Euskonews Gaztea
Gaiak: Ludopatia
Ludopatiaren patologia ez dut aztertu eta ez dakit zehazki zer dela eta sortzen den, baina a priori badirudi pertsona bat makina txanponjale batetan dirua sartzen hasten dela probatzeko, denbora pasatzeko... Eta orduan zergatik, edo noiz bihurtzen da hori obsesio? Noiz, uste dut nabarituko dela, baina zergatik...
Obsesio asko daude munduan, eta bakoitza, muinean, arrazoi ezberdinengatik hasten delakoan nago. Seguruenik ludopatian erortzeko arrazoietako bat makina madarikatu horretan saria lortzea da. Txanpon bat sartu eta 50 bueltan jasotzea da eskuratu nahi dena, bestela ze zentzu dauka? Ez da bideojoko bat izan daitekeen bezain entretenigarria, eta helburua gastatutakoa baino gehiago ateratzea da; zer bestela? Arrazionalki pentsatuta absurdoa da, denbora eta diru galtzea, baina obsesio bat zer da absurdoa ez bada? Argazkia: Alejandra Mavroski (http://www.flickr.com/photos/ adenocorticotropina/291846192/)
Eta absurdoa irrazionala da, logikarik ez duena, arrazoi zehatz gabe egiten dena. Baina irrazionala arrazionalaren apurtzetik dator, arrazionaltasunak asetzen ez gaituenean sortzen da. Irrazionaltasuna beharrezkoa dugu, zorionez edo zoritxarrez, denak ez daukalako zentzuzko azalpenik mundu honetan, eta baldin badu oraindik ez dugu aurkitu. Baina irrazionaltasunak norberaren hutsuneak ezkutatzen ditu, edo hutsune horien arrazoi edo ondorio dira.
Denok ditugu gabeziak, inor ez da bere bizitzako segundo oro segurtasun osoz bere buruaz harro eta guztiz gustura sentitzen. Baina guztiak ez gara ludopatak eta gure hutsuneek sortzen dizkiguten irrazionaltasunak aztertzen eta gainditzen saiatzen gara. Baina horrelako gauzak egiteko, gaizki gaudenean gaizki sentitzen jakin behar dugu, eta ez ihesbiderik aurkitu hori lehenbailehen ekiditeko; sufritzen jakin behar da. Eta pentsatu egin behar dugu zergatik gertatzen diren gauzak, nolakoak garen, mundua bere osotasunean ulertzen saiatu...
Baina guzti honekin ez dut esan nahi beti arrazionalak izan behar garenik. Gure ingurukoak bere osotasun eta konplexutasunean hobeto ulertzeko zentzumenak ondo erabiliz gero, “gizakiagoak” izango gara. Eta txikitasun tontoez haserretu, tristatu edo arduratu beharrean, jendartearen oinarri eta konplexutasuna etengabe elkar eragiten dabilen sare bat bezala ikusten ahalegintzen bagara, alaiago biziko gara. Izan ere, orduan konturatuko gara inor ez dagoela besteen gainetik eta normala dela triste, haserre edota pozik egotea momentu zein egoera ezberdinetan. Guztiok gara miserable eta aberats, ying eta yang, jainko eta deabru, on eta txar...
Ahalegindu gaitezen hori ulertzen, eta garrantzitsuena, behingoz onartzen. Ez dezagun izan gure buru edo ekintzez hausnartzeko beldurrik. Erortzen bagara jaikiko gara, eta gainera inoiz baino indartsuago. Gure hutsuneak obsesio absurdo eta kaltegarriez betetzen ahalegindu beharrean, muinera jo eta konpon eta mima dezagun gure barrua.
Beti ezin da hau egin, eta beti ez da ongi irtengo, baina ahaleginak merezi izango du, mundu honetan konplexuena dirudiena sinpleena delako eta sinpleena konplexuena. Baina hau betiko lez, nire iritzia besterik ez da, momentu eta leku konkretu honetan egin dudan hausnarketa ...