Euskonews Gaztea
Gaiak: Senperen ikusiko zaitut
Gurasoek eraman ninduten lehen aldiz Herri Urratsera eta gustura eman nituen, bai horixe, elkarrekin egin genituen kilometroak. Nik ez nuen ideiarik ere non zegoen Senpere; Iparralde ezagutzen nuen, hori bai, Donibane Lohitzune eta Baiona hiriak, batez ere. Argazkia: Gwennypics (http://www.flickr.com/ photos/gwennypics/169517349/)
Senperera heltzean antzeman nuen halako giro nahasia. Ni ez nintzen artean gai, euskalkien arteko desberdintasunak bereizteko. Ozta–ozta antzeman nezakeen nire herriko euskara besteetatik, eta han entzun nitzakeen bertsioak niretzat puzzle handia zen. Egia esateko, dena den, ez ninduen nahasi hark gehiegi arduratu. Hobe adierazita, ez nintzen bat ere kezkatu, jai giroak beste bide batzuetatik eraman baininduen, nire adinari zegokion bezalaxe. Eta musika, antzerkia, janari saltokiak eta abarrek erakarri ninduten gehiago, euskarak berak adieraz zezakeen korapiloak baino.
Harrez gero hamaika aldiz itzuli naiz Senperera eta jaiari buruzko nire pertzepzioa aldatzen joan da urteekin. Oso sentimendu desberdinak igarri ditut nire gogoan, Senpereko zirkuitura iristean. Hala ere, zentzu positiboan esan nahi dut, diferentziak ez dira niretzat arazo bat gertatu, alderantziz baizik. Diferentzien bitartez lotu ahal izan dut nire izaera, bertara azaldutako beste gainerakoenarekin. Hori adierazteko zaila dela dakidan arren, diferentziak berdintasuna erakutsi dit, ezerk baino argiago.
Euskalkien arteko desberdintasunak aberastasunaren seinalea gogorarazi dit beti, eta horrela nahi nuke aurrerantzean ere. Izan ere, hitz egiten ari naiz “euskalkietaz” eta horrek esan nahi du euskarak, bere aldaeren bidez, proiekziorako eta elkar ulermenerako zubiak luzatzen dituela, euskal senetik. Gaztelerak eta frantsesak, euskararekin nahasiz, ezinaren ispilua adieraziko lukete ahalegin horretan... nahasi ezinak ditugu eta.
Nire ustez, euskararen osasunak euskalkiekiko gure jarrera aktiboak markatzen du, neurri handi batean. Pentsatu behar dugu euskara dugula interkomunikaziorako ezinbesteko oinarria eta horren gainean denetariko aldaerak posibleak direla, euskaldun gisa arituz gero.
Aurten ere Senperen, barre egingo dut Altzürükü–ko gazteekin, kantuz arituko naiz Bermeoko kuadrillarekin eta euskararen osasunarengatik topa egingo dut Agurain, Tutera, Tolosa, Barkoxe eta Azkarateko adiskideekin. Badakizu: hantxe egongo gara eta zuretzat ere badugu tokitxo bat.