea –oso ohikoa gazteen artean. Horien artean daude besteak beste, borondatezko janari murrizketa, mirari–dietak egitea, okadak eragitea, laxanteak erabiltzea edota ariketa fisikoa modu izugarrian areagotzea.
Mekanismo guzti hauek maiz familia zein lagunarte testuinguruak indartuta egoten dira. Gainera, horrelako jokabideek ez dute normalean gorputz perfektuaren helburua betetzen, hasteko perfekzioa existitzen den eztabaidatu beharko litzatekeelako, eta bigarrenik, ez direlako bide zuzenak. Arazo psikoafektibo batzuk sortzen dira modu horretan jokatuta.
Eta zeintzuk dira janariarekin lotuta sortzen diren ohiko arazoak?
Batez ere nerabeei eragiten dieten arazoak bi taldetan bana genitzake. Alde batetik, Elikadura Portaeraren Nahastea daukagu eta horren barruan, anorexia, bulimia eta bigorexia ditugu eta gure gizartean eragin handia daukate. Faktore ezberdinek eragiten dituzten arazo psikologikoak dira eta jateko moduan anomaliak sortzen dituzte.
Beste aldean, Gehiegizko Pisua eta Obesitatea daude. Gizentasun arazo hauek oso ohikoak dira gure artean eta gazte zein helduengan ematen da, baina baita haurrengan ere. Horregatik, osasun publikoan gaur egungo arazo handienetako bat bihurtu da.
Sendatzeko bideak luzeak izaten dira gainera...
Halaxe da. Epe luzera jateko ohiturak aldatzean datza sendabideak, eta horregatik eramaten du denbora dezente. Gainera, osagai psikologikoren bat duen gaixotasunaz mintzatuz gero, diagnostikoa, tratamendua eta sendabidea are eta konplexuagoak izaten dira. Espezialisten, familien, lagunen eta nola ez, gaixoaren inplikazioa ezinbestekoak dira.
Zein izango litzateke gazte baten dieta orekatua?
Gazte baten garapen egokia emateko dietarik onena, neurri egokian elikagai guztiak dituena izango litzateke. Hala, osasun ona izango luke pertsonak eta eguneroko ekintzak modu normalean egingo lituzke.
Dieta orekatua anitza izan behar da eta ordutegi antolatu bat jarraitu behar du. Hemen dituzue hainbat aholku:
– Fruta eta barazkiak egunero jatea. – Ez jan beharrezkoa baino haragi eta hestebete gehiagorik. Arrain eta lekaleei preferentzia eman. – Snack, gozoki, opil, freskagarri, alkoholdun edariak... ahalik eta gutxien kontsumitu. – Janaria prestatzeko oliba olioa erabili. Argazkia: The Wandering Angel (http://www.flickr.com/ photos/wandering_angel/848730858/)
Lehen aipatu duzun bezala, muturreko argaltasuna eta gain–pisua txarrak dira...
Bai, eta horregatik berebizikoa da pisu egokia mantentzea osasun ona edukitzeko; norbera zainduz lortzen da bakarrik eta mirarizko dietak eta terapia arriskutsuak alde batera utzi behar dira. Ongi jatea eta kirola egitea gakoak dira, ez bakarrik pisu egokia lortu eta mantentzeko, baizik eta baita norberaren buruarekin hobeto sentitzeko ere.
Baina ezin dugu ahaztu elikadura ohiturak aldatu direla... Eta janari azkarra edo zabor–jana eguneroko ogia da!
Zoritxarrez, egia da ohiturak aldatzen ari direla. Gure aitona–amonek zituzten usadioak jarraituko bagenitu askoz hobeto joango litzateke gauza. Baina publizitateak izugarrizko eragina dauka gure ohituretan eta hori izan liteke fast–foodaren gehiegizko erabileraren arrazoietariko bat.
Kaloria, koipe eta gatz gehiegi dituzten jakiak dira eta bestaldetik, A eta C bitamina eta zuntz eskasia dute. Horrelako elikagaiak egunerokoaren parte izanez gero, zenbait propietateren falta sor daiteke eta baita gain–pisua edota arazo kardiobaskularrak eragin ere.
Jaki horien kontsumoaren maiztasuna murriztea gomendatuko nuke eta etxean eginiko janariarekin balizko desorekak konpentsatzea. Beste neurri bat litzateke, gazteei janari azkarraren barruan ahalik eta menurik orekatuenak aukeratzeko esatea; modu horretan hanburgesak ez kontsumitzea eta saltsa zein gazta ugari dituzten platerak alboratzea, hala nola, tamaina handiko pizzak eta opilak. Tamaina normala dutenak aukeratzea hobeto egongo litzateke, eta menua entsalada zein frutarekin biribiltzea.
Baina badirudi fruta eta barazkien ordez gaurko gazteek janari azkarra nahiago dutela, ezta?
Barazkiak eta frutak ez dira haur eta gazteen jakirik gustukoenak izaten, baina bitamina, mineral eta zuntzak dituzte eta horiek gure elikaduran ezinbesteko osagaiak dira. Frutak eta barazkiak eguneroko menuan egon beharko lirateke eta horren atsegingarriak suertatzen ez direnak modu ezberdin eta erakargarriz prestatzea aukera on bat da. Geroz eta kolore gehiago gure dietan, orduan eta bitamina barietate gehiago!
Mirarizko dietez hitz egin dezagun orain.
Lehen aipatu bezala, ez dira existitzen mirarizko dietak. Egia da denbora gutxian pisu asko galtzen laguntzen duten moduak egon badaudela, baina horrek ez du esan egokiak direnik! Batzuk ez dira osasunarentzako onak, besteek koipearen ordez ura kentzen dute... Eta orokorrean, mirarizko dieta horiek ez dute elikadura ohitura onak irakasten. Horrek esan nahi du, dieta mota hori uzten duen pertsonak pisua irabaziko duela berriro. Pisua galtzeko modua jaten eta zaintzen ikastea da.
Zure ustez egunero pisatzen den pertsona bat obsesionatzera hel al daiteke?
Beste gauza askorekin bezala, edozein obsesionatu daiteke pisuarekin. Nire iritziz, egunero pisatzea ez da jarrera osasungarria eta gainera ez da beharrezkoa. Pisua galtzeko tratamenduan dagoen norbait espezialistak aldizka kontrolatu behar du, baina horrek ez du esan nahi egunero pisatu behar denik.
Pisu egokia duen edo lortu nahi duen pertsona ez da pisuarekin obsesionatu behar. Egunean zenbait faktorek pisua aldatzea ekartzen dute eta horrek ez du esan nahi gizendu edo argaldu garenik; baloratu behar dena epe luzeagoko aldaketa da. Osasun ona daukanak eta bere buruarekin ongi sentitzen denak ez du egiaztatu behar baskulak zer dioen.
Elikadura orekatuarekin batera, kirola egitea garrantzitsua da.
Bizimodu sedentarioak pertsona asko eragiten ditu. Euskal Herriko Osasun Inkestaren arabera (2007), gizonezkoen %49ak eta emakumeen %57ak ez du kirolik egiten beraien denbora librean. Uste dut datu hauek dena esaten dutela...
Ariketa fisikoa osasuntsu mantentzeko klabeetariko bat da. Bakoitzaren aukeren araberako ekintzak egin beharko genituzke guztiok. Askotan ez da nahikoa pisu egokia izatea ongi sentitzeko, ariketa fisikoak gure gogo–aldartea hobetzen lagunduko du eta hori osasunarekin batera, ezinbestekoa dugu.
Alkohola eta tabakoari buruz...
Nahiz eta zuzenean elikadurarekin lotuta ez egon, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak –gazteen artean ohikoa dena– oso paper garrantzitsua betetzen du osasunean. Ahalik eta gutxien erabili behar dira biak.
Eta amaitzeko, emaiezu gomendio bat gure irakurleei.
Gazte guztiak animatu nahiko nituzke beraien elikaduran esku hartze zuzena izan dezaten. Elikagaiak aukeratzen eta prestatzen jakitea bizitza guztia irauten duen ikasketa prozesua da. Oso garrantzitsua da zaintzen ikastea! Celia S?nchez (Velez de Beaudalla, 1983) Granadan jaio, Asturiasen bizi eta azken bost urteak Euskal Herrian egin ditu gazte honek, Gasteizen hain zuzen. Oviedon Dietetika Teknikari ikasketak egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean berriz, Giza Elikadura eta Dietetika diplomatura eskuratu ondoren, gaur egun Elikagaien Zientzia eta Teknologia zikloa amaitzen ari da. Gainera, beste ikasketa osagarri batzuk burutu ditu, beti ere nutrizioarekin lotuak.